Kinielazaleek ez dute erraza aurten Oscar sarietan nor gailenduko den asmatzen. Hiru filmek lortu dute hautagaitza gehien: 11 bildu ditu Dan Kwanen eta Daniel Scheinerten Everything Everywhere All at Once filmak, eta bederatzina, berriz, Edward Bergerren Im Westen nichts Neues eta Martin McDonaghen The Banshees of Inisherin lanek. Bihar iluntzean argituko dira zalantza guztiak —goizaldean Euskal Herrian—, ohi bezala Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian egingo duten ekitaldian.
Hiru horiez gainera, hauek dira film onenaren saria eskuratu dezaketen lanak: Avatar: The Way of Water (James Cameron), Elvis (Baz Luhrmann), The Fabelmans (Steven Spielberg), Tár (Todd Field), Top Gun: Maverick (Joseph Kosinski), Triangle of Sadness (Ruben Ostlund) eta Women Talking (Sarah Polley). Guztien artean, baina, The Fabelmans eta The Banshees of Inisherin lanak nabarmendu dituzte; izan ere, bi film horiek gailendu dira Urrezko Globoetan. Pelikula dramatiko onenaren saria irabazi du batak, eta komedia onenarena besteak.
Horrez gainera, zuzendaririk onenaren sarirako izendatu dituzten bost zinemagileak filmik onenaren kategoriako hautagaiak ere badira. Martin McDonagh, Dan Kwan eta Daniel Scheinert, Steven Spielberg, Todd Field eta Ruben Ostlund, hain zuzen. Hemen ere, Spielbergen izena aipatu dute askok.
Hainbat kategoria
Interpretazio sariei dagokienez, Cate Blanchett (Tár) eta Michelle Yeoh (Everything Everywhere All at Once) dira faborito emakumezko aktorerik onenaren kategorian. Gizonezkoenean, berriz, Brendan Fraserrek (The Whale) eta Austin Butlerrek (Elvis) egindako interpretazioak nabarmendu dituzte.
Biharko ekitaldian, beste hainbat kategoriatako garaikurrak ere banatuko dituzte. Tartean, jatorrizko gidoirik onenaren saria, muntaketarik onenarena eta nazioarteko filmik onenarena.
Faborito argirik gabe egingo dituzte aurtengo Oscar sariak
Bihar goizaldean banatuko dituzte Oscar sariak, Los Angelesen. Kwan eta Scheinertek, Bergerrek eta McDonaghek dute hautagaitza gehien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu