Ezpatak eta sorginkeria Erdi Aroko Euskal Herrian

Paul Urkijoren 'Irati' filmak hasiko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea, gaur. Iratiren eta Eneko Aristaren pertsonaien bidez, mundu kristaua eta paganoa elkartu dituzte Edurne Azkaratek eta Eneko Sagardoik. Laneko esperientzia eta Urkijoren «bulkada» nabarmendu dituzte.

Edurne Azkarate, Paul Urkijo eta Eneko Sagardoi, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun

Orain lau urte, Errementari aurkezteko Madrilerako bidean zirela, buruan zerabilen ideia bat kontatu zion Paul Urkijok Eneko Sagardoiri, gogo biziz: «Esan zidan: 'Zu izango zara Eneko Arista, eta istorio mitologiko bat egongo da...'; eta nik: 'Bai, bai...'». Inork gutxik —aktoreak berak ere ez— irudikatu zezakeen VIII. mendeko Euskal Herrian girotutako ekoizpen handi bat, historia eta mitologia nahasten dituena. Azkenean, egin dute Irati, eta agerikoa dute asmo handi haiei gustuko itxura bat eman izanaren poza. «Euskal Herriari, euskal mitologiari eta euskal kulturari egindako omenaldi bat da, bihotz-bihotzetik», esan du zinemagileak. Gaur estreinatuko dute filma Euskal Herrian, Donostian, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astearen irekieran; sarrera guztiak saldu dituzte.

Errementari-k ere inauguratu zuen jaialdia, 2017an, baita ikusleen saria irabazi ere. Irati-k sari hori lortu du jada Sitgesko Zinemaldian, eta efektu berezirik onenena ere bai. «Plazera eta ohorea» da filma erakustea, Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariarentzat. Atzo aurkeztu zuen, Urkijorekin, Sagardoirekin, Edurne Azkaraterekin eta Manu Paino Baineteko ekoizlearekin batera. Otsailaren 24an estreinatuko dute Hegoaldeko zinemetan.

Filma egiteko borroka

Painok azaldu duenez, finantzaketak ekarri dizkie buruhausterik handienak, baina, Urkijorentzat, ez da lan erraza izan Orreagako gudua eta izaki mitologikoak abentura batean harilkatzea. «Kontatu nahi dudana bihotzetik eta tripetatik dator; hori erabiltzen dut oztopoak gainditzeko».

«Film epiko bat ez da urtero egiten, ezta bost urtean behin ere», azpimarratu du Sagardoik. Hark, esperientzia profesionalaz gain —«izugarria izan da: zaldian ibiltzea, ezpatak, munstroak, kobazuloak...»—, poz «pertsonala» ospatu du: «Beti sumatzen dugu zer dagoen pelikula baten atzean, baina hunkigarria izan da Paulek bere bulkadei zintzo eusteko egin duen borroka ikustea».

Ikusi gehiago:'Azken partida', haur aurpegidun heriotzarekin

Gidoia idazteko abiapuntua Jon Muñozek idatzitako eta Juan Luis Landak marraztutako El ciclo de Irati (Iratiko zikloa) izan da Urkijorentzat. «Ikusi nuen pertsonaia horiek garatuz gero edan nezakeela haren oinarriko iturritik. Enekorekin eta Iratirekin iritsi nintzen hara, eta askoz gauza gehiago atera nituen, zeharo bestelakoa den istorio bat sortzeko».

Azkaratek gorpuztu du Irati; «hark eusten dio pelikulari, bere gihar guztiekin», Sagardoiren hitzetan. Irati mundu errealaren eta magikoaren artean dabil, eta aktoreak alde gizatiarretik landu du: «Inportanteena zen Iratirengandik ez urruntzea; epaituz gero, hark behar duen egiatik urrunduko nintzateke». Horregatik, haren gatazka «lurrera» eraman du: «Zauri bat du jaio denetik, eta gizarteak ez onartzetik, disidentziatik eta bakardadetik sortu du bere izaera. Horrek lagundu dit pertsonaia humanizatzen».

Filmeko istorioaren bihotzean dago Mari jainkosa, Itziar Ituñok antzeztua, karakterizazio berezi batekin; pertsonaiaren diseinua da pelikulako irudirik indartsuenetako bat. Mari bereziki interesatzen zaio Urkijori: «Ez da ipuin bat, ez da gauza batzuk egiten dituen pertsonaia bat; gizarte aurreindoeuropar baten aztarna da, eta bisualki eta narratiboki justifikatu egin behar duzu. Mari ez da sorgin bat, baizik eta ama lurra bera».

Irudia duena, bada

Lagun batek egin zion galdera Azkarateri: «Ez duzu pentsatu agian ume pila batek izan nahiko duela Irati?». Irudikatzea bera garrantzitsua iruditzen zaio aktoreari: «Gorputzik ez duten izakien irudiak sortzeak gure kultura aberasten du. Inportantea da aldiro ekartzea eta berrinterpretatzea».

Errementari-rekin konparatuta, izaki horiek guztiak filmeko giroan txertatuta ikusten ditu Sagardoik: «Izakiek hartu duten forma, atmosfera erakoa, oso zaila da lortzen. Bulkada hori hor dago, ikusezin baina presente: paisaian, naturan, arroketan, erreketan... Aurpegia jartzeaz gain, hori guztia denok izango dugun memoria sentsorialaren parte da».

Urkijok badaki ez dela erraza izango filmez film neurri berean handitzea, baina ideia bat lantzen ari da, eta argi du bere tonuari eta generoari eutsiko diela. «Ez da komedia kostunbrista bat izango, beraz», zirikatu du Beltranek. «Ez baldin bada orko batzuen etxean girotutako komedia bat, edo trollen ohiturei buruzkoa... Ni beti munstroekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.