Nola heltzen diozun da kontua, kokolo kaikua. Antzerki eskolan ez al zenuen ikasi gauza arinei astunagoak balira bezala eusten?
«Ananarena ideia ona izan liteke», esan du Erik-ek. Erik mintza, legearen hitza. Bera da izarra. Gaueko hamarrak hamar gutxi izanagatik, izorrai, telesaileko atrezzo arduradunak anana bat aurkitu beharko du, kosta lain kosta, jaioberriaren eszena gauerdia baino lehen grabatuko bada. Norbaitek zalantzarik balu, ni naiz atrezzo arduraduna. Bullit estilora gidatu behar izan dut erdiguneraino. Egun osoan zabalik den orotariko dendan erratza pasatzen ari da Oswaldo, eltxoak dabiltza fruta sailaren gainean aurreskua dantzatzen. Harriduraz entzun du nire eskaera. «Hau eraman zenezake, gaur jatekotan: bihar jada gozoegi egongo da». Kulebroietan lan egiten dut, zer kontatuko dit niri inork gauza gozoegiei buruz?
Trumoia. Autotik atera orduko harrapatu nau zaparradak. Aparkalekuko txartelik ez dudanez, mela-mela iritsi naiz platora. Et voilà, anana bat. «Anaren anana!», bota du Erikek. Falta zitzaidana. Eszena mutua da, baina zuzeneko soinuarekin grabatu nahi dute. Estudioa ez dago ondo isolatuta eta euri hotsa sartzen da mikroetatik. «Moztu!». Erik kaletik gabardina busti batekin sartzea proposatu du norbaitek, baina joan-eta-bila gabardina egoki bat. Atertu arte itxarongo dugu. Ez dauka berez konplikaziorik: Erik etxera iritsi da. Paula, orkidea zurbilaren kolore bereko kulunkaulkian dago lo, umea (anana) alboko sehaskan duela. Anana (umea) isilka lapurtu eta, Rothkoren koadro laranjaren ondotik pasatuz, alde egin behar du Erikek.
«Moztu!». Orain ere bada zerbait. «Ananaren gandorra ikusten da!». Anana ez bestea, meloi kaskamotza ekarri behar genuen, hara. Paulak besoetan hartu eta tapakiarekin estali du ananaren koroa berdea. Paulak badaki ananari ume bat balitz bezala heltzen. Erikek, ordea, anana bati bezala eusten dio. Paula eta Erik, bikote protagonista, emisioan hamar urte daramatzaten telesail guztien kanonari jarraiki, ez da elkarrekin batere ongi konpontzen, ez fikzioaren barruan eta ezta kanpoan ere.
Steve McQueen-en modura gidatu izanak eragin du nire Minian ondoriorik. Ez du arrankatu nahi. Ekaitz mehatxua kanpoan, autoaren motorra erlats. Erikek bere burua eskaini du, adeitasun susmagarriz.
«Mini horretaz fidatzea ere... Badakizu T. Rex taldeko Marc Bolan halako batean hil zela zuhaitz bat jota, 1977an?».
Erik, Efemeride Alaien Jauna!
«Hurbilduko zaitut nik, sartu».
BMWaren larruzko tapizeriaren usaina modu zorabiagarrian nahasi da Erikek azken hirurogei minutuetan besarkatu duen anana ustelaren lurrinarekin. Horri egotz diezaioket, besteak beste, bere gonbitari baiezkoa eman izana.
«Hartuko dugu azkena nire etxean?».
Baga, lehena ere hartu gabeak gara artean, eta biga, okaztagarria da galde moldea. Baina inozo honen apartamentua nolakoa izango ote den jakiteko morboa piztu zait.
Berandu iritsita ere inor ez gogaitzeko moduan, ongi olioztatuta dago sarraila. Argiaren giltzak zarata handiagoa atera du ia, atea zabaltzean egin duguna baino.
«Harrituta?».
Altzariak. Eskala. Proportzioa. Distantziak eta disposizioa. Rothkoren poster laranja leiho ondoan. Kulunkaulki zuria, orkidea bezain zurbil. Platoko egongela berbera.
«Horrela, platora joaten naizenean, etxean bezala sentitzen naiz».
Mutu geratu naiz hasieran. Berak segitu behar izan du:
«Txantxa da, neska. Gidoia askoz errazago ikasten dut modu honetan».
Serio ustean botatakoak txantxak baino bromosoago ateratzen zaizkion horietakoa da Erik. Labur esanda, motza. Nolabait aurkitu ditut hitz batzuk, bere pitzaduraren neurgarri:
«Logela ere… platoko iguala al da?».
Motza ni izan naiz oraingoan, ordea.
«Hainbesteko presa daukazu nirekin oheratzeko?».
Telebistako plato batean egon den edonork daki apartamentu horiek telebistan ikusita baino ez direla erakargarri. Inori ez litzaioke otuko dekoratu bat xehetasun guztiekin bere etxean berregitea. Zinemaren eta telesailen arteko ezberdintasuna horretantxe datza, hain zuzen: set-aren hondoko leihotik ikusten den paisaia faltsua izateaz gain, sabaiak ez dira existitzen; kamerak nekez egiten du gorantz, lepa-zurruna baita. Bai, jakina, badakit plataformek guztia aldatu dutela. Baina gure telebistaz ari naiz ni.
«Platoko sofa IKEAkoa da eta hau ez. Zortzi ezberdintasunetara jolas gaitezke, nahi baduzu».
«Paula egon al da inoiz hemen?».
Barre egin du Erikek, sudurraz izter biluziak laztantzen dizkidala.
«Etxean esan nahi duzu, ala izara artean?».
Ze arraiotan zabiltza, Ana? Nolatan pasa ahal izan duzu gaua zoro honekin? Lehenbailehen hanka egin behar zenuke. Eta, hala ere, ezin.
«Gidoigile izan nahi duzula entzun dut. Egia al da?».
Baiezkoa egin dut, zalantzati.
«Kazetaritza ikasi nuen, baina gehiago interesatzen zait fikzioa».
«Gure saioa agortuta dago... Gidoigileak behar ditugu. Esan, zuk nola jarraituko zenuke istorioa?».
«Ume lapurretarena ala bere etxean fikziozko platoa berreraiki duen aktore obsesiboarena?».
«Ez dira biak istorio berbera, ala?».
«Nik hauxe egingo nuke: bikote protagonista hona ekarri eta erabat alderantzizkoa litzatekeen trama bikoitz bat sortu. Fikzioan gaizki moldatzen zarete; hemen, ongi. Fikzioan umea lapurtzen diozue elkarri; hemen, ez daukazue haurrik, izateko asmoa baduzuen arren. Atalek aurrera egin ahala, zuen benetako trama gaiztotzen joango da eta fikziozkoa goxatzen. Bat-batean, fikzioan umea desagertu edo hil egingo litzateke, eta, paraleloki, zuek etxean adiskideturik agertuko zinatekete, haurdun zaudetela jakin berri duzuelako».
«Metafikzioa. Ez dago gaizki. Agian egin dezakegu zerbait…»
«Benetan?».
«Badakizu zer litzatekeen ideia ona orain? Anana apur bat, gosaltzeko».
«Serio ari zara?».
«Badago denda bat oso goiz zabaltzen dutena, hortxe, kalearen jiran. Saiatu atzokoa bezain gozoa ez ekartzen. Bitartean kafea egingo dut».
Esanekoa ni. Eta ergela. Anana erosi eta ziztuan itzuli naiz Eriken apartamentura. Kax-kax jo arren, erantzunik ez. Txirrinaren aukera hor zegoen. Baliatu egin dut. Atrezzo arduradunak beti jotzen du bi aldiz —baita hirutan ere, behar izanez gero—, baina berehala jabetu naiz sasikumeak ez zeukala atea zabaltzeko asmorik.
Psikopata urdea. Ananakada pare batez txikitu dizkiot BMWari atzerako-ispilu biak. Autoa ikusten duenean, ezarritako gidoiari jarraiki, jaioberri batek bezala egin behar luke negar.