Dantza, musika eta dramaturgia uztartuz kontatutako istorio baten bitartez, itsasertzeko saregileen «adorea, sendotasuna, indarra eta nortasuna» islatuko dituVillabonako (Gipuzkoa) Oinkari dantza taldearen eta Hika Teatroa antzerki konpainiaren Itsasoaren emazteak ikuskizunak, Agurtzane Intxaurraga zuzendariak dioenez. Ikuskizuna «jende guztiari zuzendua dago, ez soilik euskal dantza gustatzen zaionarentzat», Intxaurragaren iritziz. «Batetik, oso hemengoa da istorioa, baina aldi berean unibertsala ere bai, Euskal Herritik kanpora ere edozein lekutan interesa pizteko modukoa. Saregileen istorioa kontatzen da,baina batez ere ezkutuan lan egin duten —eta egiten duten— emakume askoren istorioa da, berdin dio saregileak diren, idazleak, baserritarrak edo beste edozer...». Tolosako Leidor antzokian estreinatuko dute, uztailaren 12an, eta sarrerak salgai dira dagoeneko Internet bidez.
Agurtzane Intxaurraga eta Miren Gojenola dira istorioko saregileen rola jokatuko duten aktoreak. Haiekin batera Oinkari taldeko 50 dantzari ariko dira, 16 eta 25 urte bitartekoak, Pello Ramirezek sortutako musika zuzenean emango duten lau musikarirekin batera: Angel Unzu, Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Pello Ramirez bera. «Oinarri-oinarria dantza da, baina, ikuslearengana hobeto heltzeko, dramaturgia bat dago, eta dramaturgia horren menpe sartzen dira dantza, musika eta antzezpena», Intxaurragak azaldu duenez. «Dena den, elementu guztiak dira beharrezkoak, osotasun bat da ikuskizuna, eta nik ezingo nuke esan elementuetako bat besteak baino garrantzitsuagoa denik».
Oinkari eta Hika konpainien arteko lankidetzaren sua piztu zuen txinparta Amantalen ahotsa ikuskizuna izan zen, Amantala Elkarteak ekoitzia eta 2011ko urrian Viktoria Eugenia antzokian emana, Oinkariko dantzarien parte hartzearekin, Agurtzane Intxaurraga zuzendari zela. «Gure aurreko ikuskizunean, Ari du-n, Juan Kruz Igerabideren kolaborazioarekin, poesia eta dantza uztartu genituen», azaldu du Alazne Gurrutxagak, Oinkari taldeko arduradunetako batek. «Esperientzia haren ondoren, ikusi genuen jendea oso motibatuta zegoela jarraitzeko dantzan, baina zerbait gehiago behar zuela, aurrera egiteko». Amantalen ahotsa-ko lankidetzak pentsarazi zien Intxaurraga horretarako zuzendari egokia izan zitekeela. «Han ezagutu genuen elkar, eta oso gustura aritu ginen berarekin lanean. Pentsatu genuen leiho berri bat irekitzeko aukera izango zela berarekin elkarlanean dantza eta musika uztartzea ikuskizun batean eta horretan hasi ginen iazko miatzean, duela urtebete pasatxo».
Intxaurragak, berriz, «indarra, gaztetasuna, freskura eta gogoa» sumatu zituen Oinkariko dantzariengan, eta horrek bultzatu zuen haiek egindako eskaintza onartzera. Proiektuak aurrera egin ahala, gero eta gehiago murgildu eta inplikatu da. «Nik antzerkia landu dut batik bat, baina oso lotua egon naiz beti dantzarekin», azaldu du. «Hasierako asmoa zen nik testua idazten eta zuzentzen parte hartzea, baina proiektuan gero eta gehiago murgiltzen joan naiz eta azkenean Oinkari eta Hikaren artean koproduzitu dugu».
Oinkariko dantzariak ez dira profesionalak, baina Intxaurragak hasieratik ohartarazi zien «produktu profesionala» sortzea zela helburua, eta horrek lan gogorra eta inplikazio handia eskatzen duela. Dantzariei «gogor egin» dien arren, behin ere ez du «aurpegi txarrik» ikusi. «Bete-betean sartu dira istorioan, sinesten dute, eta hori oholtza gainean igarriko da».
Saregileen lekukotasunak
Elkarrekin ez ezik, Pello Ramirezekin ere lan egingo zutela erabakia zuten hasieratik Oinkari eta Hikako kideek, eta haren musikak bideratu zituen, hain zuzen ere, neurri batean behintzat, saregileen gaira. «Pelloren piezak entzun ahala, nik urarekin lotzen nituen, itsasoarekin, eta berak esan zidan baietz, berak ere ura zeukala buruan», ekarri du gogora Intxaurragak. «Orduan mahai gainean jarrita geneukan gaietako bat zen itsasoa, baina zehaztu gabe, eta hortik atera zen saregileen gaia. Gutxitan hitz egin da haiei buruz, askoz gehiago hitz egin da itsasgizonei buruz. Beste arlo guztietan gertatzen den bezala, honetan ere askoz ere gutxiago kontatu da emakumeen munduari buruz, gizonezkoenarekin alderatuz gero. Gainera, oso gai bisuala iruditu zitzaidan eszenaratzeko oso egokia, oso aberatsa».
Behin erabaki hori hartuta, Lekeitioko eta Hondarribiko hainbat saregilerekin harremanetan jarri zen Intxaurraga, baita hainbat patroiren emazteekin ere, «itsasoarekin harremana izandako hiru belaunalditako emakumeekin», eta haiei entzundako lekukotasunetan oinarrituta hasi zen idazten. «Hortik abiatuta, gero biribiltzen joan zen hasierako ideia». Saregile guztiak bizkaitarrak ez izan arren, istorioko biak bizkaieraz mintzo dira. Bi aktoreak bizkaitarrak izateak —Intxaurraga Orozkokoa, Gojenola Lekeitiokoa— bultzatu ditu erabaki hori hartzera.
«Une poetikoak ditu istorioak, indar bisual handiko uneak, une tristeak ere bai, eta uste dut istorioa freskoa dela», dio Intxaurragak. «Istorio horrek adierazten du emakume horien bizimodua ez dela ametsa. Hori haien iragana eta haien gaurko oraina da. Bi emakume horiengandik aurreko belaunaldietako saregileengana jauzi egingo dugu, baina badaude gaur egungo lekukotasunak ere, nire adineko bi emakumerekin ere egon bainintzen; bat saregilea zen, bestea arrantzale baten emaztea. Nik espero dut beren bizitzaren zati bat behintzat islatutaikusiko dutela ikuskizunean».
FITXA ARTISTIKOA
Zuzendaritza eta dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga.
Dantzariak: Oinkari dantza taldea (Villabona).
Aktoreak: Agurtzane Intxaurraga eta Miren Gojenola.
Dantza garaikideko koreogafoa: Maider Oiartzabal (Kukai dantza konpainia) / Hika teatroa.
Musikaren egilea: Pello Ramirez.
Musikariak zuzenean: Angel Unzu, Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Pello Ramirez.
Produkzio zuzendaritza: Alazne Gurrutxaga eta Eneko Arteaga (Oinkari).
Ezkutuan egindako lanari
'Itsasoaren emazteak' ikuskizunak saregileei buruzko istorio bat kontatuko du dantza, musika eta antzerkia uztartuzOinkari eta Hika taldeek Tolosako Leidor antzokian estreinatuko dute uztailaren 12an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu