Nazioartean oihartzunik handiena duten euskal ilustratzaileetako bat da Elena Odriozola (Donostia, 1967). Publizitate agentzia batean lan egin artean hasi zen bere lehen ilustrazioak argitaratzen, eta bide oparoa egin du ordutik; askotariko formatutako lanak plazaratu, eta saririk entzutetsuenen aitortza bilduz —tartean, Andersen sarirako hautagai izan da azken urteetan—. Landu dituen askotariko lanen artean daude albumak ere; horien artetik, Aplastamiento de las gotas (Laberinto de las artes, 2008. Nórdica Libros, 2016), Sábado (Taller de comunicación gráfica, 2012), eta Tropezista (Denonartean, 2013; Euskadi saria jaso zuen) ditu kuttun, besteak beste.
Ikusi gehiago
Egun, baina, urrunduxeago dabil albumaren mundutik. Eta arrazoien artean aipatu du, eskaintza ugaritzearekin batera, halako saski-naski itxura hartu izan diola, maiz, alorrari. «Badakit gauza on asko argitaratzen direla, baina batzuetan inpresioa izan dut halako formula bat ere bihurtu dela. Testu bat hartu, zatiak egin, hainbat marrazki jarri, eta hor duzu album bat, berdin du zer esaten duen». Esperientzia propiotik kontatu du: «Izan nuen bolada bat non albumetarako proposamen dezente jasotzen nituen, halako testu poetiko modukoekin, baina niri ez zidatenak ezer esaten. Niretzat hor ez dago albumik».
«Liburu gutxi batzuekin gertatzen zait behin eta berriro ikusteko gogoa dudala. Niretzat irizpide onena hori da»
Egon dadin, eta album batek kalitatea izan dezan zer behar den, definigaitza den zerbait da hori ilustratzailearentzat. «Batzuetan gehien inporta duena da nola egiten duten bat testuak eta irudiak, baina gero dituzu beste album zoragarri batzuk non ez den hainbeste hori kontua; Mitsumasa Annoren Bidaiak liburuetan, adibidez. Hainbeste estilo daude, ezin dela aurrez esan zer behar duen album on batek».
Maite du liburu batek «leku seguru baten sentsazioa» itzultzen dionean. «Liburu gutxi batzuekin gertatzen zait behin eta berriro ikusteko gogoa izaten dudala. Nathalie Parain ilustratzailearen edozein liburu, adibidez, hor sartzen naiz eta gustura nago. Ez diot neure buruari galdetzen zergatik den hori, horrela sentitzen dut, eta niretzat irizpide onena hori da».
Kasu guztietan, baina, bada Odriozolarentzat ezinbestekoa den zerbait: zer kontatua izatea. «Zein da modurik onena kontatu behar dudana kontatzeko? Album bat izan, edo beste edozein liburu izan, nik hortik planteatzen dut beti nire lana. Oso polita baina ezer kontatzen ez duena, hori ezin da izan».
Irudiak irakurtzearen alderik emankorrena bakoitzak gauza diferente bat ikus dezakeela da harentzat. «Gertatu izan zait: nik gauza asko esan nahi izan, inork horiek ikusi ez, eta beste batek egin dudan eta konturatu ez naizen beste zerbaitez ohartaraztea. Eta hori da gustatzen zaidana; azken finean, zaren hori proiektatzen duzu».
«Txikientzat, oso gauza on gutxi dago, eta nik uste dut oso garrantzitsua dela haientzat liburu onak egitea».
Duela bost urte, argitaletxe propioa ere jarri zuen martxan ilustratzaileak: Ediciones Modernas El Embudo —Arrautza (2021) eta Juan Kruz Igerabiderekin batera egindako Begi bat kokotean (2023), argitaratu dituzte euskaraz, esaterako—. Gustavo Puerta Leisserekin batera aritzen da han lanean, eta ez du ezkutatu «asko kostatzen» zaiela ateratzen dituzten lanak mugitzea. «Hasieran, akaso, ondo saltzen da liburua, baina gero gehiago eskatzen dizkizute, eta hurrengoan pila bat ekartzen dizkizute bueltan. Zaila da, baina, tira, nahi duguna egiten dugu, eta saiatzen gara eusten».
Zer saltzen den eta zer ez, uste du kalitatea ez dela izaten irizpide bat, «zoritxarrez». Funtsezkotzat du berak. «Ikaragarri publikatzen da, eta ez da dena ona. Txikientzat, oso gauza on gutxi dago, eta nik uste dut oso garrantzitsua dela haientzat liburu onak egitea».
Erlazionatuta