«Kultura alternatiboa eta oinarrizko kultura sustatzeko plataforma bat da». Hitz horiekin definitu du KA Kultura Alternatiboa Jokin Telleriak, plataformako kideetako batek. «Plataforma hau horizontala da, irekia da, integratzailea da, kolektiboa da», gehitu du. «Erakundeek eta kanonek ezarritakotik aparte dagoen kultura bat batzeko eta sustatzeko asmoa du KAk», beste kide batek, Iñaki Arizmendik, azaldu duenez. «Oinarrizko artisten ezinegon horrek elkargune honetara ekarri gaitu, eta horrela sortu da KA». Urtebete da KA sortu zenetik; 200 sortzaile, agente eta norbanako biltzen ditu, eta kide horiek aurten egindako 600 kultur ekitalditan izan dira protagonista. Horrez gain, KAzeta 28 fanzinearen lehen zenbakia kaleratu zuten urriaren 28an KAko kideek, eta aurrerantzean hilero, beti hilaren 28an, fanzinearen beste zenbaki bat kaleratuko dute.
«Egin ditugun topaketa batzuen ondoren, lantalde batzuk osatu ditugu, eta proiektu batzuk ditugu esku artean», azaldu du Telleriak. «Komunikazio taldea dago, webgunearen taldea, diseinu orokorra, jaialdiak... Jaialdi batzuk ditugu egiteko. Donostia 2016k 20.000 euroko laguntza eman digu ehun ekimen antolatzeko, eta ehun ekimen horiek izango dira KA ezagutarazteko, hori izango dute xede nagusi. Ez dira ekimen soilak izango. Geuk elkarren artean ezagutzeko eta gu ezagutarazteko balioko dute».
2012an egindako open space edo elkarrizketa kolektibo baten bitartez jaio zen KA. «Bilera handi batean, ideia pila bat agertu zen Euskal Herriko arteari eta sorkuntzari buruz, oso ideia interesgarriak», ekarri du gogora Telleriak. «Kultura alternatiboa edo oinarrizko kultura eta elkartasuna, bi ideia horiek, asko gustatu zitzaizkigun, eta hortik abiatuta beste topaketa bat egin genuen, bi ideia horietatik abiatuta plataforma lantzen hasteko. Margolariak, musikariak, aktoreak... denetarik biltzen du plataformak».
Arizmendiren ustez, denek «antzeko beharra» zuten: «entzunak izatea». Oinarrizko artista gehienen lana isilpean ezkutatuegia dagoela uste baitu. «Beste artistek entzun gaitzaten behar dugu, eta oro har artea egiten duen eta artearentzat bizi den jendeak entzun gaitzan».
«Ikusezina den kultura ikusarazi nahi dugu», dio Telleriak. «Horretarako batu nahi dugu, eta ikusarazpena landu, modu kolektiboan. KA guztiona da. Ez da agente batena, instituzio batena edo elkarte batena. KA erreferente izanda, nahi dugu ikusarazi zenbat jende dagoen artearen eta kulturaren munduan gauzak egiten. Plataformako kide guztienemanaldiak modu bateratuan ikusarazten hasi gara, eta aurten 600 ekimenetik gora daude».
Aurrera begira, «espazio gehiago» nahi dituzte, «artista gehiago, eta parte hartzea handitzea, gero eta jende gehiagok parte hartzea plataforman». Donostian sortua da KA, eta Donostia aldea du oraingoz esparru naturala, baina esparru hori Euskal Herri osora zabaltzeko ez dute inolako eragozpenik sortzaileek.
Erakundeetatik independentea izan arren, KAko kideek argi dute, Arizmendik azaldu duenez, beren lana erakundeek kulturaren arloan egiten dutenarekiko «paraleloa» dela; baita «nahitaez» erakundeetatik «elikatu» behar dutela ere. «Baina batez ereatzean ez dirurik, ez azpiegiturarik, ez entzungo dionik ez duen jendeari egiten diogu dei, denon artean osatzeko herritarron artearen benetako ispilua».
Ikuspegi «artistikoa»
KAzeta 28 fanzinea «guztion ideia eta proiektuak ikusarazteko» asmoz sortu du KAk, plataformako beste kide batek, Lide Hernandok, azaldu duenez. «Ohiko sailak ditu: kronikak, erreportajeak, elkarrizketak, zutabeak... Baina dena ikuspegi artistiko batetik begiratuta dago sortua, azken batean artistak baikara. Lan guztien edukiek dute zerikusia artearekin».
«Fanzinearen helburu nagusia», Hernandok azaldu duenez, «KAren lana islatzea da, batetik, eta artearen eta kulturaren inguruan dauden ikuspegiak eta iritziak jasotzea, bestetik. Gure ezinegonak eta gure pozak islatu nahi ditugu, artearekin zerikusia duen guztiaren inguruan».
Ezarritako kanonetatik kanpo
«Ikusezina den kultura ikusarazteko» sortu dute Kultura Alternatiboa plataforma.200 sortzaile, agente eta norbanakok osatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu