MIRA

Eztandak eta eztenak

HELSINKI (FINLANDIA), 2020-09-08.- Finlandiako Poliziak erakutsitako irudi honetan, Markus Copper artista finlandiarraren Sixpack of Instant Death obraren zati bat ikus daiteke. Poliziak laguntza eskatu du sei zatiko obra honetako hiru topatzeko, lehergailuak dauzkatela jakin baitute. Poliziak piezak desaktibatu nahi ditu, eta, ondoren, jabeei bueltatu. FINLANDIAKO POLIZIA / EFE.
Aintzane Usandizaga.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Liburuak gure barreneko itsaso izoztua apurtuko duen aizkora izan behar duela zioen Kafkak; arteak guztia leherraraziko duen hori izan beharko lukeela pentsatuko du, agian, artista finlandiar honek. Literaltasunaren absurdoari bere erakarpena aitortzen badiot ere, sorkuntzari istantean eragin bortitzak exijitzea patroi errepikakorregi eta, ondorioz, arriskutsu bilakatu delakoan nago.

Arteak gogo izoztua ezin du beti takateko bakarrez eten, detonatu, metamorfoseatu. Akatsa da hori aukera baino sorkuntza lan bakoitzaren betebeharra dela pentsatzea; eta hala amiltzen gara efektu geruzaka eraikitako ikuskizun hutsaletan, urdaiazpikoa bezala gramoka pisatzen diren nobela betizerbaitetansuperaitzindarietan, euro edo dolar zenbakaitzetan miretsi behar ditugun museo piezetan edo eskandalu bertxiogarrietan bermatzen diren film trailerretan.

Gero eta gehiago eskertzen ditut unean bertan gustatu zaidan ala ez erabaki ezin dudan antzerki obrak, digestio geldo-geldokoak; tartean beste liburu bat edo bi edo hiru irakurtzea eskatzen didaten istorioak, kontatu nahi zaidanak bere lekua erritmo propioan topa dezan.

Gero eta gehiago maite ditut erabat antzeman ezin ditudan eszenak, abestiak, pertsonaiak. Atzamarrekin ukitzear nagoela sentitzean irrist egiten didatenak, temati. Konexio bitxiak eginarazten dizkidate, apurka baina tinko, nire barnean garroak hedatu eta izotzak, suak eta hormak nahaspilatuz.

Agian utzi beharko genioke artea, sorkuntza, istorioak etengabeko eztanda zalapartatsu eta arranditsuak izan daitezen eskatzeari... Ez al duzue gogaiturik eta barrena are hutsago duzuela bukatzen nahi baino gehiagotan? Ausartu su geldoko ezerosotasunarekin, erabat asetu ezin duzun hazkurarekin; tartekako eztenkadekin. Eta baimena eman zeure buruari guztia ez ulertzeko. Ona izan daiteke. Ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.