Filmaketa lanak bukatzen dabiltza, baina erabat kontzentratuta dago Mikel Rueda zinemagilea (Bilbo, 1980). Atxuri kaleko Garcia Rivero ikastetxean dabiltza lanean, hirugarren solairuko ikasgela batean, Bilbon. Barruan daude kamerak eta aktore guztiak, eta pantaila baten bidez ikusten du kanpotik zuzendariak ikasgelan gertatzen den guztia. Marmario batean dabil. Buruz daki zuzendariak aktoreek esaten duten guztia, eta ahopetik errepikatzen du oharkabean. Keinuka, barrukoak lagundu nahiko balitu bezala. «Buruz dakizkit testu guztiak», onartzen du. Izarren argia filmeko zuzendari izana da lehenago, baina hau da bakarrik zuzendu duen lehen lana, eta, dioenez, oso lan pertsonala da. «Nire gauza asko ditu pelikula honek». Sei urte daramatza A escondidas (Ezkutuan) filmarekin bueltaka, eta azken sekuentziak grabatzen dabil orain. «Oso pozik».
Ibrahim izeneko gazte marokoar baten eta Rafa izeneko gazte bilbotar baten arteko maitasun istorioa kontatzen du pelikulak. Galdu xamar sentitzen diren bi neraberen istorioa, alegia. Baina ez hori bakarrik, Ruedak dioenez. «Oraindik ere ezkutu xamarrean dauden gaiak lantzen ditu pelikulak: Immigrazioa eta genero nortasuna. Gezurra dirudien arren, tabu diren gaiak dira oraindik ere, eta garrantzitsua iruditzen zitzaidan haiei buruz aritzea». Grabazio egun gutxi gelditzen zaizkio jadanik, eta udaberrirako ez bada, udarako estreinatu nahi luke filma areto komertzialetan. Aurrez, zenbait jaialditara eraman nahi lukeela ere azaldu du zuzendariak, halere.
Bilbon filmatu dute osorik lana, eta oso lan «bilbotarra» dela dio, horregatik, Ruedak. Pelikulan ez da inoiz ere hiriaren izenik aipatzen, ordea, eta museo eta eraikin ezagunetatik urrun aritu da zuzendaria. Eta zine formatuan grabatu du dena. 16 milimetrotan. «Agian, hala grabatuko den azken filma izango da hau».
Pertsonaiaren lekuan
Ruedak idatzi du filmaren gidoia ere, eta kontaketa berezia egin nahi izan duela dio. Protagonisten lekuan jarri nahi izan du ikuslea. «Hasieran, maiz egiten du kontakizunak aurrera eta atzera denboran, eta, pertsonaiak bezala, galdu xamar senti daiteke ikuslea tarte batez. Bi mutilek elkar ezagutzen duten unetik aurrera, ordea, argiago ulertuko du dena».
Aktoreak hautatzea izan da lanik zailenetariko bat. Ia 4.000 gazteri egin dizkiete frogak, eta Sergio Kouh (Ibrahim) eta German Alcarazu (Rafa) aukeratu dituzte azkenean. Alex Angulo, Ana Wagener, Itziar Lazkano eta Ramon Agirre aktoreek ere hartu dute parte filmaketan.
Ezkutatu ohi denari so
Bukatu ditu Mikel Rueda zuzendariak 'A escondidas' pelikulako grabaketak eta udarako helduko da aretoetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu