«Ezerk ez du ziurtatzen munduak hobera egingo duenik»

'Euskal harriak' saiakera kaleratu du Joseba Azkarraga Etxagibelek, garapen ereduari buruzko gogoeta bat

Duela hiru urte atzerrian hasitako ikerketa batzuetatik abiatu da Azkarraga. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Gaur egungoa ez da krisi ekonomikoa, ezta gutxiagorik ere; askoz ere zabal, larri eta kezkagarriagoa da». Joseba Azkarraga Etxagibel soziologoaren hitzak dira (Abadiño, Bizkaia, 1972), eta horiexek laburbiltzen dute Euskal harriak saiakeran (Alberdania) jaso duen tesi nagusia.

«Krisi ekonomiko horri erantsi beharko genioke egundoko krisi energetikoa, klimatikoa, bioaniztasunarena, hizkuntza komunitateen eta kultura aniztasunaren krisia, elikagaiena, politikoa, psikologikoa... Nola kokatzen da gure herria hor?». Duela hiru bat urte AEBetan egindako ikerkuntza egonaldi batetik abiatuta, garapen ereduari buruzko gogoeta batean murgildu zen Azkarraga. «Ikerkuntzak bildu ditut, baita atzerrian hainbat lagunekin izandako solasaldietatik ateratako ikasbideak ere». Horrekin batera, munduaren osasunari buruzko txosten bat egiten saiatu da, eta %80ean atzerrian idatzita badago ere, «Euskal Herrirako idatzitako liburua da, eta Euskal Herritik idatzia», haren arabera.

Egoeraren azterketa kritikoa egin du Azkarragak, «tonu kezkatian bai, baina ez ezkorrean». Datuak hartu ditu oinarri ondorioak ateratzeko, eta horietako batzuk bildu ditu liburuan. Hala ere, «irakurtzeko erraza eta publiko zabal batentzako lana» dela nabarmendu du.

Prospekzio lana

Hazkunde ekonomikoaren ideiarekin gertatzen dena bereziki bitxia iruditzen zaio: «Hazkunde ekonomikoa berriro noiz helduko zain bizi gara, ideia horrek segurtasuna ematen digulako. Baina hazkunde garaian ezberdintasun sozio-ekonomikoek gora egin dute; ingurumenaren degradatzea oso handia izan da, eta ongizaterako ezinbestekoak diren baliabideak agortzen ari zaizkigu». Zer da, beraz, hazkunde ekonomikoa? Soluzioaren muina ala galbidearena? «Uste dut ez dagoela adorerik euskal politikagintzan galdera lotsagabe hori egiteko; beharbada Europa osoan ere ez dute adorerik». Metafora bat baliatu du azalpena argitzeko: «Norbaitek artsenikoa jarri digu plater batean. Lasai asko jaten jarraitzen dugu, eta, gainera, plateraren goxoa txalotzen dugu».

Euskal abertzaletasuna post-hazkundearen garaian nola kokatzen den ere aztertu du Azkarragak, baita euskal herrigintza politiko zein kulturalak etorkizunean izango duten tokia ere. «Uste dut azken urteetan burujabetza politikoan tematu garela, eta garrantzitsua izan daiteke burujabetasunaren ideia hori beste esparru batzuetara zabaltzea».

Mundua aldatzeko askotariko ikuspegiak gailendu dira urteetan, «bestelako mundu bat posible da» eta «bestelako mundu bat beharrezkoa da» esapideen bitartez. Azkarragaren ustetan, ordea, mundu horrek beste ezaugarri bat du. «Bestelako mundu bat saihetsezina da, eta ezerk ez du ziurtatzen munduak hobera egingo duenik».

Gaur egungo egoera aztertzeaz gain, etorkizunera begira ere jarri da Azkarraga, gizarte zientzien arloko saiakeretan halakorik egitea ohikoa ez bada ere. Alde horretatik «ausart» jokatu duela iritzi dio, horrelako kasuetan aukera asko izaten baita hanka sartzeko. «Pentsatu izan dugu errazagoa izango zela zerriak hegan ikustea desglobalizazio mugimenduak ikustea baino, eta nik uste dut garrantzitsua izango dela etorkizunean egitura deszentralizatuak, egitura autoantolatuak eta eskala txikiagoko egiturak garatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.