Donostiako 67. Zinemaldia. Donostia saria

«Ezingo nuke nire pertsonaien bizitza bizi; baina asko eman didate»

Donald Sutherland aktore beteranoak jaso du Zinemaldiko bigarren Donostia saria. Hamaika generotako filmetan egin du lan; eta berriena aurkeztu du jaialdian: 'The Burnt Orange Heresy'

Donald Sutherland aktorea, atzo goizean, prentsaren aurrean agertu aurretik, Donostiako Zinemaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Hamarkada osoak igaro eta dozenaka istoriotan lan egin ondoren, Donald Sutherlandek (Saint John, Kanada, 1935) dio interpretazioan bidea urratzen hasi zeneanez zuela ikusten munduan beste ezer, aktore izateko nahia baizik. 84 urte ditu gaur, eta buru-belarri segitzen du horretan: «Nire bizitza lan egitea da; aktorearen ofizioa hori da: lan bat egitea eta hurrengoaren bila joatea. Eta ikaragarri gustatzen zait hori». 1964an egin zuen zinemako debuta Il castello dei morti vivi pelikulan, eta hamaika generotako ekoizpenetan hartu du parte ordutik. Giuseppe Capotandi zuzendariaren The Burnt Orange Heresy filmarekin itzuli da Donostiako Zinemaldira, eta, pelikula aurkezteaz harago, jaialdiko protagonistetako bat izatea egokitu zaio aurten, Donostia sariaren irabazleetako bat izateagatik. Atzo gauean jaso zuen, bere ibilbideari egindako aitortza gisa, Kursaalean egindako ekitaldi batean.

Gazte agertu zuen aktore izateko gogoa Sutherlandek. Atzo prentsaren aurreko agerraldian oroitu zuenez, 17 urte zituen aitari antzerkia egin nahi zuela esan zionean. «Antzoki batean inoiz egon gabeak ginen, eta, halere, aitak esan zuen: 'Ados, baina unibertsitatera ere joan beharko duzu; aktore izatearena ez bazaizu ondo joaten, zerbait izan dezazun». Ingeniaritza ikasketak egiten hasi zen orduan, baina «porrot» egin zuen. Londresera lekualdatu zen musika eta arte dramatikoa ikastera, eta telesailetan ekin zion aktore ibilbideari.

Zinemako lehen rol garrantzitsua Robert Aldrichen The Dirty Dozen (1967) gerra filmean lortu zuen, eta hurrengo hamarkadan egin zituen bere lan ezagunenetako asko: M.A.S.H. (1970), Kelly's Heroes (1970), Johnny Got His Gun (1971), Novecento (1976), Casanova (1976) eta Invasion of the Body Snatchers (1978). Horietatik zein berrienetatik —The Hunger Games sagan, Snow presidentearena izan da azkenaldian izan duen rolik ezagunenetako bat— zein duen kuttunen, argitu ezineko kontu bat dela erantzun zuen, seme-alaba guztien artean gustukoena aukeratzearekin alderatuz: «Film horiek ere nire seme-alabak dira. Ezingo nuke nire pertsonaien bizitza bizi, baina nireari asko eman diote: informazioa, poza, askatasuna...». Pausa bat, eta gehitu zuen: «Nolanahi ere, [Federico] Fellinirekin lan egitea izugarri gustatu zitzaidan».

Casanova-n aritu zen zuzendari italiarraren aginduetara. Eta hari bezala, Kelly's Heroes-i ere keinu berezi bat egin zion, hura egiteko esperientzia bera film baten antzera kontatuz: «1968an egin genuen, artean Jugoslavia zen hartan. M.A.S.H. eginda neukan ordurako, baina estreinatu gabe zegoen. Lehen eguneko filmaketa egin, eta, gau horretan, pokerrean ari nintzela, ezin altxatu geratu nintzen. Ospitalera eraman ninduten; meningitisa neukan. Ez zeukaten botika egokirik han, eta koman sartu nintzen. Ekoizlea entzuten nuen, telegrama bat idazten ari zela nire emaztearentzat, ez etortzeko eskatuz. Londresera bidali ninduten, eta sei aste egin nituen ospitalean. Hobera egiten hasi, eta lanera itzuli nintzen, baina horregatik dut filmean neke itxura hori. Eszena bakoitzaren ondoren Brianek [G. Hutton] esaten zidan 'oso ondo, oso ondo', eta ez nion sinesten. Nire garuna handituta balego bezala zegoen».

Zinemaren industriak izan duen bilakaeraren lekuko izan da Sutherland bere ibilbide osoan. «Aldaketa handiak» ikusi ditu, baina ez zaio iruditzen okerrera egin duenik: «Hasi nintzenean zeluloidea erabiltzen zen, eta 11 minutuan behin aldatu behar izaten zuten. Orain digitalean egiten da dena, eta euskarria 58 minutuan behin aldatzen dute, gutxienez. Filma egiteko prozesua oso ezberdina da. Ez naiz erabat egokitu modu berrietara, eta, segur aski, ez naiz egokituko. Baina ondo dago».

Klima aldaketarekin, larri

Giuseppe Capotandi zuzendariaren The Burnt Orange Heresy film beltza erakutsi zuten, atzo, saria banatzeko emanaldian. Sutherlandek egin duen azken lanetako bat da, eta Jerome Debney izeneko margolari ezkutu baten rola jokatzen du bertan. Kritikari bat (Claes Bang) eta haren maitalea (Elizabeth Debicki) arte bildumatzaile bat (Mick Jagger) bisitatzera joaten dira, eta, Debneyren mezenasa dela argituta, artistaren margolan bat lapurtzeko enkargua egiten dio bildumazaleak kritikariari. Zuzendariaren hitzetan, baina, pelikula ez da artearen munduaz ari, egia bat sortzeaz baizik: «Artea aitzakia bat da pelikulan. Berdin eraman daiteke beste edozein arlotara ere. Filmean mezurik baldin badago, zera da: boterea edo dirua baldin badauzkazu, edo biak batera, egia berriak sor ditzakezu».

Egungo giro politikoaz iritzia ere eskatu zioten atzo Sutherlandi. Europako agintariek errefuxiatuen auzian duten jarreraz galdetu zioten, zehazki, baina heldu beharreko gaia orain klima aldaketa dela esan zuen irmo. «Badakizue Txinan pertsonak erabiltzen ari direla loreak polinizatzeko, ez delako ia erlerik geratzen? Bai, noski, errefuxiatuen gaiak kezkatzen nau, AEBetako mugan gertatzen ari dena ere ikaragarria da. Baina klima aldaketaz ere hitz egin beharra dago. Begira, seme-alabak ditut, bilobak ditut, eta utziko diedan mundua ez da bizi ahal izango den leku bat izango. Oso serio ari naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.