Antzerkia

'Fadoak entzuten zituen gizona'-k irabazi du XXI. Donostia antzerki saria

Xake Produkzioak konpainiaren antzezlanak maskulinitatea lantzeko duen «modu originala» txalotu du epaimahaiak. Martxoaren 27an egingo dute saria banatzeko ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian, eta bertan taularatuko dute berriz obra.

'Fadoak etzuten zituen gizona' antzezlaneko une bat. GUY LABADENS
itziar ugarte irizar
2021eko martxoaren 9a
11:29
Entzun

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak hogeita batgarren urtez banatu dute aurten Donostia antzerki saria, eta Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanarentzat izan da. Xake Produkzioak konpainiaren hirugarren obra da, Kepa Errastiren ideia batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzia, Getari Etxegaraik zuzendua eta Iñigo Aranbarrik, Ane Gabarainek eta Errastik berak antzeztua. Epaimahaiaren arabera, hura da Donostian iazko urtean "helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena». 12.000 euro eta Juan Luis Goenagaren margolan bat jasoko ditu konpainiak sari gisara; martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten ekitaldian.

Gaur goizean eman dute erabakiaren berri antolatzaileek, eta pozik agertu da lantalde saritua Viktoria Eugenian egindako prentsa agerraldian. Kepa Errastik gogoratu du duela hiru urte Mami Lebrun obrarekin irabazi zutela aurrenekoz Donostia antzerki saria, eta horri esker ekoitzi ahal izan dutela Fadoak entzuten zituen gizona. Antzezlanean umoreak duen pisuari ere jarri dio azpimarra aktoreak, hari esker zenbait eduki eta mezu publikoarengana «errazago» heltzen direla sinetsita.

Puntu bera goraipatu du Etxegarai zuzendariak ere: «Egia da ni askoz erosoago sentitzen naizela umorean draman baino. Baina benetan uste dut mezu oso indartsu eta sakonak bota daitezkeela umoretik, eta horregatik ere funtzionatu du obra honek». Eta denek egin dute baietz buruarekin, hori izan dela azken urtean antzezlanak izan duen harrera onaren gakoetako bat. Errasti: «Jendea barre egiten ikusi ez, algara egiten entzun dugu. Eta hori agertokitik igartzea zoragarria da, are gehiago egun gauden egoera honetan».

«Balio berezia kontakizunari»

Zortzi kidek osatu dute aurtengo epaimahaia: Belen Cruz (Euskal Aktoreen Batasuna), Sara Iriondo (EHAZE), Frank Suarez (Euskal Kultur Erakundea), Arantxa Moñux (AISGE), Arantzazu Fernandez (antzerki kritikaria), Kepa Ugartemendia (antzerkizalea), Asier Basurto (publikoaren ordezkaria) eta Iruña Etxeberriak (publikoaren ordezkaria). Maskulinitatearen auzia era «originalean» landu izana goraipatu dute, «eredu desberdinak erabili» eta fadoa baliatu izana, «ohiz emakumearekin lotzen den kantu mota». Hala defendatu dute erabakia idatziz: «Epaimahaiak balio berezia eman dio kontakizunari, izan ere, originaltasun handiz garatzen da ohikoa ez den pertsonaia bat argumentutik kanpo sartuz; taula gainean oso emaitza erakargarri eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanez».

Ane Gabarainek gorpuzten du argumentutik kanpoko pertsonaia polifazetiko hori, Maskurena. Beste biak dira, ordea, kontakizunaren erdigunean daudenak: Ander (Errasti) eta Mario (Aranbarri). Nolabaiteko road movie batean agertuko dira, Burgostik (Espainia) hasita. Mario kamioilariak auto-stopean dagoen Ander hartuko du, Huelvako Ayamonte herriko (Espainia) fado lehiaketa batera doana gitarra hartuta. Segidan ohartuko dira, urteak elkarren berri izan gabe igaro dituzten arren, eskola garaian elkarrekin aritu zirela.

Testua ere nabarmendu dute epaimahaiko kideek, «mamitsua, sakona, eta, aldi berean, umoretsua» delakoan. Hizkuntzari dagokionez, antzerki lengoaia egokia eta euskararen maila altua goratu dituzte, eta aktoreen lanari eta eszenografiari ere egin diote aipamena. «Agertokia betetzea lortzen da elementu eta kolore bakarra baina esanguratsua erabilita», adierazi dute.

Obren eta ikusleen hazkundea

Jon Insausti Donostia Kultura zinegotziak, bestalde, iazko urtean antzerkiak hirian bildu zituen zaleen kopurua nabarmendu du, eta Donostia antzerki sariak azken hogeita bat urteetan egin duen ibilbidea ere ekarri du gogora. Insaustirentzat, Donostia Kulturak eta Donostiako Euskara Zerbitzuak orduan hasitako hitzarmena «apustu eraginkorra» izan da euskarazko antzerkiaren presentzia nabarmentzeko hirian. Datuek hala erakusten dutela aipatu du; eta hiru urtetakoak aletu ditu: 2000an, saria abiatu zenean, zazpi antzezlanen hamahiru emanaldi izan ziren euskaraz Donostian, eta 2.456 ikusleak; 2010ean, sei izan ziren obrak, hamazazpi emanaldiak eta 4.439 ikusleak; iaz, berriz, hemezortzi izan ziren Donostian euskaraz programatutako helduentzako antzezlanak, 44 emanaldiak eta 9.751 horietara hurbildutako ikusleak.

Pandemia tarteko, azken urtea arte eszenikoentzat «zaila» izan dela ere oroitu du zinegotziak, eta aurtengo Donostia antzerki saria sektore guztiarentzat «aitortza» izatea nahi lukeela erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.