Bertsolari Txapelketa Nagusia

Eztarriko tentsioak askatuz

Aitor Sarriegik irabazi du hirugarren finalaurrekoa Oiartzunen, eta Jon Maia aurrera egiteko aukera gutxirekin geratu daPuntuazioek behera egin dute lehen itzuliko azkenaurreko saioan; goirik apenas jo duten

Jon Maia eta Beñat Lizaso, Aitor Sarriegi atzoko garailea zoriontzen, eta haren alboan, Alaia Martin bigarrena, txalo jotzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Oiartzun
2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eztarria hartua zuela oholtzaratu zen atzo Aitor Sarriegi. Gipuzkoako azken txapelketan ere hala oholtzaratu zen tentsioen erruz. Finalaurrekoen aurretik ere adierazi zuen «arraro» sentitzen zela txapelketaren aurrean. Hala ere, Gipuzkoako hartan bezala, Oiartzungo finalaurrekoan ere, tentsioak askatuta, irabazi egin zuen. Atzo Elorsoro kiroldegian jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoan Sarriegi izan zen gora sarrien egin zuena, beherik jo gabe.

Jon Maiak, saioa irabazteko eta finalerako faboritoetako batek, behetik hartu zion orekari neurria lehen itzuliko azkenaurreko finalaurrekoan. Beretik gutxi utzi zuen. Bigarren itzulira sailkatzeko aukera gutxi dauzka. Gaur Murgian jokatuko den lehen itzuliko azken finalaurrekoak zehaztuko du aurrera nork egingo duen, eta tartean izango ote den Maia bera.

Maiak ez bezala, saioari neurria hartzen asmatu zuen Alaia Martinek, eta, neurria hartuta, orekari eutsi zion eginbeharreko denetan. Labururen txinpartek 1.500 bertsozaleak berotu zituzten kantaeraren laguntzarekin. Txinpartek gorago sailkatzen ere lagundu zioten. Maiaren antzeratsu, Odei Barrosok eta Beñat Lizasok goraldi gutxi izan zuten, eta ez zuten lehertzerik lortu. Oro har saio laua izan zen, eta gutxitan egi zuen berora.

Zortziko handiko ofizioen ostean, zortziko txikiko bigarren ofizioan, Lizasok bota nahi zuena formulatzen asmatu ez, eta bere posizioaren kontrakoa kantatu zuen; Sarriegiri zegokiona, alegia. «Bikotea dira Beñat eta Aitor. Aitor kontu eske etorri zaio Beñati gaur, duela aste batzuk erositako kondoi kaxatik uste baino kondoi gehiago falta direla-eta», aurkeztu zien gaia Unai Elizasuk. Bigarren bertsoan zuzendu zuen bidea Lizasok. «Orain arte pasea / hartzazu eredu / hurrena bat e' gabe / egin beharko degu», bukatu zuen. «Neri ez zait ajola / gerora zer egin; / baizik zer gertatu dan / falta direnekin», erantzun zion Sarriegik. Azken bertsoan ez zion asko lagundu Lizasok: «Zeuk esplikatu ze zeuk / erabiltzen dezu» botata, baina Sarriegik atera zuen horretatik ere: «Baina dirudienez / ni ez naiz bakarra», bota zion.

Egoera komikoa izan zuten Laburuk eta Maiak ere: «Euria ari duela-eta, bere aterki azpian sartzeko eskaini dio Jonek Agini. Agin sartu da aterkipean, eta hala ere bustitzen ari da». Laburu makuluekin zen oholtzan, eta Maiak bere umorea plazaratzeko baliatu zuen bere lehen bertsoa: «Bustitzen zerala ta / ze kulpa det, aizu / bi pertsonaren hankak / baldin badauzkazu?». Hortik aurrerakoan behera egin zuen bertsoaldian. Urrunagoko gaia izan zuten Martinek eta Barrosok. Marrazo batekin egin zuten topo, itsasoan kayakean ari zirela. Zirikatzen saiatu zen Martin eta erantzuten Barroso, baina ez nahi adinako arrakastarekin.

Zortziko txikian nahi adina ematerik izan ez arren, eutsi egin zion Martinek, eta lehen puntua emandakoetan piztu zen. Kafea izan zuen gai, eta hau izan zuen lehen puntua: «Lehen lagun zituen / puru eta kopa». «Trago bat hartu eta / kalada bat bota. / Debekatu badute/ neri ez zait inporta / beti egon naiz eta / lege denen kontra». Sarriegi ere fin ibili zen lehen eta azken bertsoan. «Prestigek belztu zuen / itsaso zabala» lehen puntua entzunda, «ta inpunitatean / geratu da hala / tratatu bai gaituzte / tontoak bezala / erabaki zuenak / ordaindu dezala».

Galderak sortu zitzaizkion sei puntuko motzeko gaiarekin Sarriegiri. «Aitor eta Agin bikotea dira eta gaztetan hasi zen bien arteko harremana. Zazpi urte kartzelan egin ostean, orain hilabete gutxi askatu zuten Agin. Gaur esan dio Aginek Aitorri bien artekoa bukatu dela», izan zuten gaia. Labururekin jardun zuen. «Barruan egon zaren garaitik / zer aldatu da ba?», egin zuen lehen galdera. «Espetxeak ez dit gutxi / urteotan erakutsi / sentimenduak ezin dirala / giltzapean utzi», kantatu zuen erantzuna Laburuk. Baina ez zuen Sarriegi bete erantzunak: «Espetxean zazpi urte / ni joan da etorri jo ta ke / ta hortaz ez al zera ohartu / irten zeran arte?». «Sentittu, igual, egingo nuen / e' naiz atrebittu», erantzun zion orduko hartan. «Bizitzen ikastera zu / zoaz eta badakizu / maitatzen ere ikas daiteke / hala nahi badezu», ebatzi zuen azkeneko bertsoan finalaurrekoaren irabazleak.

Kartzelako txukunena Martinena izan zen, baina bereziena Sarriegirena. Xabier Leteren Lore bat, zauri bat kantutik sortutako doinuarekin egoeraren gordintasuna transmititu zuen. «Oheko maindireak edo mihiseak egunero aldatu behar izaten dituzu», zuten gaia kartzelarako. «Maindire denak busti ohi ditut / jarri arren pixoihala / nire burua zaindu behar dut / amak umetan bezala», bukatu zuen bigarren bertsoa, lehen bertsoan «mutil zahartu» zela eta bakarrik bizi zela azaldu ondotik. Hala bukatu zuen bertsoaldia: «Kejaka hasi ezkero ere / inor ez dago atean. / Denbora geldi joaten da gelan / ez da joaten bapatean. / Ia altzari sentitzeraino / hau guztia jasatean. / Sarri askotan pentsatu izan dut: / 'Buka dadila bakean'. / Baina pittin bat pentsatuz gero / ondoren neure artean; / aukera asko ez ote daude / gaur egungo gizartean? / Nere etxea saldu dezadan / ahal dudan bitartean / eta arnasa eman nahi nuke / erresidentzi batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.