Ezustearen metodologia

Haurren koloreztatzeko liburuetan oinarrituta sorturiko margoak jarri ditu ikusgai Iruñean Azucena Vieitesek

Azucena Vieites artista hernaniarra, Iruñeko bere erakusketako lan batzuekin. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Sorpresaren metodologiaren bila dabil Azucena Vieites artista (Hernani, 1967). Denbora darama horretan. Marrazketa da, dioenez, mundua ulertzeko duen modua. Hori da haren ibilbide artistikoaren konstantea, eta marrazketan dabil orain ere ezustekoa sortzeko gaitasunaren bila. Haurrengan jarri du begia azkenaldian, eta bere marrazkiak eman dizkie beren gisa margo ditzaten. «Helburua ez da nik haiei ezer irakastea, haiengandik ikastea baizik», azaldu du Vieitesek. Hiru dira, izan ere, umeen bertuteak artistaren hitzetan: sorpresarako gaitasuna, konbentziorik eza eta lengoaia bat sortzeko borondatea. Haurrekin izandako hartu- eman horien emaitzak eta beste lan batzuk ere bildu ditu orain Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian. Colouring book (margotzeko liburua) deitu du erakusketa, eta azaroaren 12ra arte egongo da zabalik.

«Tarteko kapitulu bat» da erakusketa, dioenez. Lehenagotik hasitako eta oraindik bukatu ez den prozesu baten une bat. 2010eko otsailean hasi zen dena, Valparaison (Txile). Instalazio bat antolatu zuen han Vieitesek bere margolanekin. Hiru eta sei urte arteko haurren parte hartzea eskatzen zuen erakusketa hark. Artistaren marrazkiak hartu, eta margotu egin behar zituzten haurrek, gero beren moldaketak aretoan zintzilikatzeko.

Eten egin behar izan zuten esperimentua, ordea. Zortziehundik gora hildako eragin zituen lurrikarak tailerrik egin ahal izan baino lehen Txiletik alde egitera behartu zuen Vieites. Baina ez zen erabateko etena izan. «Han ziren arduradunek gerora bidali dizkidate tailer haietako emaitzak, baina nik ezin izan nuen han egon, eta haurrek margotzeko duten modua aztertzeko interes handia nuen». Ezin etsi, beraz.

Berriz egin zuen saioa. Gasteizko Montehermoso kulturunean antolatu zituen tailerrak bigarrenez, udaberrian. «Saio haietan ez nien umeei inolako jarraibiderik jartzen. Ez nien esaten marrazkiaren marren barruan margotu behar zutenik, baina ezta marrez kanpo margotu zezaketenik ere. Marren barruan margotzekoa bada konbentzio bat, noski, baina baita marretatik kanpora margotzeko aukera eskaintzea ere. Haien mekanismoak aztertzea zen nire interesa, eta ez nuen esku hartu nahi». Artelekuren Zehar publikaziorako liburuxka bat osatu zuen proba haien emaitzekin, eta lan horren emaitzak dira Iruñera eraman duen erakusketaren zati bat.

Giza irudiak ikus daitezke haietariko batzuetan, baina bada batetik bostera arteko zenbakiak ageri dituen orririk ere. Errepikatu egiten dira marrazkietariko batzuk,baina margoak ezberdintzen ditu. Koloreak hautatu eta antolatu dituen haurraren eskuak, alegia. Egilearen izenik ez dute Vieitesek erakusketarako hautatu dituen lanek, baina, dioenez, umerik gehien-gehienek idazten zituzten beren izena margotutako orrietan. Hizki handi-handitan. «Formalki oso emaitza harrigarriak eskaintzen dituzte margolanek». Eta hori lortu nahi zuen: ezustekoa.

Umeena, baina, lanaren zati bat baino ez da. Fanzineak ere badira erakusketaren parte. «Fanzineen teknikak eta haurtzaroko sorpresarako gaitasun hori batzen saiatu naiz. Punkaren autoediziorako joera hori, berehalakotasuna eta behin-behinekotasuna». Hori da Moises Perez de Albeniz galerian ikus daitekeena. «Marrazki asko, adibidez, koloretako paperetan inprimatu ditut, kolore inpresio bat lortzeko. Fanzineek asko erabiltzen duten teknika bat da hori, eta era periferiko batean txertatzen da hala kolorea marrazkian». Eta berdin gertatzen da haurrek margotutako Vieitesen marrazkien kasuan ere. Periferian dute kolorea: orria zintzilikatzeko erabiltzen duen zinta urdinean, hain zuzen ere. «Zeloa ez da artelanari eusten dion zerbait bakarrik, bada eraikitako irudiaren parte bat ere. Kolorea gehitzen dio, azken zertzelada bat balitz bezala».

Haurrekin egindako lanez gainera, hiekin egindako tailerretan ikasitakoa eta fanzineen teknikak hartuta osatu dituen lan berriagoak ere badaude erakusketan. Santanderren (Espainia) erakutsi zituen haietariko batzuk uztailean, eta inon agertu gabeak dira beste batzuk. Serigrafia batzuk dira. Zuri-beltzean batzuk, eta orri urdinean egindakoa beste bat. «Zuri-beltzak badu konbentziotik zerbait, eta, horregatik, umeekin egindako margotze saioak ematen dit horrekin apurtzeko bidea». Urtarrilean Leongo (Espainia) Musac zentroan duen bakarkako erakusketara eramango ditu azken lan horiek.

Marraztuz pentsatzea

Irudikapena da Vieitesen lanaren kezka nagusietariko bat. Irudia nola eraikitzen den ulertzea. Eta horretarako tresna da marrazketa beretzat. Inguruan duen paisaia marrazten du, dioenez, eta telebistak, aldizkariek, publizitateak, fanzineek eta bestelakoek osatzen dute paisaia hori. Haurrei horixe eman die margotzeko: egungo errealitatea, iruditan. «Hala egiten dut nik lan. Inguratzen nauen horretatik hartzen ditut marrazteko gaiak. Pentsaera mota bat da marrazketa, irudiak nola eraikitzen diren ulertzeko lagungarri dena».

Erakusketan ez den irudi bat du, adibidez, gogoan. «Orrazkeragatik eta estilismoagatik asko gustatzen zitzaidan modelo baten irudia marrazten hasi nintzen. Oso eskultorikoa zen, eta oso punka. Marrazten hasi nintzenean ulertu nituen irudi haren atzean zeuden konbentzioak. Oso konbentzio indartsuak ziren. Irudia ikustean ez nintzen ohartu, baina marrazten hasita, oso nabarmena zen ezpainen neurria proportzioz kanpokoa zela. Halakoak pentsatzen laguntzen dit marrazketak». Hori da sorpresarekin topo egiteko bere metodoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.