Ezkutuko lana azaleratzen

Hamar urte beteko dira aurten San Telmo museoak eta Gordailuak ibilbide bateratua hasi zutela. Elkarlanean egin dute bidea, eta bi asmo nagusi dituzte aurrera begira: ikusten ez den lana ezagutarazi eta ondarea zabaltzea

Carlos Olaetxea, Harkaitz Millan, Jon Insausti eta Susana Soto, atzoko agerraldian, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Donostia
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
«Duela hamar urte amets bat zirudiena errealitate bihurtu da, eta orain altxor bat dugu». Prentsaurrekora «pozik» etorri da Jon Insausti Donostiako Kultura eta Euskara zinegotzia, eta hamargarren urteurrena isilean egindako lan horri guztiari argia jartzeko aukera «paregabea» dela azpimarratu du. Izan ere, hamar urte beteko dira aurten Gordailuak eta Donostiako San Telmo museoak ibilbide bateratua hasi zutenetik. Hala ere, duela hamabost urte, 2006an, sinatu zuten lankidetzarako oinarriak zehazten zituen lehenengo hitzarmena.

Gordailuaren eta San Telmo museoaren arteko elkarlana da hitzarmen horren abiapuntua, eta hamargarren urteurrenean ere asmo bera dute: batera jarduteko bide orri bat zehaztea. Hala, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak azaldu du «elkarren arteko lankidetza ikusarazteko programa bateratu bat» diseinatu dutela orain. Ikusten ez den lana erakustea da helburu nagusia, eta hori publikoari ezagutaraztea. Hala ere, ez dute urteurrenerako ospakizun berezirik antolatu. «Aurtengoa ez da programazio berezi bat, baina urtero egiten dugun lana zabaldu nahi dugu», azaldu du Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak.

Zaharberritze eta handitze prozesua egin zutenetik hamar urte bete ditu San Telmo museo eraberrituak. Gordailua, berriz, Gipuzkoako kultur ondare higigarrien edukiontzi moduan sortu zen, 2011. urtean. Hala ere, egun, «edukiontzi» terminoa baztertu nahi dutela dio Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendariak: «Kultur ondarea berreskuratu, zaharberritu, biltegiratu eta ezagutarazi egiten dugu, ez da edukiontzi bat bakarrik».

Eskaintza zabala

Elkarren arteko «sinergia eta lankidetza» bermatzeko, hainbat helburu nabarmendu ditu Millanek: «Ondarea eskuratzea eta kontserbatzea, lanak zabaltzea eta ezagutaraztea, eta Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzea». Era berean, bi lan ildo nagusi zehaztu ditu: ikusten ez den lana ezagutaraztea eta horren zabalkundea.

Berriztatze prozesuan lan «handia» egin dutela azpimarratu du Gordailuko zuzendariak. Gainera, Irunen (Gipuzkoa) horretarako tailerra sortu zutenetik, hainbat lan «eredugarri» egiteko aukera izan dute: «Zaharberritze prozesuan ahalegin handia egin dugu, eta herritarrek hori baloratzea nahi dugu», dio Olaetxeak. Urte osoan, San Telmo museoan egongo dira ikusgai Gordailuko eraberritzeak. Guztira, zortzi saio antolatu dituzte: lehenengo hiruhilekoan, Sert oihalen eta Serteko mihiseen zaharberritzeak eta argazkilaritzaren kontserbazioari buruzko topaketak antolatu dituzte; bigarren lauhilekoan, ehunen eta Urgulleko arroilen berriztatzeak erakutsiko dira; eta hirugarren lauhilekoan, berriz, zaharberritze arkeologikoa, jineta ezpata zaharberritzea eta Martinez de Mendaroren botozko taula flamenkoa berriztatua egongo dira ikusgai.

Bestalde, ondarea zabaltzen laguntzeko hainbat erakusketa antolatu dituzte San Telmo museoan. «Erakusketek aukera ematen dute bildumak publikoki erakusteko eta haien balioa nabarmentzeko, herritarren ezagutza zabaltzeko eta gogoeta bultzatzeko», nabarmendu du Sotok. Koch Bengoetxearen argazki funtsean oinarritutako erakusketa eta Baginen, Bagara emakume artisten erakusketa egongo dira. Bestelakoak ere antolatu dituzte: saskigintzaren inguruko erakusketa, Ondarearen Europako Jardunaldiak eta Ondare Bizia jardunaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.