Ezkutuan egon diren artelanak

1349tik 1387ra bitarte, Nafarroako Erresumako landa eremuetako elizetan margotutako horma irudiak ikertu ditu Eneko Tudurik bere doktoretza tesian. Obra horien interesa nabarmendu du arte historialariak.

Eristain
Azantzako San Martin parrokiako pinturetako batzuk. ENEKO TUDURI
Olatz Enzunza Mallona
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

«Europako gainerako erresumekin alderatuta, margolan ugari eta kalitate handikoak zituen Nafarroako Erresumako XIV. mendeko margolaritzak». Ondorio hori atera du bere doktoretza tesian Eneko Tuduri arte historialariak (Donostia, 1990). Gradu Amaierako Lanari esker hasi zen arlo horretan sakontzen, eta landa eremuko lau elizetako horma irudiak ikertu ditu denera: Galipentzuko Salbatore elizakoak, Ardanazko San Martinekoak, Eristaingo San Joan Bataiatzailearen elizakoak eta Azantzako San Martinekoak.

Aranzadi elkartearen proiektu baten bitartez hasi zen Tuduri gaia lantzen, 2014. urtean. Gerora, Galipentzuko Salbatore elizako horma irudiak aztertu zituen Gradu Amaierako Lanean, eta, amaitu ostean, ikertzen jarraitu zuen. 2017an liburu bat ere publikatu zuen horren harira, Elkar argitaletxearekin: Estudio de las Pinturas Murales de San Salvador de Gallipienzo. Galipentzuko elizako irudi gotikoak ikertu zituen bereziki, eta, horrekin batera, Nafarroan garai hartan zegoen arte gotikoa ere aztertu zuen orokorrean. Hala konturatu zen pintura horietako asko ikertu gabe zeudela: «Galipentzuko kasuan, esaterako, pintura horietako batzuk erauzi eta Iruñeko museora eraman zituzten. Nire lana margolan horiek bere osotasunean ikertzea izan da».

Jatorriz, eliza gehienak zeuden margotuta Nafarroan XIV. mendean. XX. mendean, baina, eliza horiek berritzeko lanen ondorioz, desagertu egin ziren horma irudi gehienak. «Petrofilia deitzen zaion estetika bat jarri zen boladan garai hartan, eta horma irudi gehienak galdu egin ziren», kontatu du Tudurik. Izan ere, teknika horren bitartez, harria agerian uzten zen, eta gainerako geruza guztiak suntsitu egiten zituzten. Tartean, horma irudiak.

Iruñeko eskola, erreferente

Desagertu ez diren landa eremuetako 30 bat elizetako horma irudiak identifikatu ditu Tudurik denera. Alabaina, horietatik hirutan jarri du arreta bereziki, Galipentzukoaz gainera: Ardanazkoan, Eristaingoan eta Azantzakoan.

Izurrite beltzaren ondorengo garaian zentratu da arte historialaria doktoretza tesia egiteko. Karlos II.aren erreinuan, hain zuzen (1349-1387). «Garai hori, margogintzan, gutxienez, ez zen horren txarra izan: Iruñeko margolariek modu bizian jarraitu zuten lanean, badirudi izurriteak eta gerrak ez zutela margolaritza oztopatu», azaldu du.

«XIV. mendearen lehen erdialdea oso momentu ona izan zen Europarentzat», aurreratu du Tudurik: «Orokorrean, gerra gutxi zegoen, demografia goraka zihoan...». Baina berehala eten zen garai loriatsu hori. 1348. urtean izurrite beltza iritsi zen, gerrarekin batera. Adituen arabera, garai hartako Nafarroako Erresumako biztanleen erdiak hil zituen gaitzak.

Jatorriz, eliza gehienak zeuden margotuta Nafarroan XIV. mendean. XX. mendean, baina, desagertu egin ziren gehienak.

Oro har, margolari asko zeuden sasoi hartan Nafarroako Erreinuan. «Ia gehienak nafarrak», zehaztu du Tudurik. Artxiboen arabera, hauek ziren orduko artistak: John Oliver, Pedro Xorrotxo, Perez de Eugi, Martinet, Pedro Perez de Arrieta, Juan Sanchez, Martin, Zangozako Fernando, Martin Lopez de Urdaniz, Iruñeko Ferrando. Bakarra zen Nafarroatik kanpokoa: Baionako Gilen. «Margolari hauen artean, John Oliverrek soilik dauka ospea egun: maila goreneko artista zen. Dena dela, gainerako kideek ere lan interesgarriak egin zituzten», argitu du. Horiek guztiek elkarlanean osatu zuten Iruñeko eskola mugimendua: «Artisauak ziren bertako kideak, eta edozein enkargu egiten zuten, ez soilik horma irudiak».

Tuduriren ustez, Nafarroako nobleziak finantzatzen zituen margo horietako asko. «Interes sozial bat» zegoen atzean, arte historialariak kontatu duenez: «Margoak ordaintzean, euren burua irudikatzeko, euren familiaren armarria jartzeko... eskatu ahal zieten margolariei. Interes sozial bat zegoen euren boterea erakusteko, propaganda egiteko modu bat zen».

Margolan gehienetan gotiko linea estiloa erabiltzen zuten. «Irudi dotore eta koloretsuek betetzen zituzten elizetako, klaustroetako zein jauregietako paretak», kontatu du. Gai erlijiosoak zein profanoak lantzen zituzten, besteak beste. Hala ere, bazegoen naif estiloa lantzen zuen margolari talde bat ere: «Bigarren mailako arte gisa katalogatzen ziren pintura horiek: kalitate txikiagoko margolanak ziren. Bazuten Iruñeko eskolakoen eragina, baina beraien estilo propioa garatu zuten».

Kolore urdina zen Nafarroako margolaritzaren bereizgarrietako bat. Azurita deituriko mineral bati esker lortzen zen kolore hori: «Zorionez, Pirinioetako zilar meategi batean aurkitu zuten mineral berezi hori garai horretan». Hala, posible zen kolore horrekin elizak margotzea: «Goiko hormak urdinez margotzen zituzten, zerua irudikatzeko». Hormaren beheko aldea, berriz, infernua zen: «Kolore gorriarekin irudikatzen zen infernua, eta hori lortzea erraza eta merkea zen sasoi hartan; urdina lortzea zen arazoa», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.