Oscar sariak

Ezustean, 'CODA' gailendu da

Sian Hederren lanak irabazi du 94. Oscar sarietako filmik onenaren garaikurra. 'The Power of the Dog' pelikulagatik, Jane Campionek lortu du zuzendaririk onenaren saria. 'Dune' sei sariren jabe egin da

Ezustean, 'CODA' gailendu da.
Ainhoa Sarasola.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ez zegoen faborito nagusien artean. Hamabi izendapenekin, Jane Campionen The Power of the Dog zen 94. Oscar sarietan lanik onenaren garaikurra irabazteko hautagai nagusia. Azken asteetan, baina, Sian Hederren CODA sarriago aipatzen hasi zen han-hemenka, Aktoreen Sindikatuaren sarietan gailendu ostean. Halere, ezustekoa izan da askorentzat CODA-k filmik onenaren saria eraman izana. Hiru izendapenekin iritsi zen lana Los Angelesko Dolby antzokian (AEB) herenegun iluntzean egindako sari banaketa ekitaldira, eta hiruren jabe egin zen azkenean. Campionek, berriz, zuzendaririk onenaren aitortza eskuratu zuen. Denis Villeneuveren Dune izan zen gaueko hirugarren saritu nagusia, sei garaikur eskuratuta. Askok, ordea, gizonezko aktorerik onenaren saria irabazi zuen Will Smithek aurkezle bati emandako muturrekoagatik gogoratuko dituzte aurtengo Oscar sariak.

Hollywoodeko Akademiak hamar lan izendatu zituen filmik onenaren kategorian lehiatzeko, azken hamar urteotako hautagaitza kopururik handiena. Sundance jaialdiko sari nagusia irabazi ondotik heldu zitzaion izendapena CODA-ri, zeinak guraso gorrak dituen eta musika ikasi nahi duen gazte baten bizipenak kontatzen dituen —heldu gorren seme-alaba-ren ingelesezko akronimoa da titulua—. La Famille Bélier (2014) film frantsesaren remake bat da, eta Sundancen irabazi ostean Apple TV+ plataformak erosi zituen banaketa eskubideak. Bada, istorio hori gailendu zitzaien azkenean Campionen The Power of the Dog-i, Villeneuveren Dune-ri, Paul Thomas Andersonen Licorice Pizza-ri, Kenneth Branaghen Belfast-i, Guillermo del Tororen Nightmare Alley-ri, Reinaldo Marcus Greenen King Richard-i, Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car-i, Adam McKayren Don't Look Up-i eta Steven Spielbergen West Side Story-ri.

Izendatuta zegoen beste bi kategorietako garaikurrak ere lortuzituen filmak. Gidoi egokiturik onenaren saria irabazi zuen Hederrek, eta taldeko gizonezko antzezlerik onenarena, berriz, Troy Kotsurrek, eta Oscar sari bat eskuratu duen bigarren aktore gorra bilakatu —Marlee Matlin izan zen lehena—. «Akademiari eskerrak eman nahi dizkiogu familiari eta maitasunari buruzko film bat saritzeagatik», adierazi zuen filmeko lantaldeak saria jasotzean. Eskuak altxatuz eta airean astinduz egin zieten txalo antzokian bildutako ehunka lagunek.

Sortutako espektatibak ez ziren guztiz bete The Power of the Dogwesternaren kasuan; faborito nagusitzat joa izaki, hamabi kategoriatan zen hautagai, eta bakarrean gailendu zen azkenean. Baina sari nagusietako bat lortu zuen hala ere, eta, horrela, Oscar sarien historian zuzendaririk onenaren garaikurra eskuratu duen hirugarren emakumezko zinemagilea bihurtu da Campion —bost izendatuen artean andrazko bakarra zen aurten—. Aurrez, sarien 94 urteko historian, Kathryn Bigelowk (Hurt Locker, 2010) eta Chloe Zhaok (Nomadland, 2021) soilik zuten irabazia aitortza hori.

Netflixek ere bazuen film horrek pelikularik onenaren saria irabazteko itxaropena. Aurrez ere filmik onenaren sarirako izendatuen artean izan dira hark ekoitzitako film batzuk, Roma, The Irishman eta Mank tartean, baina horiek ez zuten aitortza hori lortzerik izan, eta Campionen lanean zituen jarriak espektatibak oraingoan. Alde horretatik, aurten ere ez du bere asmoa bete.

Gaueko beste irabazle nagusia Dune izan zen; hamar izendapen zituen, eta sei sari eskuratu zituen Villeneuveren lanak, teknikotzat jotzen diren kategorietan guztiak ere, hala nola argazkilaritzarik onenarena (Greig Fraser) eta ikusizko efekturik onenena.

Jatorrizko gidoirik onenaren saria Kenneth Branaghentzat izan zen, zuri-beltzezko Belfast filmeko istorioagatik. Animaziozko lanik onenaren kategorian, Encanto gailendu zen (Jared Bush, Byron Howard eta Charise Castro Smith), eta Nazioarteko filmik onenarenean Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car.

Trufa eta muturrekoa

Ekitaldiko ezustekorik handiena, baita ilunena ere, Will Smith aktoreak eman zuen. Aurkezle lanetan ari zen Chris Rock umoristak txiste bat egin zuen Jada Pinkett Smithen itxura fisikoaz, eta haren senar Will Smith eserlekutik altxatu zen, aurkezlearengana joan, eta muturreko bat eman zion. Publikoak artean ez zekien eszena hura txantxaren parte ote zen, baina bere eserlekutik Smithek egindako oihuek argi utzi zuten ezetz. Ondoren, King Richard filmean egindako interpretazioagatik aktorerik onenaren saria jasotzera igo zenean, barkamena eskatu zien zinema akademiari eta gainerako izendatuei, eta gehitu zuen «maitasunak erokeriak egitera» eramaten duela bat.

Emakumezko aktorerik onenaren saria, berriz, Jessica Chastainentzat izan zen, The Eyes of Tammy Faye filmean egindako lanagatik. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lana, eta han ere saritu zion interpretazioa.

Taldeko aktorerik onenaren emakumezkoen kategorian, Ariana DeBosek jaso zuen aitortza, West Side Story musikalaren Steven Spielbergen bertsio berrian Anitaren rola jokatzeagatik.

Zortzi sari, galaren aurretik

Sariak emateko ekitaldia laburragoa egite aldera, 23 kategoriatako zortziren kasuan irabazleak galaren aurretik iragartzeko erabakia hartu zuten aurten antolatzaileek, eta kritikak piztu. Gala hasi aurretik ere, jakina zen Dune-k dagoeneko lau sari eskuratuak zituela: edizio lanik onenarena (Joe Walker), ekoizpen diseinurik onenarena, soinurik onenarena eta soinu bandarik onenarena (Hans Zimmer). Azken horretan, Alberto Iglesias konpositore donostiarra laugarren aldiz zegoen hautagaien artean, oraingoan Pedro Almodovarren Madres paralelas laneko musikagatik.

Modu berean banatu zituzten beste lau aitortza ere. Dokumentalik onenarena Ahmir Questlove Thompsonek irabazi zuen, Summer of Soul lanagatik. Ile apaintzerik eta makillajerik onenaren saria The Eyes of Tammy Faye-ko lantaldearentzat izan zen. Film laburrik onena The Long Goodbye (Aneil Karia eta Riz Ahmed) izendatu zuten, eta animaziozko film laburrik onena, berriz, El limpiaparabrisas (Alberto Mielgo eta Leo Sanchez).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.