Literatura

Ezinezkoari «hutsuneak» bilatu dizkio Iñigo Martinez Peñak bere hirugarren liburuan

'Ezinezkoaren alde' liburua aurkeztu du Iñigo Martinez Peñak, azken lau urteetan idatzi duen hirugarren saiakera. 'Dena posible da', 'Ez dago ezer ezinezkorik' eta gaur egun hainbeste entzuten diren halako leloei kritika egin die hemeretzi kapitulutan.

 Iñigo Martinez Peña Donostiako Bulebarrean, 'Ezinezkoaren alde' liburu berria eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU
Iñigo Martinez Peña Donostiako Bulebarrean, 'Ezinezkoaren alde' liburu berria eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko apirilaren 24a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Nothing is impossible. Ez dago ezer ezinezkorik. Hori da gure garaiaren ideologiaren muina, behin eta berriro entzuten den leloa. Ezinezko guztiak gainditzeko nahi batek bultzatzen gaitu, sineste itsu batek. ‘Nahi baduzu, egin dezakezu!’, ‘Zugan sinesten baduzu, lortuko duzu!’. Hala al da, ordea?». Mantra horri erantzuten ahalegindu da Iñigo Martinez Peña Ezinezkoaren alde liburuan; Elkar argitaletxearekin argitaratu du.

«Soziologiaren, psikologiaren eta politikaren inguruko elkarrizketa psikologiko bat». Hala definitu du liburua autoreak berak. Hartan, ezinezkoa terminoarekin gora eta behera aritu da hemeretzi ataletan. Izan ere, haren hitzetan, gaur egun «ukatu» egiten da ezinezkoa, eta liburuan horrexen alde egiten da. «Egungo esloganak edo mantrak zalantzan jartzeak maniobrarako tarte handiagoa eman diezaguke. Alegia, aukera ematen du bizitza bizigarriago edo askeago baten alde egiteko».

Liburuan «hutsunearekin» lotu du ezinezkoa Martinez Peñak. Izan ere, «ez dago ezer ezinezkorik» esaldiaren atzean teoria bat ezkutatzen da: dena posible dela dioena. Eta autoreak horri kritika egin nahi izan dio liburuan. Haren ustez, zerbait ezinezkoa bada, dena ez da posible, eta, ondorioz, «hutsuneak» daude.

Autorearen arabera, «osotasunaren gaixotasuna» bizi du egungo gizarteak, eta hutsunea edo osotasunik eza «laudatu» nahi izan du liburuaren atal bakoitzean. Hala, atalez atal «hutsuneren bat zabaldu» nahi izan du Martinez Peñak gai jakin baten inguruan.

«Egungo esloganak edo mantrak zalantzan jartzeak maniobrarako tarte handiagoa eman diezaguke. Alegia, aukera ematen du bizitza bizigarriago edo askeago baten alde egiteko»

IÑIGO MARTINEZ PEÑA'Ezinezkoaren alde' liburuaren idazlea

Maitasuna, osasuna, ezagutza, osasun mentala… Gai asko jorratu ditu ezinezkoa terminoaren aitzakian. Eta adibide batzuk eman ditu, gaia lurrera ekarri nahian: «Ezagutza absolutua ezinezkoa da, giza jakituriak hutsuneak dauzka eta. Maitasunean, sarritan, betetasunaren irudia datorkigu burura. Eta liburuan, berriz, hutsuneak partekatzearen arte bat balitz bezala erakusten da maitasuna. Osasun mentalean, berriz, zoriontasunaren promesetik at, norberaren sendaezina onartzea aipatzen da; norberaren zein ondokoen eromen dosi batekin bizitzen ikastea».

Bi mugarri

Autorearen arabera, mugarri bat baino gehiago izan ditu liburuak. Batetik, Bilboko irakurle talde batean izandako solasaldi bat ekarri du gogora. Hain zuzen, gabezia eta hutsunea bereizten aritu ziren: «Ez dute zertan gauza bera izan». Gaia interesgarria iruditu zitzaion autoreari, eta hari bueltaka aritu zen: «Pentsatzen aritu ginen ea zenbateraino interpretatzen genituen gabezia moduan gure hutsuneak. Eta, horrela izatekotan, nola tapatzen ote genituen hutsune horiek».

Bestetik, Jacques Lacan psikologo frantziarraren esaldi «misteriotsu» bat aipatu du: «Erreala dena ezinezkoa da». Esaldi horrekin ere gora eta behera aritua dela kontatu du Martinez Peñak. «Pentsatzen dut badela espero genuenaren eta gertatzen den horren arteko haustura bat. Agian hor ere hutsune bat aurkitzen dut». Egoera horiek elkartu, eta saiakera bat sortu du autoreak.

Irakaslearen begirada

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak «gaurkotasun erabatekoa daukan saiakeratzat» jo du Martinez Peñaren liburua. Idazle gasteiztarraren hirugarren lana da, Mandamentu hipermodernoak (2021) eta Pantailen garaipena (2023) plazaratu ostean. Hirurak dira saiakerak, eta halakoetan aritu ohi da gusturen autorea. «Saiakera hitza gustuko dut. Saiatzea, ez guztiz lortzea, eta berriro ere saiatzea. Orduan, saiatzen jarraitu nahiko nuke, hutsunez hutsune».

Ofizioz filosofiako eta psikologiako irakaslea da Martinez Peña. Egun, Lauro ikastolan ari da lanean, batxilergoan, eta ikasleen ahotsaren oihartzuna irakur daiteke liburuan. Hala aipatu du aurkezpen prentsaurrekoan: «Liburuak asko edaten du gelan izandako solasaldietatik eta ikasleen egonezinetatik. Autoexijentziarena eta ebaluazioarena asko aipatzen da batxilergoko geletan. Sareetan egoteko beharra, zoriontasuna erakutsi beharra… kontu horiek guztiak liburuan agertzen dira, haiei ahotsa emanda».

Horrez gain, Agora filosofia elkartean ere aritzen da autorea, eta «filosofia eta pentsamendu kritikoa gizarteratzen» ahalegintzen da hartan. Era berean, azken asteetan zenbait ekitalditan izan da liburua aurkezten, beste hainbat autorerekin batera. Horren garrantzia ere azpimarratu du. «Ederra da solasaldietarako eta elkarrekin pentsatzeko gune horiek bizirik mantentzea, eta funtzio politikoa ere badauka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.