Ezustekoaren magia

'Gauerdian' obra antzeztuko dute Itziar Atienzak eta Iker Galartzak, bihar eta etzi, Donostiako Antzoki ZaharreanNora ezean dabiltza protagonistak, eta euren bizimoduei beste aukera bat emango diete

Iker Galartza eta Itziar Atienza aktoreak, obraren une batean. M. DIAZ DE RADA.
Igor Susaeta.
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Hainbat egin beharreko» bete dituen emakumea da Helena, Itziar Atienza aktorearentzat. «Oso argi dauka zer izan behar duen emakume batek: bere etorkizunaren jabea, independentea... Nahiko aurrerakoia da». Baditu bere kontraesanak, ordea. Amorante bat dauka, esaterako, ezkonduta dagoena. Halere, «eskasa» da harreman hori. Afaltzeko geratuta daude, baina azken unean amoranteak bertan behera utziko du hitzordua SMS baten bidez. Eta han, Helena zain dagoen toki berean dago Bob, «legez kanpoko enkarguak egiten dituen kakagixona», hura ere norbaiti itxaroren; bere ugazabari hain zuzen. Helenak ardo botila bat dauka partekatzeko, eta Bobekin hustuko du, elkarrekin oheratu baino lehen. Horrela abiatzen da Gauerdian antzezlana. Ezustekoen magia «hainbat eszenatan» goraipatzen duen obra; 35-40 urteren bueltan iparra galduta dabiltzan bi pertsonari beste aukera bat ematen dien lana.

Horrela abiatzen da obra, eta Atienza eta Iker Galartza dira aktoreak. Tanttakak ekoitzi du, Herrialde Katalanetako Tantarantana Teatre eta Albena Productions-ekin elkarlanean. David Greig eta Gordo McIntyre eskoziarrek ondutako Midsummer (A Play With Songs) lana euskaratzeaz Aitziber Garmendia arduratu da, eta Roberto Romeik zuzendu du. Joan den ostiralean estreinatu zuten euskarazko bertsioa, Tolosan, eta bihar eta etzi Donostiako Antzoki Zaharrean emango dute (20:00). Katalanezko eta gaztelerazko bertsioak ere baditu.

«Happy end bat» daukan komedia erromantikoa da Gauerdian Atienzaren ustez. «Istorioa arrunta da berez, baina ironia ukitu batek, ingelesen ironia horrek janzten du ia egoera oro, eta horrek interesgarri bihurtzen du». Pertsonaiek beren buruari begiratzen diote «patetismoaren» betaurrekoak jarrita, eta zera ondorioztatzen dute: «ze gizarajoak ginen».

Gizarajoak, adin batera helduta nora ezean dabiltzala sentitzen dutelako. «Helenak bere buruari galdetzen dio ea bizi izan duena baino gehiago ez ote duen biziko». Eta hori da antzezlanak planteatu nahi duen galderetako bat: «Hau al da guztia? Horrelakoa izango al da nire bizimodua?». Krisi existentzial batean daude biak. Dena den, horri aurre egiten saiatu beharrean, aurrerantz ihes egiten dute. Iruditzen zaio Atienzari horrelako egoera batean jende asko dagoela. «Orain arte gizarteak ematen zituen aukerak rol batera egokitzeko». Jendeak «bide orri bat» bazeukan. «Areagotu da indibidualismoa, eta bakoitzak erabakitzen du zer nahi duen berarentzat». Hortaz, jendea «galduago» dago, nora egokitu ez dakielako. «Bakoitzak bere bidea hartzen duenean, askatasunak aukera asko ematen ditu, baina galduta sentitzeko aukerak ere areagotzen dira».

Bakoitzak bere bidea hartuko du lehen enkontruaren ondoren, harik eta San Joan gauean berriro elkar topo egingo duten arte. «Hemen gau magikoa izaten da. Gauza txar guztiak erretzeko ohitura izaten dugu. Ez dakit Eskozian...». Halere, lanak badu lotura bat William Shakespeareren A Midsummer Night's Dream obrarekin. «Hortik datoz elementu magikoak». Euria, esaterako. Oso presente dago Gauerdian, eta obra osoan aditzen da haren zarata hondoan. Bigarren enkontrua bera ere bada magikoa. Horiek goratzen ditu antzezlanak. «Bi pertsona ari dira sekulako esfortzua egiten aurrera egiteko, eta kasualitatez topo egiten dute haiek bezala dagoen beste batekin. Eta gustura daude biak, esfortzurik egin gabe, gainera».

Atienzak ere berea saiatu behar izan du pertsonaiari forma emateko, eta «erronka handia» izan da. Orain urtebete, Fernando Bernuesek testua pasatu zionean, konturatu zen «altxor bat» zeukala esku artean. Hasieratik gozatu du, baina desafio bat izan da: «Kantatu egin behar delako, gitarra jotzen ikasi behar izan dugulako bai nik baita Ikerrek ere, eta testua bera ere...». Atienzaren iritziz, testu horrek irudimen ariketa bat eskatuko dio ikusleari.«Ez da kontaketa tradizional bat, lineala... Istorioa publikoari kontatzen zaio».

Inoiz ikusi du jatorrizko obra bideoren batean —italierara ere itzuli dute—, baina Atienzak ez die irudiei askorik erreparatzen. «Nahiago dut nire senari jarraitu, eta nire baliabideekin, pixkanaka, pertsonaia eraiki». Ezustekoaren magiari jarraituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.