«Kritikak oso kontuan hartzekoak dira». Nagusiki foku lana aitortzen die Euskadi literatura sariei Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak (Donostia, 1957). Sariak hedabideen fokupean jartzen ditu aditu epaimahai batek nabarmentzat jotako lanak, eta, dioenez, kritikak daudenean ere, foku horren pean gelditzen dira. Ez du aldaketarik aurreikusten sarietan.
Euskadi literatura sariek maiz izaten dituzte kritikak: zaurituta dago haien prestigioa?
Ez dut uste kritika horiek sariaren garrantzia eta daukan harrera hondatzen dutenik. Ia idazle gehienek izugarrizko pozarekin hartzen dute saria jasoko duten albistea, baina egia da badagoela jende bat uko egiten diona sariari. Oxala gertatuko ez balitz, baina gertatzen da. Saria idazle batzuen lana aitortzeko modu bat da, eta haren gainean foku bat jartzeko, eta, horregatik, kritikarik baldin badago, kritika hori ere gelditzen da fokuaren azpian, eta ez da txarra, zeren eta kultura baita eztabaidaren eta disentsuaren esparrua. Egia da kultura ez dela erraz neurtu daitekeen zerbait, adibidez, baina sariak badira lan batzuk nabarmentzeko modu bat; idazleei, marrazkilariei eta itzultzaileei urtean behin sikiera fokua jartzeko modu bat. Aurrerantzean ere jarraituko dute kritikek, eta egia da bere garaian Utikan manifestua sinatu zutenetako askok ere lan literario indartsu bat eta itzal handia dutela atzean.
Koldo Izagirrek dio sariak parean jartzen dituela posizio ezberdinean dauden bi literatura. Bi modalitateena berrikusteko aukera mahai gainean dago?
Ez. Jaurlaritzak bere baitan hartu behar ditu Euskadin bai euskaraz eta bai erdaraz ematen diren kultur adierazpenak. Zergatik? Bada, errealitatea hori delako. Herri hau ez delako elebakarra. Herri honetan bai literatura, bai artea, bai zinema sortzen dira euskaraz eta erdaraz, eta, beraz, hemen sortzen den kulturari aitorpen bat egiteko orduan kontuan hartu behar dira, eta kontsideratu behar ditugu beren jardun kulturala erdaraz egiten dutenak ere. Bestela litzateke esatea euskaraz egiten direnak direla gure-gureak, eta besteak direla Espainiakoak. Eusko Jaurlaritzak kontsideratzen ditu kultur eragile bai batzuk eta bai besteak, hizkuntzaren hautua aparte utzita. Halere, egia da euskarazko lanei ematen zaiela garrantzi berezi bat, bereziki sustatzeko. Baina saria emateko, erakunde guztiek aitortzen dute hemen kultura egiten dela bi hizkuntzatan.
Mikel Peruarenak uko egin zion sariari orain bi urte, eta planteatzen zuen, sariez gain, epe ertain eta luzerako bestelako babesak jarri behar liratekeela martxan.
Sariek urtean behin jartzen dute fokua, baina horrek ez du esan nahi bestelako laguntza eta babes modurik ez dagoenik literaturarekiko eta edizioarekiko. Peruarenak esaten zuena zen, gaizki ulertu ez banuen, urtean behin sari bat ematearekin erakunde batek ez zuela konformatzerik.
Bestelako bide batzuk ere eskatzen zituen berak.
Aurten badago diru laguntza zuzen bat literatura sortzeko lagungarri izan dadin, esaterako, baina urtero laguntzen da liburuen edizioa; bestela segur aski ez litzateke bideragarria izango. Liburuaren edizioaren parte inportante bat diru publikoz ordaintzen da. Liburutegien bidezko liburuen erosketa ere hor dago. Idazleen, itzultzaileen eta editoreen elkarteak ere diruz laguntzen dira, sektoreak izan dezan ziurtatua bere antolakuntza, Etxepare euskal institutuaren bidez ere laguntzak ematen dira nazioarteko azoketara joateko eta egileak ezagutarazteko... Badira hainbat eta hainbat lerro literaturen eta liburugintzaren sektorea laguntzeko. Eta sariak ere hor daude, kate horretan bestelako politika bat ere sartzen delako; alegia, aitortza politika deitzen dena. Ez du balio esatea hori bakarrik egiten denik edo horrekin konformatzen denik Jaurlaritza, ez baita egia. Eztabaida liteke ongi egiten den edo ez, edo zer nabarmendu beharko litzatekeen edo gehiago behar den, baina besterik ez dagoela esatea... Jendea ez da konturatzen non eta zertan egiten diren politikak? Ze batzuetan badirudi ez dela ezer egiten. Harritzen nau horrek.
Joxean Muñoz. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea
«Ezin da esan Jaurlaritza sariak ematearekin konformatzen dela»
Kritikak onartu arren, Joxean Muñozek ez du uste horiek Euskadi sarien prestigioa gutxitzen dutenik. Dioenez, Jaurlaritzak baditu literatura eta edizioa sustatzeko bestelako egitasmoak ere, sariez gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu