Ezertarako balio ez dutenen alde

Testuinguruak eramanda heldu zen Mariasun Landa haur eta gazte literatura idaztera, euskararen eta kulturaren aldeko mugimenduak hartara bultzatuta, baina genero horretako liburuek duten eragina nabarmendu du Bilbon. Irakurketa publikoa egingo dute gaur haren testuekin, Arriaga antzokian.

Mariasun Landa idazlea, atzo, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan emandako hitzaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Egilea, testua eta hartzailea». Komunikazioaren oinarrizko eskema klasiko orbangabe hori irudikatu zuen lehen-lehenik Mariasun Landa idazleak, atzo, Bilbo Zaharra forumak haren lanari eskainitako hitzaldi zikloan, eta berehala egin zuen zehaztapena. «Eskema hori aldatu egiten da haur eta gazte literaturan, tartean dagoelako heldua, eta beti kontrolatu nahi izaten duelako edukia. Obsesionatuta umeak ikas dezan. Eta horrez gain, kontrolatu nahi izaten du zer pentsatu eta nola pentsatu». Literatura pedagogiko hori eraisterik proposatu gabe, bestelako literatur esperientzia baten defentsa egin zuen idazleak. «Literatura utilitarista asko eta asko egiten da. Hala izan beharko du, eta ni ez naiz kontra hasiko: egiten bada, izango da irakasten duelako zerbait, baina benetan gustuko literatura hori, gutako batzuk idazle izatera eraman gaituena, hori beste zerbait da».

Ez zen hasierako plana, halere. «Gazte nintzenean, uste duzue nik umeentzat idatzi nahi nuela? Barre egiten dut, ze gaztetan Simone de Beauvoirizan nahi duzu, edo Virginia Woolf; hortik behera ez. Baina kontestuak eramaten zaitu».

Zauri linguistiko bat aipatu zuen idazleak abiapuntutzat, eta etxeko hizkuntza mapa egin zuen hori azaltzeko: «Ni naiz hirugarrena: lehenengoari euskara erakutsi zioten, bigarrena hiru urterekin hil zen, eta hirugarrenari, niri, erdara hutsean egiten zidaten». Hazten joan ahala, ageriko egin zitzaion hutsune hori; gazte zela, «errebeldia foku bat» ere bazen hizkuntza, eta hala berreskuratu zuen euskara. «Frantziatik itzultzen naizenean [ikasketak Parisen egin baitzituen], eta hemen gure kultur munduaren alde borroka egin nahi nuela erabaki nuenez, sartu nintzen hastapenetan zegoen ikastolen elkartean». Eta hor sartuta, «era naturalean» hasi zen aurrean zituen umeentzako ipuinak idazten. «Dena zegoen egiteko».

Bitartekari «onen» falta

Landak gogoratu zuenez, sasoitsuan hasi ziren argitaletxeak ere martxan. Galeusca eta bestelako egitasmo batzuen bidez ere, nahiko bizia zen euskal literaturaren hartu-emana literatura katalan eta galegoarekin, eta «erraz xamar» argitaratzen ziren horregatik euskal liburuak hainbat hizkuntzatan. Baina, Landak esandakoaren arabera, are zabalagoa ere bazen argazkia. Orduantsu topatu zuen ikastetxeetarainoko zirrikitua gazte literaturak. «80ko hamarkadako iraultza kultural moduko hartan, haur literatura sartu zen eskolan. Hori boom bat izan zen, eta horrela deitu izan diote adituek ere: hemen gertatu zen hori, baina baita Frantzian ere, eta Austrian, eta... Kristoren merkatua zegoen, eta hor dirua ere mugitzen zen».

Landaren hitzetan, denbora gutxian «izugarrizko bidea» egin du euskal literaturak, hala orokorrean, nola haur eta gazte literaturaren esparruan ere, baina sistema literaturaren aldeago lerratuko duten mekanismoen falta sumatzen du. «Nik, konkretuki, faltan botatzen ditut bitartekari onak. Testuetara hurbildu, gozatu eta transmitituko dituztenak. Ikastetxeetara etorriko direnak eta erakutsiko dutenak nola landu literatura; modu goxo eta estrategiko baten bidez nola lotu umeak literaturari».

Guztira, 40 bat liburu ditu argitaratuak Landak, eta sari sorta garrantzitsua ere badu. Haur eta Gazte Literaturako Nobel saritzat jotzen diren Andersen sarirako hautagai ere izan zen 2008an, Espainiako ordezkari modura, eta momentu hura ere izan zuen gogoan idazleak atzokoan. «Andersen sarirako hautagai izan nintzen, bai, baina, tira, denok genekien ez nintzela aterako. Badakizue ze azpiegitura behar den sari hori ateratzeko? Halako hizkuntza txiki batek ezin du, ezta Espainiak berak ere, baina hautagai izatea ere asko iruditu zitzaidan, eta pozik onartu nuen izendapena, kontuan harturik, gainera, espainiarrek, euskaldunek, katalanek eta galiziarrek elkarrekin hautatu nindutela hor egoteko».

Kanon inplizitua

Haur eta gazte literatura literaturaren kanon orokorretatik kanpo egoteak mintzen ote duen galdetu zioten hitzaldiaren ostean, eta ezetz erantzun zuen Landak. «Oso ideologikoa da: haur eta gazte literatura ez da egon kanon horretan, baina emakumezkoen literatura ere ez». Eta jarraitu zuen gogoetak: «Haur eta gazte literatura ez dago kanon esplizituan, baina inplizituan bai. Kanon horren parte diren idazle guztiei galdetu —gizonezkoak izango dira denak, noski—, eta denek esango dizute Altxorraren uhartea izan zela bere erreferentzia, eta esango dizute Robert Louis Stevenson... Lan horiek irakurtzen dira oso modu porotsu batean, eta garai hartako irakurketak betiko geratzen dira. Gure adineko emakumezko idazleen artean galdera egin digute, etadenok aipatu dugu Mujercitas».

Landaren atzoko hizketaldia hitzaurreko moduko bat izan zen, ordea. Irakurketa publikoa antolatu baitu gaurko Bilbo Zaharra euskaltegiak Landaren lanekin. Gaur goizean hasi eta eguerdira arte, 200 irakurle inguru batuko dira Bilboko Arriaga antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.