Ezusteak biluztera behartu ditu

Xabier Zeberiok eta Pello Ramirezek 'On' diskoa osatu dute, nyckelharpa eta akordeoia nahastuta

Pello Ramirez eta Xabier Zeberio abesti bat jotzen, atzo, Tolosan egindako aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Tolosa
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Pello Ramirez bere bakarkako ibilbideko bigarren diskoa prestatzen ari zen (Eskuz lurrari, Elkar, 2010), eta Xabier Zeberiori deitu zion, nyckelharparekin abesti bat jo zezan. Hasi lanean, eta estudioan «sekulako ezustea» hartu zuten biek, ikusita sonoritate berezi bat sortzen zela akordeoiaren eta nyckelharparen soinuak nahastuta. Eta orduan pentsatu zuten «zerbait» egin zezaketela. Beharraren moduko zerbait sentitu zuten. Elkartu, errepertorioa osatu, eta hamar bat kontzertu eman dituzte. Soilak. Biluziak. Bi pertsona, bi instrumentu eta «artifiziorik gabeko musika», ia-ia era akustikoan jotakoa. Orain dator diskoa, On deiturikoa (autoedizioa). Tolosan aurkeztuko dute bihar, Topic aretoan, 20:30ean.

Tolosan bertan eman zuten diskoaren berri, atzo. Zeberioren ustez, «alderantzizko prozesua» ibili dute. «Normalena da errepertorio bat edukitzea, disko bat grabatzea eta zuzenekoak ematea». Haiek, ordea, kontrakoa egin dute: «Errepertorioa osatu, eta, Gipuzkoan hamar bat kontzertu eman ondoren, pentsatu genuen garaia zela diskoa grabatzeko». Grabaketa bera «zuzeneko baten moduan» planteatu zuten: «Elkar estudioetan sartu ginen, Jean Phocas teknikariarekin, Gabonetako egun batean, eta kontzertuetan jotako abesti bakoitza hiru aldiz hartu genuen». Gero, errepertoriotik aukeraketa bat egin, eta diskoa osatu zuten, bederatzi abestikoa. Horietako bi moldaketak dira: bata, Suediako Johan Hedin nyckleharpa jotzailearena, eta bestea, berriz, Suediako herri abesti batena. Gainera, Enrike Solinis bilbotarrak gitarra barrokoa eta tiorba jo ditu hiru kantatan.

Suediako doinuak daude diskoan, Erdi Aroko hango instrumentu bat baita nyckelharpa. «Gehienbat, Suediako antzinako musikan eta egungo folkean erabiltzen da asko», argitu zuen Zeberiok. «Pixkanaka ari da zabaltzen kanpora. Sonoritate berezia dauka, kutsu magikoa». Ramirezek akordeoia jotzeko daukan «modu berezia» nabarmendu zuen, hurrena, Zeberiok: «Askotan, akordeoia beste esparru batzuekin lotzen dugu». Gainera, «estreinakoz» entzun ahal izango dira bi instrumentu horien doinuak nahastuta. Zeberiori iruditzen zaio jendea zuzenekoetan «harri eta zur» geratzen dela. «Sentipenak oso gertukoak direlako, zuzenak; bai entzulearentzat, bai guretzat. Musika haren naturaltasunean eskaintzen dugu. Hori da gure irudipena, eta hori esan digute».

Eta, zuzenekoetan, «toki bereziak» behar dituzte sentipen horiek transmititu eta sentitzeko: «Ehun bat pertsonarentzako tokia dutenak». Ramirezek, esaterako, Beasaingo Igartza jauregian emandako bat gogoratu zuen. «Akustika berezia duten baselizak eta eliza txikiak nahiko aproposak dira». Batez ere, nyckelharpak baduelako «Errenazimentuko» sonoritate bat. Halere, akustika aldetik tokia «lehor samarra» baldin bada, «artifizioren bat» sartzen dute.

Baina, ia-ia beti, biluzik. «Eta hori erantzukizun handia da», nabarmendu du Zeberiok. «Normalean, beste proiektu batzuetan aritzen gara, talde handiagoetan, baina bakarrik egonda zailagoa da, asetzea ondoren tamainakoa den arren».

Aspalditik elkar ezagutzen dute Zeberiok eta Ramirezek, eta badira hamahiru urte Alos Quartetekin elkarrekin jotzen dabiltzala. Ramirez biolontxelo jotzailea ere bada, eta Benito Lertxundiren eta Pier Paul Bierzaitzen ohiko musikaria da, besteak beste. Zeberio, berriz, biolin jotzailea da, eta Oskorriko kideetako bat da aspalditik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.