«Garai ezegonkorretan» argitaratu du Occhi Di Farfalla taldeak Iraun, bere disko berria, Miren Aranguren abeslariak onartu duenez. Aproposa du izenburua. Izan ere, harea mugikorretan sortutakoa da; «garai ez oso errazean». Ez dute irrist egin, ordea, ahots kordak zorroztuta jarraitzen baitute oholtzan, «inoiz baino indartsuagoak» diren doinuekin.
Taldeak berak egin du diskoaren argazkia hedabideei bidalitako promozio testuan: «Irauteko borondatea dugu. Hortzak estutu, amorratu, eztarria korapilatu eta iraun. Bizitzeko beste era batzuk daudela gogoratu, eta iraun. Itsasoko olatuek bezala, iraun. Desleial iraun. Badakigu bide berriak bakarrik ezin direla eraiki. Ehundu eta iraun». Edozeren aurrean iraun. Horixe du lelo taldeak, eta, hain zuzen, hori erakutsi dute diskoan. Izan ere, taldeko abeslariak azaldu du aurreko diskoaren aurkezpen bira bertan behera utzi zutela pandemiaren eraginez. Aranguren: «Hasi ginen aurreko diskoaren aurkezpenarekin, baina berehala iritsi zen pandemia. Beraz, taldea bera ere pixka bat desegonkortu zen».
Diskoa argitaratu dute hala ere, eta abeslariak baieztatu du horrexek eman diola taldeari irauteko behar zuen indarra. «Erakutsi nahi genuen irautea ez dela etsitzea, baizik eta hemen jarraitzen dugula adierazteko modu bat».
Zazpi abestik osatzen dute diskoa: Sanatorium; Denok zimelduko gara; Sagar erre ta ardo gorria; Desamodioaren gizakiak; Iraganik gabe; Beste behin esnatu naiz; eta Oihu bat.
«Erauzi ezinezko besoetara,/ aurrez aurre diren begietara,/ apaltzen dutenak nire dardara,/ eta barne lurrikara». Sanatorium kantuaren hitzak dira. Hain zuzen, «taldeari eusten dion sokari zuzendutako abestia» dela adierazi du Arangurenek. «Gure komunitateari zuzendutako abesti bat da. Pandemiak sare batzuk txikitu ditu, eta mila emozio eragin ditu, baina beti dago atzetik eusten dizun komunitate bat». Horixe da, beraz, Occhi Di Farfallaren sanatorium-a.
Lehenago argitaratu dituzten diskoekin alderatuta, musika gogorragoa egin dute oraingoan; elektrikoagoa, nolabait. Abeslariak azaldu du askotan musika estiloa ez dela izaten aurrez pentsatutako erabaki bat, baina «oso pozik» daude erabaki inkontziente horretatik jaio denarekin. «Sortzen hasi ginenean, bagenuen kanpora atera nahi genuen amorru bat, zarata gehiago ateratzeko gogo bat». Eta amorru horren guztiaren ispilu da Iraun.
Kide berriak
Estilo aldaketak, hala ere, badu arrazoi bat. Izan ere, aldatu egin dira taldekide batzuk, eta horrek, Arangurenen ustez, musikaren norabidea ere aldarazi die. Pozik dago taldearekin, saretu direla dio, elkarrengana hurbildu. Arangurenek ahotsa jarri die doinuei; Hodei Estebanek, gitarra eta theremina; Carlos Aquinok, bateria; Juanmi Boschek, gitarra eta pianoa; eta Craig Bjerringek, baxua eta ahotsa. «Taldekide berriengan espazio handi bat hartu dute rock eta punk musikak, eta hori erakusten du, argi eta garbi, disko berri honek».
Kontzertuak joz hasi dira, poliki-poliki, pandemiak galarazitakoa berreskuratzen. Zeharkatu dituzte Euskal Herriko herri batzuk kantuan. Eta izan dira Euskal Herritik kanpo ere: Madrilen eta Mallorcan (Herrialde Katalanak). Abeslariaren hitzetan, «gelditu gabe» baina «oso gustura» dabiltza biran. Gaur iluntzean, esaterako, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa) joko dute, eta ekainaren 17an, berriz, Bartzelonako La Descomunal aretoan.
Eztarria korapilatu gabe, 'Iraun'
Occhi Di Farfalla taldeak disko berria argitaratu du: 'Iraun'. Tolosako Bonberenean izango dira gaur iluntzean, beste hainbat talderekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu