begona del teso
Eppur si muove

Ezin dizut itzuli, Furiosa, kendu nizun hori

2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Badira beste film ugari karteldegian, karteldegietan, hala nola Isaki Lacuestaren eta Pol Rodriguezen Segundo premio, patuak begiz jotako musika talde baten erretratua, itzalek besarkaturikoa; hala nola Baionako L’ Atalante aretoan gorderik diren Cannesen ikusitako bi lan nahitaezko, Quentin Dupieuxen azken barrabaskeria den Le deuxième acte hori, eta Kosta Urdineko zinemaldia ustekabez harrapatu zuen Yolande Zaubermanen La belle de Gaza, edertasun eta libertate zaurituak bildua.

Badira, oraindik eta betiereko, Grand Auditorium Lumieren eta La Bocca auzoan zinemarako propio sortutako inperio gunean gure egin genituen mila eta bat oroipen, hala nola horren itxura eta izaera klasikoa dituen She's Got No Name, Jiang Yun Nongen drama ikusgarria, II. Mundu Gerran kokatua, Japoniak Taiwan mende zuen garaikoa. Pantaila betetzen du atxilo harturiko emakume baten nondik norakoak. Senarra hiltzea leporatu diote eta japoniarren esanetara polizia moduan aritu eta sasi agintean izandakoek ihes egiten badute ere, gerra bukatzean preso jarraituko du berak, epaile berrien pean.

Bada gurean destaina osoa merezi duen filma, jainkosa baten izena eta izana zikintzen dituelako; Back to Black du izenburu, eta Sam Taylor-Johnson bere egilearen ustez, Amy Winehouse-ri eginiko aitortza dena. Ezta pentsatu ere, ez dio inolako errespeturik, ezta mirarik ez.

Buelta gaitezen ba, huts, kale, poto sekula egiten ez diguten lagunengana. Bidasoko bi ertzetan estreinatu berri den Furiosa-renean har dezagun aterpe, abegi, atseden suzkoa, hortxe inork ez baitigu iruzur egingo, are gutxiago, akziozko zinemaren sekretu, arma eta tresna guztiak abilki, serioski, trebe erabiltzen dakien Australiako Jaun Gorenak, George Millerrek, hots.

Gure etxe ondoko karteldegi(et)an parekorik, igualik ez duen hamabost minutu luzeko pasarte ahaztezin batez hasten da filma. Bertan, argi eta garbi geratzen da auskalo unibertsoko zein alegiazko bazterretan kokatzen den mundu lehor, mortu horretan emakumezkoak burujabe direla. Bai tiroka, bai motorren gainean bai hobera jo beharko lukeen mundu baten zaindari gisa.

Trailerra ikustea nahikoa da filmaren izanaz jabetzeko. Metalezko eta hareazko mundu batean, gasolina ura bezain ezinbestekoa da eta zure taldekoa hilez gero, utziko duzu gorpua bidea ez den bide erdian eta bai erregaia bai urontzia harturik, berriro ekingo diozu kaminoa ez den kaminoari. Iritsiko zara zure nagusiaren kanpamentura eta, lurra ez den lur gainean belauniko jarrita, lapurretan, erasoan edo borrokan harrapaturikoa eskainiko. Bai auskalo nork eta nola asmaturiko ibilgailuen piezak, bai preso hartutako arerioak (mundua ez den mundu horretan denak dira elkarren etsaigaiak, elkarren aliatugaiak, haizeak eta ekaitzak nondik jotzen duten).

Hori da trailerra ikusi bezain pronto ikasiko, sumatuko duzuna. Baina ez geratu urik gabeko hareatza goienetan. Sar zaitez bi ordu eta erdiko pelikulan. Sartu bainoago, egizu salto, murgildu, bota ezazu zeure burua gasolinazko ozeanora. 

Espero ez zenuena (baina zinez, ezkutuan eta jakin barik nahi zenuen hori) jasoko duzu, tragedia baten antza duen fabula/parabola batean, non Hamletek eta Akilesek, Troiak eta Elsinorek, San Joanen Apokalipsiak eta gesta-kantek bat egiten duten zure bihotz eta begien harridurako.

Furiosa bera eta kontrako duen Dementus heroi ilunaren arteko azken norgehiagoka hitzezkoa markaz kanpokoa da. Hiltzear da Dementus. Furiosak mende du eta mendeku gosez da. Biek izan zuten guztia aspaldian galdu zuten. Dementusek badaki bueltarik ez dela. Furiosak, aldiz, exijitzen dio kendu zion guztia bueltatzeko.

Hortxe eta orduantxe proba benetakoa duzu: hau ez da superheroien pelikula bat. Hau filosofiaz beteriko zinema espektakularra dugu. Horrexegatik, Euskal Herrian, Cannesen nola, film handiagorik ez duzu, zinez, eskura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.