Behin betiko bidaiari ekiteak sortzen duen emozio, beldur eta jakin-mina: ideia horrek ardaztuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berria. Gaur hasiko da, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan, Robert Treviñoren gidaritzapean. Ezezagunean barneratzearen ideiak toki berezia izango du inaugurazioan. Izan ere, egitaraua ezkutuan izango da kontzertuak iraun bitartean: amaieran banatuko dute. Zain izena jarri diote programari, eta hala egongo dira ikus-entzuleak: misterioa argitu zain. Aurrekaririk gabeko esperientzia da EOSen proposamena.
Argi dagoen gauza bakarra da Mikel Chamizok konposatutako obra bat izango dela kontzertuan; Elkano: mundubira musika bidelagun proiekturako sortu duen pieza: Navigare necesse est. Juan Sebastian Elkano eta Fernando Magallaesen espedizioaren bosgarren mendeurrenaren karietara, EOSek bidaia haren bost zatietako bakoitzari lotutako obra bana sortzeko eskatu die beste hainbeste musikagileri. Hurrengo hiru denboraldietan estreinatuko dituzte lanok, haien zeharkaldiarekin bat eginez, eta gaur erakutsiko dute lehenengoa.
Gaur estreinatuko dute Chamizoren obra; ondoren, irailaren 20an eta urriaren 1ean, Donostiako Kursaalera helduko da; urriaren 2an, Bilboko Euskalduna jauregira; eta, azkenik, Iruñeko Baluarte auditoriumera, hilaren 3an. Ikus-entzule guztiek aurkikuntzaz goza dezaten, eskaera berezi bat jasoko dute kontzertuetara joango direnei: azken kontzertura arte sekretuan eduki dezatela programaren edukia.
Bidaiaren hasiera
Elkanoren bidaia Sanlucar de Barramedan (Espainia) hasi zen, 1519ko irailaren 20an. Chamizoren obra bidaiaren hasieran oinarrituta dago, eta hiru atal ditu. Lehenengoa erritu erlijioso bat da. Benetako gertakari bat du abiapuntu: bidaiaren aurretik, Magallaesek konfesatzea agindu zien marinel guztiei, eta meza bat egin zuten. Erritu hori hartu du Chamizok piezaren lehen zatia sortzeko. Bigarrena, soinu paisaia bat da. «Imajinatu dut nola izango zen soinua portu horretan duela bostehun urte: zuraren soinua, antxetak, marinelen joan-etorriak...», azaldu du musikagileak. Hirugarren atalean, berriz, itsasontziak Atlantikoan barneratu ziren unea irudikatu du: «Haiek abiatu eta egun batzuetara, ekaitz handi bat egon zen, eta hori obran dago; hor itzultzen dira hasieran irudikatutako esperantza eta izua».
Halako bidaia luzean abiatu ziren 245 marinelek sentitukozutena islatzen saiatu da konpositorea: «Itxaropena, beldurra, ezezagunarekiko errespetua, handinahia». Sortze prozesua «neketsua» izan dela esan du, piezan, orkestra ez ezik, Bilboko Koral Elkartea ere izango delako. Abesbatzaren testuak osatzeko, orduko dokumentuak bilatuditu. Erabili dituenen artean dago, esate baterako, XVI. mendeko Salve Regina, euskaraz. «Koruak alde dramatikoa emango dio obrari. Ikusleak eszenak ikusiko ditu; ez da abstraktua izango».
Elkanoren biraren urteurrenerako enkargatutako bost piezen artean, Chamizorena da aurkeztuko duten lehena, eta hori «ardura handia» da harentzat: «Hilabete askotako lana da orain hezurmamituko dena». Gogotsu dago emaitza ikusteko, eta konfiantza handia du kideekin. «Oso egokitzat» jo du orkestrak denboraldia hasteko aukeratu duen modu «berritzailea», eta haren obraren mamia kontzertu osora zabalduko duela uste du: «Hori da obrak proposatzen duena: ezezagunera bidaia; aurkikuntza bat».
Ezkutuko programa batekin abiatuko du EOSek sasoia, gaur
Gasteizko Principal antzokian izango da gaurko kontzertua. Mikel Chamizoren obra bat estreinatuko dute. Kontzertua amaitu arte ez dute egitarauaren berri emango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu