«Ez du ematen hau Basterretxea denik». Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendari eta komisarioak behin baino gehiagotan entzun ditu antzeko esaldiak egunotan. Artistaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakian, Nestor Basterretxearen 80 kartel, ilustrazio eta marrazki biltzen dituen erakusketa zabaldu zuten aurreko astean, eta joan-etorri bizia izango du Durangoko Azokak iraun bitartean. Artistari buruz dagoen irudia zabaltzea da erronka, Arrizabalagak azaldu duenez. «Beti pentsatzen dugu Basterretxea eskultorea, arkitektoa, abstraktua eta geometrikoa izan zela. Erakusketa honek erakusten du hori izan zela, baina baita hori baino askoz gehiago ere. Figuratiboa ere badela ikusten da, adibidez, edo umorearekin ere jolasten dela. Beretzako egiten zituen lanak dira horietako asko, inoiz ikusi ez direnak, eta orain aukera daukagu Basterretxea ezezagun hori ere ezagutzeko». Nestor Basterretxea. Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea deitu dute erakusketa, eta otsailera arte egongo da zabalik.
Artistak egindako kartelekin hasten da ibilbidea museoko sarreran. Ama Lur filmerako sortutako afixa ikonikoa ikus daiteke bertan, esaterako. 1978ko Irungo Euskal Jaiak iragartzeko zein bertso saioak iragartzeko sortutako kartelak ere ikus daitezke. Bai eta artistak pixel koloretsuak baliatuz 2012an Durangoko 47. Durangoko Azokarako sortutako kartela ere. Kasuan-kasuan, aldatu egiten du artistak irudi bat edo bestea sortzeko erabilitako teknika, gainera. Collageak dira karteletako batzuk, baina badira marrazkiak eta argazkiak ere.
Bigarren solairuan jarraitzen du erakusketak, eta ilustrazioak eta diseinu lanak daude. Hori da Arrizabalagak aipatutako Basterretxea ezezaguna. Boxeolari garaile baten karikatura. Jon Garmendia idazleak Txertoa argitaletxearekin kaleratutako liburuentzako azalak. Robert Capa argazkilariaren fotorik ezagunenaren azterketa geometriko moduko bat. Erretratu figuratibo gutxi batzuk. Emakume maskaradun baten marrazkia, esku batean aizkora bat eta bestean buru ebaki bat daramatzala. Eta horiekin batera, ia herrikoi bilakatu diren Bai Euskarari, Eusko Label eta Eusko Ikaskuntzako logotipoak ere.
Egunkariaren itxiera
Ibilbide zabala hartzen du erakusketak, osotara. 1940ko hamarkadakoak dira ikusgai jarritako lanik zaharrenak, eta 2010eko hamarkadakoak berrienak. Tartean, bada 2003an Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera salatzeko sortutako marrazki bat ere. Basterretxea ere inarrosi baitzuen bidegabekeria haren albisteak, eta, horregatik, ilunpe beltz batek bilduta irudikatu zuen Egunkaria-ren logotipoa.
Basterretxearen familiak eta Gerediaga elkarteak bultzatu dute erakusketa, eta Katrin Alberdi Eguesek egindako lana izan dute horretarako oinarri nagusietako bat. EHUko Pintura saileko irakaslea da egun Alberdi, eta Basterretxearen diseinu eta ilustrazio lanak katalogatzen eta zaharberritzen egin zuen doktore tesia. Arrizabalagak onartu duenez, horrek nabarmen erraztu du dena. Argitalpen bat ere kaleratu du museoak erakusketako lanekin eta haiei buruzko azalpenekin, eta Alberdik idatzi ditu horko testuak ere.
Bilboko Arte Ederren Museoak, aurrez ere, erakusketa zabala eskaini zien Basterretxearen kartelei 2012an, eta artistaren diseinu zein arkitektura lanak aztertzen dituen erakusketa bat ere zabaldu dute aurtengo udaberrian. Altzarigintzan egindako lanak eta artistak sortutako arkitektura proiektuak ziren bilduma haren ardatz nagusia, baina, orain artean, sekula ikusi gabeak dira Durangon ikusgai dauden logotipo zein ilustrazioetako asko.
Omenaldia, larunbatean
Hain zuzen, lan horiekin erakusketa propio bat osatzeko modua egon zitekeela iradoki zuen Ismael Manterola BERRIAko artikulugileak apirilean idatzitako Basterretxea eta diseinua artikuluan. «Nik uste dut artista oso gustura moldatzen zela bi dimentsioko esparruan, bai artelanak egiten zituenean (pintura, grabatua, collagea edo erliebea), bai diseinu grafikoko lanetan (kartelak, pegatinak eta abar). Baliteke gaiari buruzko erakusketa monografiko baterako nahiko material egotea; beraz, zain egongo gara ea Basterretxea urteak diseinu grafikoko proiektu horiek ezagutzeko aukera ematen digun». Eta, beraz, orain heldu da aukera.
Duela hiru urte hasi zuten lankidetza Durangoko Azokak eta museoak, eta Arrizabalaga pozik dago orain artean lortutako emaitzarekin. «Asko eskertzen dugu eraikin hau ere dinamika oso horren barruan kokatu ahal izatea».
Azokan bertan, omenaldi berezia egingo dio Gerediaga elkarteak Basterretxeari. Larunbatean izango da ekitaldia, 10:30ean, Landako guneko Areto Nagusian. Eta azokaren ostean, museoak artistari buruzko hainbat tailer eta hitzaldi antolatu dituzte.
Nestor Basterretxeak nagusiki bere kasa egindako lanak biltzen ditu Durangoko Arte eta Historia Museoko erakusketak, baina hainbat urtez lan komertzialak ere egin zituen artistak. Amerikan zela, esaterako, Nestle etxearentzat aritu zen langile, eta umore garratz puntu batekin gogoratu zion fase horren amaiera Ilargi Agirre kazetariari, BERRIA egunkariari 2012an emandako elkarrizketan. «Nik, berez, arkitektoa izan nahi nuen», azaldu zuen artistak, «unibertsitatera joateko adina nuenean, Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Handik Argentinara alde egin genuen. Nestle txokolatinen enpresako propagandaren diseinatzaile gisa hasi nintzen, Buenos Airesen. Hasi eta lau urtera, bota egin ninduten. Ezer abisatu gabe omenaldi bat egiteko afari batera gonbidatu ondoren. Zopa jaten ari nintzela, langilea nintzen, eta azkenburukorako, ez. Esan zidaten Nestleren historian berandu egun gehien iritsitako langilea nintzela. Eta suitzarrek erlojua asmatu zutela, eta onartezina zela».ZOPA JAN BITARTEAN LANGILE, AZKENBURUKOAN LANGILE OHIA