Izaro Andres. Abeslaria

«Ezin nuen disko bat egin ezer gertatu izan ez balitz bezala»

Pandemiak zapuztu egin zizkion 'Limones en invierno' lanarentzat zituen asmoak, eta arantza hori aterako du orain, hiru kolpetan: belodromoa betez, bira bat eginez eta bilduma berezi bat ateraz.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako belodromoa hutsik ikusteak zirrara eragiten dio Izaro Andres abeslariari (Mallabia, Bizkaia, 1993). Beti izan du hango kontzertu jendetsuen berri, baina horietan inoiz izan gabea da oraindik: «Gure belaunaldikook ez gaitu hainbeste harrapatu...». Maiatzaren 7an, bera izango da gune hori beteko duen lehen euskal emakume bakarlaria itxura denez, sarrera gehienak saldu baititu jadanik. Nazioarteko bira bat hasiko du.

Pandemiak garraztu egin zuen Limones en invierno diskoaren harrera (2020), eta, uzta berezi bat emateko asmoz, urrezko aleak ondu ditu oraingoan. Kontzertua baino astebete lehenago aterako du Limones de oro disko bikoitza. Hamasei abesti grabatu ditu: bi berri, bertsio bat eta bere ibilbideko hamahiru pieza, kolaboratzailez inguratuta.

Kolaboratzaileekin ariko zara belodromoan ere?

Asko etorriko dira, ahal duten guztiak. Oso berezia izango da, pandemiak eragin duen guztiaren ondoren: dena atzeratu, bertan behera utzi, edukierak murriztu, entzuleek sarrerak erosi, itzuli, erosi, itzuli, erosi... Une batean, pentsatu nuen: «Akabo! Hemen bukatuko da nire musikari karrera». Baina publikoak eutsi zidan: erantzun egin zuen egoera guztietan. Belodromokoa ospakizun bat izango da.

Egin gabeko plan asko geratu dira bidean...

Badakigu zer ez den gertatu: ezin izan genuen nazioarteko bira egin, kontzertu handiak emateko asmoa genuen... Baina gertatu den guztia esperientzia bat izan da, neure buruari galdetzeko: «Zer egin dezakezu?».

Iazko maiatzean, Oso blanco (plata) kanta atera zenuenean, esan zenuen zeure buruarekin bakeak egin beharrean zinela. Lasaiago zaude orain?

Bai, beste patxada bat daukat. Egia esan, Oso blanco (plata) da Limones de oro-ren hasiera. Orain gai naiz beste modu batera ikusteko, amaiera zoriontsua izan duelako gutxi gorabehera, baina momentu hartan sentitzen nuen gauza pila bat utzi nituela egin gabe, pentsatuz aurrerago egingo nituela. Kolaborazio disko bat, adibidez, musikan urte asko daramatzan norbaitek egiten du. Baina... ez badago gerorik, zer?

Izenak aurreko lanarekin lotzen du diskoa. Zenbateraino da haren segida?

Limones en invierno-k urte txarrak harrapatu zituen, eta horrek pena ematen dit eta aldi berean ez, zeren, disko oso bitala izan zenez, lagundu zigun justu hori bizitzen. Ni hurrengo lana prestatzen ari nintzen, baina sentitzen nuen zubi bat behar zela. Ezin nuen disko bat atera ezer gertatu izan ez balitz bezala. Bueltaka hasi nintzen, limoiekin zelan jarraitu, eta pentsatu nuen: «Zer puntuk ekarri dute Izaro honaino? Eta hartzen baditut nire kantu batzuk, bigarren buelta bat emateko?».

Lagunez inguratuta, gainera.

Zerrenda bat egin nuen, ikusteko norekin nahiko nukeen kolaboratu. Noski, batzuk iritsezinak dira, eta, nahiz eta uste izan beste batzuekin ezingo nuela harremanetan jarri, lortu nuen. Kantak aukeratu, eta mikroklimak sortu ditut. Azalaren diseinatzaileak galdetu zidan: «Zein da koherentzia estetikoa?». Ez dago. Mikroklimak dira. Sekulakoa izan da Mi canción para Elisa, nire amamari idatzitako kantua, Rozalenekin kantatzea, bere amama hil berritan; Eñaut Elorrietarekin kantatzea, niretzat haren ahotsak hainbeste gauza on biltzen dituela jakinda; Delirios-en kontzeptu horretan Zahara egotea... Limoiak oraingoan urrezkoak dira.

Zer moduzkoa izan da zure kantetara itzultzea?

Hor ere bakeak egin ditut. Nire ahotsa entzuten dudanean lehenengo diskoan, esaten dut: «Sokorro!». Baina Izaro hark ez balu hori egin, gaur ez ginateke hemen egongo, eta, egia esan, nik orain ez daukat ausardiarik berak egin zuena egiteko, hutsetik hasteko.

Kantak asko aldatu dira?

Batzuk ez; ahotsak berriro grabatu ditugu, eta kito. Bat aldatu da bereziki: La felicidad. Abesti horrekin krisi momentu bat izan nuen, eta harekin ere bakeak egin nahi nituen. Idatzi nion Dayme Arocena kubatarrari, zeinak runba egiten duen beste gauza askoren artean, esanez abesti bat nuela, runba esaten diotena komatxo askorekin, eta ea egingo zidan benetako runba kubatar bat. Eta berak baietz. Musikariek Kuban grabatu zuten, berak Toronton [Kanada], eta nik Zestoan [Gipuzkoa]. Kantua goitik behera aldatu da. Zoragarria izan da, eta asko ikasi dugu.

Oso blanco (plata) da kolaboraziorik ez duen kanta bakarra. Hura delako abiapuntua?

Bai, lehenengo hazia da. Kantu hori da Izaro feat. Izaro. Kolaborazio bat da bere horretan; lantaldea agertzen da bideoklipean,hori nabarmendu nahi nuelako.

Bidea neketsua izan da?

Dena zaila izan da; egin dudan lan zailena, alde handiz. Eta luzea ere bai, bi urte izan direlako, baina emaitza ikusita, merezi izan du.

Nolakoak izan dira azken bi urteak zure musikari lanean?

Biran ibili ez denak ez du jakingo zer gogorra izan den. Orain, atzera begiratuta, ez dakit nola egin genuen ere. Jendea uzkurtuta zegoen, beldurtuta, oholtzatik ematen zen guztia xurgatzen; eta nik mahaspasa baten moduan amaitzen nuen. Hala ere, uste dut hasiberrientzat izan dela txarrena. Hau da, nik 2016an egin nuen guztia egin beharko banu orain, proiektua ez litzateke aterako. Belaunaldi bat ez da irtengo, ezinezkoa izan delako. «Bakarrik ezin da» esaldia askotan izan dut buruan, baina orain bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.