Artea

«Ezin dut sinetsi ene bizi guzian zenbat gauza egin ditudan»

Bere «bizi intelektual osoa» jaso du Marikita Tambourin idazleak 'Solas gordeak' liburuan. Hiru urtez aritu da bila bere artxiboetan, eta 1971tik 2024ra arte hark egindako mintzaldien, kroniken eta elkarrizketen bilduma da.

Marikita Tambourin, gaur, Baionako aurkezpenean. I.E.
Marikita Tambourin, gaur, Baionako aurkezpenean. I.E.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2025eko otsailaren 7a
16:00
Entzun

Bere «egiazko solasak» eta ez beste batzuen eskutik iragandakoak, edo zenbait aldiz «bestelakatuak» izan diren idazlan, lekukotasun eta elkarrizketak bildu ditu Marikita Tambourin idazleak (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1946) Solas gordeak liburuan (Maiatz). Egileak berak hautaturik eta finkaturik dira, beraz. Interneten bilakaerarekin eta adimen artifizialaren heltzearekin «nork daki zer bilakatuko diren Interneten diren irudiak eta dokumentuak, autorearen baimenik gabe?», galdetzen du Tambourinek. 1971tik 2024ra bitarte «irakasle, ikertzaile, idazle eta hizlari» gisa egin dituen mintzaldien, kroniken eta hedabideetako elkarrizketen bilduma da. «Gaika eta kronologiaren arabera sailkatuak eta testuinguruan kokatuak» dira, Tambourinek gaur esplikatu duenez, liburua aurkeztean. «Euskal munduko» gai franko izan ditu aipagai artxibaturik begiratu dituen lan horietan: «Agotak, buhame edo ijitoak, emazteak, etxaldeak, etxe izenak, euskal deiturak, euskal mitologia eta ohiturak, euskara, feminismoa, ikastola, ingurumena, literatura».

Solas gordeak liburuaren helburu nagusia salatu du Tambourinek: «Garai bateko lekukotasuna uztea». Eta ez du lan ttipia hartu horretarako. Hiru urtez aritu da bere kaier eta artxiboetan miatzen gaikako bilduma osatzeko, «zerbaitetarako balio izanen duelako esperantzarekin». Artxiboetara jotzeak beti ekartzen baitu aitzineko hamarkadetara berriz jauzi egitea. «Euskararen eta kulturaren ezagutza duela berrogei urte zertan zen» ezagutzeko parada zaio bilduma lan hori Tambourini. Halaber, ordutik egin den bidea eta «oraindik egiteko gelditzen dena» haztatzeko molde bat ikusi du. Memoria lan hori baitezpadakoa da, idazle baigorriarrarentzat. Bizipenena, ibilbide intelektualarena bezainbat. «Esku artean daukazue hemen ene bizi intelektual osoa, kasik».

«Ene bizi guzian erran eta idatzi ditudan gauzak ez ditut ukatzen; ez dut deus aldatzekorik. Berriz irakurtzen ditudanean, ados naiz»

MARIKITA TAMBOURINIdazlea

Aitortu du halako gainbegirakoa egitea ez dela beti erraza. Artxiboetan berriz aurkitu ditu garai bateko gertakari batzuk «arrunt ahantziak» zituenak. Beste ondorio bat atera du: «Gogoan gelditu zaizuna eta orduko dokumentuetan agertzen dena ez dela beti gauza bera». Bizkitartean, erran eta idatzirikoez ez da nehondik ere damutzen: «Ene bizi guzian erran eta idatzi ditudan gauzak ez ditut ukatzen; ez dut deus aldatzekorik. Berriz irakurtzen ditudanean, ados naiz».

Bizi osoko lanen emaitza

Lucien Etxezaharretak, Maiatz argitaletxeko arduradunak, Tambourini galdegin dio nolaz izan duen hainbeste lanen burutzeko kemena. Idazleak aitortu dio bera ere harritu dela ibilbidea berriz aztertzean: «Nihauren buruarekin harritua naiz. Ezin dut sinetsi ene bizi guzian zenbat gauza egin ditudan, nola iraun dudan nahiz eta izugarriko trabak ukan. Uste dut bakoitzak gure baitan dugun zerbait dela». Oroitu du agoten gaia ikasketen denborako lan etnografiko bati lotua zela. Ez zuen manerarik izan ikerketa luze baten egiteko. Ondorioz, etxe izenen ikertzen hasi zen. Eta hortik agertu zitzaizkion beste ikergai batzuk. «Etxe izenekin anitz gai lotu dira: emazteen lekua, deiturak eta beste». Berantago, haatik, berriz lotu zitzaion agoten historiari.

Solas gordeak liburuko azaleko argazkia hautatu du Tambourinek. Zurezko kutxa bat ageri da, eta kutxa horren istorioa kontatu du. «Ez dakit nire aita-amek nondik zuten kutxa hori, baina ezkondu zirenetik bazuketen. 12 urte nituenean erakutsi, eta erran zidaten: 'Begira ezan, neska, hemen ditun etxeko paperak gordeak'. Hor zituzten paper ofizial bakarrak». Beti berekin atxiki du kutxatxoa, eta azalean ezarri nahi izan du, «sinbolikoa baitzen».

Atalka bildu ditu gaiak, hirurogei kapitulutan. Bukaeran, bibliografia bat ere ezarri du, aipu eta idatzien iturrien emateko. Jose Manuel Pagoaga senarrari eskaini dio 420 orriko liburua, duen «lehen entzule eta sustatzaileari».

Azkenik, Tambourinek Maiatz argitaletxeari ere gorazarre egin dio aurkezpenean. Nahiz beste argitaletxe batzuekin lan egin izan duen, aspaldiko bidaidea du Maiatz, eta zehaztu du zergatik dion atxikimendua: «Batetik, elkarte bat delako. Bestetik, bultzatzaile delako, eta, batez ere, emazteei lekua ematen dielako». Franko prezatzen du Maiatzek duen beste ezaugarri bat ere: «Ez zaitu bortxatzen idatzia duzuna aldatzen, beste editore batzuek egiten duten bezala. Hori ez nuke onartuko, egia erran».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.