Jeremie herrira iritsi da. Okinaren hiletara joateko etorri da, izan ere, nerabezaroan harekin egin zuen lan. Egun batzuk igaroko ditu okinaren alargunaren etxean. Martinek estimua dio gizonari, eta hasiera batean egun gutxi batzuk izatekoak zirenak luzatu egingo dira. Martinek seme bat dauka, Vincent, Jeremieren adinekoa, eta haien arteko harremanak ez dirudi amarekin duena bezain goxoa. Familiako lagun batekin ere topo egingo du Jeremiek. Walter bakartia da, eta ez dago pozik kanpotarraren etorrerarekin. Jeremiek bere egonaldia luzatzen duenean, Vincent eta Walter urduri jarriko dira, eta, bakoitzak bere erara, aurre egingo diote. Vincent desagertu egingo da orduan, eta bi poliziak ikerketa bat abiatzen dutenean, tentsioa, sexu desirak, drogak eta ezkutuko gertakizunak azaleratuz joango dira herrian.
Alain Guiraudie zinemagile frantsesak 30 urteko ibilbidea du. 2013an estreinatu zen L'Inconnu du lac filmari esker egin zen ezagun gurean, haren aurreko filmak ez baitziren herrialde askotako zinemetara iritsi. Guiraudieren zineman badira errepikatzen diren hainbat elementu, haren film bat dela identifikatzen laguntzen dutenak. Istorioak Frantzia hegoaldean kokatzen dira, normalean bere jaioterritik gertu grabatuak dira, erdi mailako klase sozialetako pertsonaiak erretratatzen ditu, sexu orientazio anitzetakoak, eta desira, heriotza eta misterioz beteriko kontakizunak dira. Guiraudie desiraren demokratizazioaren alde dago, hala dio berak, eta, beraz, bere filmetako bikoteak ez dira ohikotzat joko liratekeenak, adin, genero eta sinesmenak nahastuta.
Zinemagile frantsesak idatzitako Rabelaire eleberrian dago oinarrituta Miséricorde. Sauclieresen grabatuta dago, eta egilearen haurtzaroko herrian dago inspiratuta, herri bakoitzak bere okindegia, kafea eta apaiza zuten garaian. Thriller eran kontatzen du istorioa Guiraudiek, eta, errealismotik aldendu gabe, atmosfera arduragarri bat gehitzen dio, eta guztiz ulertzen ez diren espazioen bitartez, hala nola basoaren bitartez, ipuin kutsua eman. Kontakizunak pertsonaia guztiak aurkezten ditu haien arteko gatazkak eraiki baino lehen, eta desirak bultzatzen dituen herritar horiek ezkutuan gordea dutena azaleratuz joango da, eta horrek tentsioari umore puntu bat gehitzen dio.
Miséricorde Cannes jaialdiko Cannes Premiere sailean aurkeztu zuten, urteko film frantsesik onenari ematen zaion Louis Delluc saria jaso zuen, eta Seminci jaialdian film eta gidoi onenaren garaikurrak irabazi zituen.
'miséricorde'
Zuzendaria: Alain Guiraudie. Gidoilaria: Alain Guiraudie. Aktoreak: Felix Kysyl, Catherine Frot, Jacques Develay. Argazkia: Claire Mathon. Musika: Marc Verdaguer. Generoa: thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 102 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: martxoaren 21ean estreinatuko da Hegoaldean.
Beste estreinaldi batzuk:

'pigen med nÅlen'
Zuzendaria: Magnus von Horn. Gidoilariak: Line Langebek Knudsen, Magnus von Horn. Aktoreak: Victoria Carmen Sonne, Trine Dyrholm, Besir Zeciri. Argazkia: Michal Dymek. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 115 min. Herrialdea: Danimarka.
Karoline haurdun dagoen gazte langabetu bat da, Lehen Mundu Gerraren ondorengo Kopenhagen bizirik irauteko borrokan ari dena. Adineko emakume batek bere etxean hartuko du, eta adopzio agentzia klandestino bat zuzentzen lagunduko dio. Biek ustekabeko harremana eratuko dute, bat-bateko aurkikuntza batek dena aldatuko duen arte.
'sugar island'
Zuzendaria: Johanne Gomez Terrero. Gidoilariak: Johanne Gomez Terrero, Maria Abenia. Aktoreak: Yelida Diaz, Juan Maria Almonte, Ruth Emeterio
Argazkia: Alvan Prado. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Dominikar Errepublika.
Azukre industriaren mekanizazioaren eraginez, baliteke langileak kaleratzea. Makenyak, nahi gabe haurdun geratu den nerabe batek, kanaberarekin lan egiten duen aitonari lagunduko dio protestetan, kalte ordainak jasotzeko. Haurdunaldia helduarorako bidaia bilakatuko da.
'salvaxe, salvaxe'
Zuzendaria: Emilio Fonseca. Gidoilariak: Emilio Fonseca, Xiana do Teixeiro. Generoa: dokumentala. Aktoreak: Joana Casimiro, Pablo Sierra Abrain, Francisco Alvares eta Maria Rene Flores Calvoren parte hartzeekin. Argazkia: Emilio Fonseca. Urtea: 2024. Iraupena: 86 min. Herrialdea: Galizia.
Film saiakera hori Galizia eta Portugal arteko mendietan barneratzen da, otso iberiarraren irudi eta absentziak arakatuz. Menderakuntzaz eta sarraskiz betetako harreman istorio bat zeharkatzen du. Naturaren antidokumental bat da; izututa kamerari begira dauden otsoak eta uluka ari diren gizakiak erretratatzen ditu.