Fina izan daiteke istripuaren eta aurkikuntzaren arteko muga. Plan handirik gabe, horregatik, lokalean zein estudioan gertatzen den edozeri heltzeko prest egotea da Ezezez taldearen sorkuntza metodoa. Zerk jauzi egin, hari heldu. Berdin jotzen dute post-rockera, punkera edo surf doinuetara, hala suertatuz gero, eta nahaste espontaneo horren emaitza dira Katuzaldia izeneko diskoa osatzen duten hamabi kantak. Baina taldearen jarrera energetiko eta jolastiak batzen ditu gero guztiak. Ingelesez eta barnerantz begira kantatuz hasi zuten ibilbidea, lehen diskoarekin, eta euskaraz eta kanporantz sortu dute bigarrena.
Unai Madariagak bakarka abiatu zuen proiektua, eta gerora osatu du taldea. Eneko Ajangiz gitarra jotzaileak, Mikel Irigoien baxu jotzaileak, Alvaro Olaetxea bateria jotzaileak osatzen dute laukotea egun, eta, neurri handi batean, laukote izateak berak eraldatu du proiektua goitik behera. Elkarrekin atera eta elkarrekin grabatu dituztelako Katuzaldia diskoko abesti guztiak. 2022an kaleratu zuten When I Think Something Is Funny I Smile diskoaren ia-ia kontrapuntuan. Bigarren diskoa zabaltzen duen Ezezez abestiaren lehen segundoetako baxuaren bizitasunak argi erakusten duenez.
Euskaraz kantatzeko «gogoz» zegoela esan du Madariagak, eta «naturala» izan dela hizkuntza aldaketa. Edonola ere, onartu du euskarak malguago jokatzeko aukera zabaldu diola, eta horrek musikarekin bat egiten zuen kantatzeko modua topatzen lagundu diola. «Hizkuntza bakoitzak ematen dizkizu melodia eta kantatzeko modu batzuk, eta nik banekien zelan ahal nuen sortu eta kantatu abesti bat ingelesez, baina euskaraz ez dut orain arte jakin. Eta zelan izango zen ez jakite horrek berak bultzatu nau estilo hori bilatzera».
Kanten metamorfosia
Aurrez pentsatutako plan handirik gabe, agertuz joan ahala jarraitu diete abestiei entsegu lokalean, eta hala joan dira diskoa osatzen duten hamabi abestiak sortuz. «Oso momentuko zer edo zer da», onartu du Madariagak. «Askotan pasatzen zait lokalean egitea abesti bat, niretzako modu batekoa dena, eta, gero, grabaketa prozesuan, derrepentean, beste modu batera entzuten dut edo beste elementu batzuk argiago ikusten dizkiot, eta, ondoren, jadanik diskoan dagoenean bestelako gauza bat bihurtzen da, eta lokalean hasieran entzuten nuen kanta hori ez dago. Metamorfosi moduko bat gertatzen da; abestia bera izanda, belarria aldatzen zait».
Baina ez da hor bukatzen abestiaren ibilbidea. Madariagak dioenez, zuzenekoetarako ere moldatu egiten dituztelako maiz kantak. «Nahiko malguak dira», esan du. «Parteak aldatzen ditugu, edo, inkluso, hitzak aldatzen dizkiot».
Idles, Viagra Boys eta Parquet Courts taldeak aipatzen dituzte eraginen artean, diskoaren berri emateko prestatu duten orrian, eta badute aipatutako talde horiek erakutsi ohi duten energia azeleratutik zerbait. Baina ez dira hori bakarrik. Horiek ez ezik, post-rocka, surfa, punka, 70eko hamarkadako psikodelia, grungea eta beste hamaika eragin ere identifikatu daitezke-eta haien musikan. Eta baietz Madariagak denei. Onartu duenez, jarrera baita taldearen zutabe nagusia, eta ez hainbeste musika generoa. «Hainbat estilo jorratzen dira kantaz kanta, baina diskoak badauka jarraitutasun bat, eta jarreratik dator hori».
Energia izan dute erronka nagusia, Madariagak dioenez. Orain arte beti egin zaielako zaila taldeak kontzertuetan erakusten duen energia diskora eramatea, baina pozik geratu dira oraingoan, Madariagak dioenez. Eta pozik daude zuzenekoetan topatzen duten giroarekin ere. «Ikusten dugu eszena bat badagoela, gero eta indartsuagoa dena, gero eta gauza interesgarriagoegaz eta gero eta dibertigarriagoa ere bai, eta geu ere horren parte gara».
Marmitakoak sortutako kantak
Eta dibertsio gogo hori ere igar daiteke abestien hitzetan. Marmitako abestiko hitzak nola sortu zituen azaldu du Madariagak. «Euskarak eman didana da gogoa betiko berbak ez erabiltzeko. Ez dut abestu gura, ez dakit, zeruari buruz, ez eguzkiari buruz, ez maitasunari buruz, eta abesten badut horri buruz, saiatuko naiz egiten beste modu batera. Eta, orduan, batzuetan argi ikusten nuen berba hau edo berba hura nahi nuela sartu, eta berba horietako bat zen, esaterako, marmitako, eta gero txipiroi. Eta hor dauzkat bi berba horiek gura ditudanak abesti batean sartu, eta, gainera, leloan, eta gero lan bat egin behar izan dut hori justifikatzeko eta horri intentzio bat emateko. Eta metodologia hori eman dit euskarak. Ez nuen sekula pentsatu neure amamari buruz abesti bat egitea, baina marmitako eta txipiroi agertu, eta hala agertu zen amamari kanta bat egiteko ideia. Eta, gainera, oso punkia. Sendabelar izan da sartu nahi izan dudan beste berba bat, eta abesti osoa sortu dugu berba horren errotik, nahiz eta berba hori dagoen bigarren estrofako izkina batean, eta ez daukan inongo garrantzirik».
Sandro Penna poeta italiarrari hartutako poema batekoak dira diskoan taldeak sortutakoa ez diren hitz bakarrak.
Bakarkako proiektu bat ere badu martxan Madariagak: Unai Unai Unai. 2021ean izen horrekin kaleratu zuen The Living and Dying of a Man diskoa, eta kontzertuak ere eman ditu. Bigarren diskoa ere bidean duela aitortu du —«%80 dago eginda»—, baina geldi du oraingoz bide hori, eta ez daki berriz helduko dion ere. «Stand by batean dago, pause-an. Hor dago kaxoitxo batean gordeta, eta ez dakit irtengo den, edo ez den irtengo. Orain askoz ere motibatuago nago».
KONTZERTUAK