Ezer alda ez dadin aldatu beharrekoa

Euskal literaturak sarean dituen erronkez aritu dira Bilbon Susa argitaletxeko Mikel Elortza eta Elkarreko Olatz Osa. Argitaletxeek datorren horretara egokitu beharko dutela uste dute biek ala biek.

Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Dena aldatuko da, baina ez da ezer aldatuko. «Idazlea, testua eta irakurleak osatutako hirukiak berdin jarraituko du. Testuen kopiak saltzeko eta banatzeko bideak dira aldatuko direnak». Transformazio garai batean da argitalpengintza, Mikel Elortza Susa argitaletxeko kidearen hitzetan. Paperezko edizioarekin batera, edizio digitala ere zaindu beharko dute aurrerantzean argitaletxeek, eta horri nola erantzun asmatzea da orain giltza. Eta handia da erronka, Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduradunaren arabera: «Orain ari gara eraikitzen etorkizuneko merkatua. Horregatik komeni da egin beharreko urratsak ongi pentsatzea». Euskal literaturaren etorkizun digitalaz aritu dira bi adituak Bilbon, Liburutekia jardunaldien barruan. Paperik gabeko literaturaren paperaz.

Baikor hasieran Elortza: «Gure argitaletxeak azken urteetan izen bat hartu du literatura munduan, eta horretan kulpa handi bat izan du Internetek». Liburuak sarean jarri eta konpartitzeko politikagatik izan da. Katalogo ia osoa jarri dutelako sarean —libre eta ordainpean, bietara—, eta euskal literaturari eskainitako www.armiarma.com ataria ere sortu dutelako. Eta alde izan dituztelako sortzaileak ere. Haiek ere ulertu dutelako apustua. «Katalogoko idazle guztien artean bik baino ez zioten proposamenari ezezkoa eman, eta haietako batek iritzia aldatu zuen gerora». Horregatik Elortzaren baikortasun ukitu hori. «Txiki izateak ez du derrigor txarra izan behar».

Neurtutako baikortasuna da, halere, harena. Izan ere, handi dira urak Interneten. Eta zaila da ozeano horretan inoren lana ikusgarri bilakatzea, eta are zailago lan hori euskarazkoa bada. Izan ere, Elortzaren ustez, euskarria da aldatuko den bakarra. Merkatu logika zaharrean iraun beharko du euskarri berriak ere. «Liburu denda txikiak itxi, eta Fnac handira pasa gara paperezko liburuekin, eta berdin pasatuko da Interneten ere». Eta, beraz, zer egin? «Gaur egun disko produktoreek duten jardunarenera hurbilduko da gure egitekoa. Argitaletxeak marka moduko bat bilakatuko dira. Gaur egun ere Elkarrek edo Susak berme batzuk eskaintzen dizkiote irakurleari, eta aurrerantzean biderkatu egingo da funtzio horren garrantzia. Interneten ikusgarri izateko, norbaiten berme hori beharrezkoa izango da». Paperarekin dagoen arazo bera, hortaz, baita paperik gabe ere. «Euskal liburugintza bigarren mailakoa da liburu dendetan beste hizkuntzetako literaturen alboan, eta digitalean ere hori gertatzen zaigu».

Bideragarritasunaren ataka

Elortzak: «Sistema berri bat asmatu behar da, baina ez dugu guk asmatuko, amerikarrek asmatuko eta guk aplikatu egingo dugu». Eta Osak ere baietz, baina argitaletxeen ardura azpimarratuz: «Sistema hori gurera egokitzea izango da gure ardura. Egokitzapenik egiten asmatu ezean, sistema horrek ez du gurean iraungo. Euskal kulturgintzak ezaugarri bereziak ditu, eta hori kontuan hartu behar da. Kanpoko ereduak ez dira bere horretan aplikagarriak».

Lau dira ardatzak edizio digitalekin lan egiteko, Elkarreko arduradunaren arabera. Bat: eskaintza erakargarri eta oso bat egin beharra. Bi: jabetza intelektuala babesteko premia. «Edukiak saltzen ditugu, eta hor lan bat dago. Egilearena, editorearena eta beste askorena, eta hori indarrean jarri, baloratu eta ordaindu beharra dago». Hiru: prezio politikari buruzko erabakiak edukiak sortzen dituztenen esku uztea, teknologia sortzen duten enpresak bazter utzita. Eta lau: sistema eramangarri bat sortu beharra. Azken hori, batez ere. «Sistema jasangarria etorriko da, bi edizioen konbinaziotik. Bien bideragarritasunak ekarriko du sistema eutsigarria izatea». Baina hori nola lortu da koska, eta oraingoz galderak dira nagusi.

Armiarma.com atariak egindako lana txalotzekoa dela uste du Osak. Euskarazko klasikoen testuak bildu dituzte bertan, euskal liburuei egindako kritikak, idazleen fitxak, euskarara itzulitako kanpoko autoreen lanak... Denak libre. Laudatzekoa dena, Osaren arabera, baina ezin zalantza erabat uxatu. «Promozio ikuspegitik erakargarria da egitasmo hori. Jendea erakar dezake. Sortzen den galdera da ea eredu hori jasangarria den». Hori, haren duda. «Epe luzerako bideragarria den eredu bat da sortu behar duguna». Posible ote den galdetuta, ordea, berriz zalantza. Esperantza izan nahi lukeela Osak, baina zail ikusten duela. «Euskarazko ediziogintzan paperezko edizioa ere jasangarritasunaren mugara iritsita dago. Argitaratzen ditugun liburu gehienek ez dute bueltan ematen behar duten inbertsioa. Eta ez da salbuespen bat. Ez dut esan nahi berez Interneten errua denik, baina lehen paperean erosten zuten irakurleek, orain digitalean erosten badute, eta digitalean ez badugu planteamendu jasangarri bat egiten, ekuazio horrek ez du ematen». Herri erakunde publikoen beharra funtsezkoa da horregatik, Elkarreko kidearen hitzetan. «Jasangarri izango bada, herri erakundeen babesarekin izango da jasangarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.