Pablo Picassoren Gernika margolanean erabat murgildu zen Jose Ramon Amondarain artista orain dela bost urte. Obra eta haren sortze prozesua zehatz-mehatz ikertu zituen, Picasso lana margotzen ari zela Dora Maar artistak ateratako argazkiak oinarri hartuta. Azterketaren emaitza Gasteizko Artium museoan aurkeztu zuenartista donostiarrak, 2012an, Denbora eta premia (Gernika) izeneko erakusketan; zortzi oihal handitan, Gernika-ren sortze prozesua geruzaz geruza erakusteko. Margolan haiek Donostiako San Telmo museoan jartzekoak ziren koadroaren 80. urteurrenarekin, baina gaur egun ezin dira erakutsi, jabetza intelektualaren legeen harira —Picassoren oinordekoek haren lanaren kopiatzat jo zituzten—. Gauzak zer diren, «ezina» zena «aukera» bilakatu zitzaion Amondaraini. Eta Gernika-ri buruz ez ezik, sortze prozesuei, artearen jardunari eta irudiari buruzko gogoeta bat eginez eman dio segida Gasteizen hasitako proiektuari. Sormen lan berriekin osatu du Espazioaren barrea (Gernika) erakusketa berria, gaurtik datorren urteko otsailaren 25ra bitarte Donostiako San Telmo museoan egongo dena.
Artium eta San Telmo museoek elkarlanean antolatu dute mostra berria, eta, aurrekoan bezala, Gasteizko museoko zuzendari Daniel Castillejo izan da komisarioa. Haren hitzetan, «proiektu ikaragarria» garatu du Amondarainek, hark beste inork egin ezin zezakeena. «Beti interesatu izan zaio arteaz hitz egiten duen artearen kiribila». Lehen pauso batean Gernika aztertu zuen, eta oraingoan, lan haiek erakusteko ezintasunaren harira, beste ardatz bat hartu du erakusketak: «Nola egin zen azaldu ordez, sinbolo eta gizateriaren arte ondare bat dena askatasunez erakusteko dauden oztopoez hitz egiten da. Sistemak dituen arrakalak baliatzen dira artista ugariri eragiten dieten hainbat problematika aurkezteko».
Gogoeta horri tiraka, erakusketaren izenburua Luis Castro Nogueira soziologoaren liburu batetik hartu duela azaldu du Amondarainek, irudiaren eta objektuaren arteko harremana aztertzen duena, besteak beste. Hain zuzen, margolana bera ez, haren irudikapenen bat da mundu osoan jende gehienak ikusi duena. «Irudia objektua baino errealagoa bihurtzen da, eta, alde horretatik, Gernika gehiago da irudi bat koadro bat baino; gu guztion iruditerian daukagu jada».
Aretora sartu baino lehen, egurrezko zortzi kaxa handik egiten diote harrera bisitariari: Artium museoan ikusgai egon ziren artistaren zortzi oihal handietako bat gordetzen du bakoitzak, ongi bilduta. Orain erakutsi ezinda, Premia paketatua instalazioa osatu du haiek eta kaxak baliatuta. Gernika-ren irudia da, jabetza eskubideen arabera, erabili ezin dena. Hala, Picassoren estiloaz eta sormen prozesuaz egindako ikerketa da Amondarainek bigarren mostran aurkeztu duena, betiere Gernika oinarri hartuta.
Horretarako, hiru margolan handi jarri ditu aretoaren eskuinaldeko horman, aldez alde. Gernika-ren islak ekartzen dituzte gogora hirurek, betiere Amondarainen berrikusketatik. Olioz, baina ikatz-ziriz egindako zirriborroen itxura emanaz landu ditu lehen laneko irudiak. Bigarrenean, berriz, koloreak baliatu ditu, Picassok ere sortze prozesuan buruan izan zuen ideia gogora ekarrita. Denetan handiena da hirugarrena, hamabost metro luze eta hiru eta erdi zabal; Gernika-ren berrikuspen bat ez, bi biltzen ditu lanak, elkarri lotuta, eta kolore berdea, marroia eta grisa dira nagusi, kamuflatzearen ideiari erreferentzia eginez. Beste areto batean dago tamaina handiko azken lana: Gernika lerro horizontaletan banatu eta zatiak lekuz aldatu izan balitu bezala dago ondua, eta, artistak azaldu duenez, lerro bakoitza oso gertutik kameraz grabatzeko ideiarekin sortu zuen.
Horiekin batera, bestelako estilo, molde eta formatuak dituzten piezak jarri ditu, mila objektutik gora. Areto nagusian, ehunka eskultura beltz eta txiki daude; olioa lehortuz daude eginda asko, eta bonbardaketaren arrasto erreak irudikatzen dituzte. Areto berean, argazki teknika xumeenekin ondutako irudiak daude horma batetik zintzilik. Eta beste aretoan, berriz, figurak ikertzean egindako dozenaka marrazki.
Erakusketaz gain, proiektuaren katalogoa ere argitaratu dute. Castillejorenak ez ezik, Bernardo Atxaga idazlearen testu bat ere jaso dute bertan.
Ezina, sortze aukera bihurtua
Jose Ramon Amondarainek Picassoren 'Gernika' oinarri duen erakusketa bat jarri du Donostian. Gasteizko Artiumen duela bost urte aurkeztu zuen proiektuaren jarraipena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu