Italo Calvino hizpide harturik, «ezinezko liburuak» aldarrikatu zituen Harkaitz Canok atzo arratsean Twist nobelarengatik euskarazko literaturaren esparruan eman dioten Euskadi saria jasotzean. «Ezinezko liburuak bakarrik idatzi behar direla zioen Italo Calvinok. Idazleak konbentzituta egon behar duela ezinezkoa dela buruan duen liburua idaztea, bere eskumen eta gaitasunetatik at dagoela liburu hori idaztea. Idatz ditzagun liburu horiek», gonbita egin zien gainerako ataletan literaturako Euskadi sariak jaso dituzten sortzaileei.
EHUren Bilboko Bizkaia aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldian bildu ziren bederatziak, atzo arratsean. Eta Eusko Jaurlaritzako Blanca Urgell Jarduneko Kultura sailburuak eman zizkien Joxe Ibarrolak diseinaturiko Liburu nabigagarriak izeneko garaikurrak, banan-banan.
«Hitz batek bere tribuko hitz guztiak dakartza berekin», hartu zuen hitza Canok, sariaren ondotik. «Zentzuz edo soinuz kide dituen hitz guztiak. Pitzadura bat baino ez dute behar borborka ateratzeko, eta pitzadura hori zaintzea dagokigu guri», ohartarazi zien bildutakoei. «Pitzadura edo atearen zirrikitu hori», esan zuen, Zalduari keinu eginez.
Izan ere, Julen Ribasen Azken garaipena komiki lanaren gidoiagatik euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria jaso duen idazleak, alegia, Iban Zalduak «atearen zirrikitutik sartzen den argi izpi» gisa definitu zuen literatura. Esan zuenez, ume bat baino ez zela, iluntasunak beldurra ematen ziola sinetsarazi zien gurasoei, atea pittin bat irekia utzi eta argi izpi batzuk sar zitezen gelara. Manta azpian komikiak irakurtzen zituen argi printza horiei esker. «Gero, miopia garatu nuen. Eta gurasoek argitxo bat jarri zidaten gelan; eta okulistak, betaurrekoak», kontatu zuen, hainbeste maite duen umorera joz. Komikia «literaturaren adar» gisa aldarrikatu zuen.
Inazio Mujika Iraolak eskuratu zuen euskarazko saiakeraren arloko Euskadi saria, Xabier Lete (auto)biografia bat obrarekin. Liburu ezinezkoak eta erabaki ausartak. Letek idatzi ez zuen autobiografia ondu du Mujika Iraolak, liburu ezinezko hori, eta eskerrak eman zizkion epaimahaiari hura saritzeagatik. «Erabaki ausarta izan da», adierazi zuen. «Saio bat egiten saiatu naiz Leteri plaza bat emateko, belarrira irakur diezagun bere lana eta pentsamendua». Leteren «amets nagusia» egia bihurtzeko erantzukizun jardun zuen Mujika Iraolak, «gizarte hurbilagoa eta justuagoa» lortzearen garrantzia nabarmenduz.
Itzulpenaren arloan, berriz, Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak jaso zuten Euskadi saria, Alaa Al Aswani egiptoarraren Jakobian eraikina nobelaren euskarazko itzulpenagatik.
Al Aswanikekitaldirako propio idatzitako hitzak leitu zituen Royok. Idazle baten pozik handiena mundu osoko jendearen pentsabidean eta mundu ikuskeran eragin ahal izateko aukeraedukitzea dela uste du Al Aswanik.33 hizkuntzatara itzuli dituzte haren lanak; tartean euskarara.
Orobat, gaztelaniaz idatzitako saiakeraren arloko Euskadi saria Daniel Innerarityk jaso zuen La democracia del conocimiento lanarekin; eta gaztelaniazko literaturako Euskadi saria, berriz, Juan Carlos Marquezek eskuratu zuen, Tangram obrarekin.
Iban Barrenetxeak irabazi du gaztelaniazko haur eta gazte literaturaren eremuko Euskadi saria, El cuento del carpintero liburuarekin. Eta atzo jaso zuen garaikurra, La flor roja lanarekin ilustrazioaren esparruko Euskadi saria erdietsi duen Sara Moranterekin batera.
Urgellen agur mezua
Despedida ekitaldia izan zen Urgellentzat. «Gogoz eta pozik» gidatu duen lantaldeak ardatz biren inguruan lan egin duela adierazi zuen: «Sortzaileei lagundu diegu eta sormen lanak bultzatu ditugu». Sortzaile «guztien» lana sustatu dutela azpimarratu zuen «DNA eta jatorriari erreparatu gabe». «Edukia lehenetsi dugu, edukiontziaren gainetik».
Mezua igorri zien Jaurlaritza berria osatuko dutenei: «Kulturak funtsezko tokia izan behar du gizartean. Ezinbestekoa da berau sustatzeko lan egitea; aterki baten atzean gordetzeak edo ezkutatzeak txirotu besterik ez gaitu egiten».
Aldarrien plaza izan zen ekitaldia. Canoren irudiko, «historia eta istorioaren arteko aldea o bat bezain biribila eta h bat bezain mutua da. Nork kontatzen gaitu ordea? Kontatzen du hark gurekin? Litekeena da istorioa kontatzenduenak gurekin ez kontatzea. Horregatik, badaezpada, gure istorioen kargu egin beharko genuke, ez haiek historia biribilegi kontatzeko, ezta mutuegi ere».
Zalduak gaurkogrebaren aldeko apustu irmoa eginez amaitu zuen hitzaldia.
Ezinezko istorioen bueltan
Literaturako Euskadi sariak jaso dituzte Iban Zalduak, Harkaitz Canok, Inazio Mujika Iraolak, Arantzazu Royok eta Xabier OlarrakUrgellek esan du sortzaile «guztien» lana sustatu dutela «DNAri erreparatu gabe»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu