Ezagutzaren euskarriari omen

Bilboko Euskararen Etxeak ‘Liburuaren Arbola’ erakusketa ibiltaria antolatu du. Gorka Arresek ondu du. Liburuaren izaera eta historia ezagutaraztea da helburua.

Zenbait lagun Liburuaren Arbola erakusketa ikusten, Portugaleten. EUSKARAREN ETXEA
Natalia Salazar Orbe.
2022ko urriaren 7a
14:43
Entzun

Gaur egungo gizakiekin zein etorkizunekoekin mintzatzeko aukera eskaintzen du liburuak. “Gure pentsamenduak eta esperientziak, gaurkoei ez ezik, etorkizunekoei ere konta diezazkiekegu. Gure esperientzien, jakintzen, pentsamenduen, sentimenduen fantasien gurpila da liburu bat, denboran aurrera ibil daitekeena”. Hala deskribatu du liburuaren izaera Gorka Arrese editoreak (Zarautz, Gipuzkoa, 1965). Hark osatu du Euskararen Etxeak prestatu duen Liburuaren arbola erakusketa.

Liburuaren izaera horrek, gurpilaren ostean, Historiako bigarren asmakizun handiena bilakatzen duela uste du Arresek. Hori guztia erakusketa batean islatu du, sei ataletan banatuta. Portugaleten dago ikusgai, oraingoz. Liburuaren izaera eta historia ezagutaraztea du helburu.

Hizkia

Erakusketaren lehen atalak hizkia du ardatz. “Hizkia da idazkuntzaren elementurik txikiena”, azaldu du Arresek. “Zer den hizki bat, zer-nola funtzionatzen duen, zer anatomia edo forma daukan, eta zer garrantzia daukan” aztertzeko elementuak jaso ditu erakusketako atal horretan.

Idazlea

Bigarren atala idazleari, eta idazlearen inteligentzia eta irudimenari buruzkoa da. “Liburu bat, kontakizun bat edo jakintza bat —dela fisikakoa, kimikakoa, historiakoa, legezkoa zein ekonomiakoa—, norbaitek idatzi behar du”, esan du Arresek. Norbait hori jarri du atal horren erdigunean.

Bizkaiko idazleen 70 liburu ingururen azalak ere jaso ditu, eta ikusgai jarri ditu atal horretan. “Idazlea nor den ikusi ahal izateko erakustaldi bat egin dut”. Literaturaren esparruan oinarritu da idazleen liburuen erakustaldian. Hala ere, argitu du erakusketa ez dela literatura liburuetan soilik oinarritzen; “liburua bere esentzian du ardatz”.

Oihalaren mintzoa

Hirugarren atalak testua du ardatz. Testua oihalaren metaforarekin azaltzen du Arresek: “Forma bat hartzen du, gero eta handiagoa, egitura bat, eta, noski, estilo bat”, esan du. Hain zuzen, adierazi du lerroz lerro osatutako paragrafoek betetzen dituzten orrien bidez “oihal handi bat” osatzen dela. “Lerrotik geometria moduko gauza handi batera pasatzen da, eta, orduan, testuak materialtasun bat hartzen du, gorputz bat, egitura bat eta estiloa, jantzi batek bezala”.

Hizkuntzak ere testuen eta ehungintzaren artean egiten duen lotura ekarri du gogora: “‘Zer joskera polita duten lapurtarrek’, esaten dugu; edo ‘zer ondo ebakitzen dituen horrek hitz guztiak'; ebaki, ahoskatu adierazteko, oihal bat ebakitzen den bezala. Edo ‘zer ondo jarraitzen zaion haria horri'; edo pertsona kultuarengatik ‘zer pertsona jantzia’ esaten da”.

Liburuaren biologia

Laugarren atalean liburuaren biologia azaldu du Arresek: zer forma hartzen duen. “Liburu hitza liber izenetik dator. Latinez, enborraren azalaren barnealdea esan nahi du”. Liburuak gaur egun kodex eran egiten direla ekarri du gogora. “Kodex-ek enborra esan nahi du”. Hainbat hizkuntzatan liburuaren izena arbolari eta enborrari lotuta dagoela azaldu du editoreak.

Inprimategia

Inprentaren garrantzia azpimarratzen du bosgarren atalak. “Inprimategiari esker, liburuak saldoka egiten dira, seriean”. Horren ondorioak ekarri ditu gogora Gorka Arresek: “Jendea ikasten hasten da, matematikariak liburuak eta beren aurkikuntzak argitaratzen hasten dira; itzuli ere egiten dituzte”.

Inprentak dakarren liburuen ugaltzeari esker, “alfabetizazio graduak hazi” egin zirela ere esan du, eta kontzientziak eta politika aldatzen ere lagundu zuela. “Hain bizkor aldatzen da dena, ze lau mende eta erdian elektrizitatea aurkitu eta zabaltzeraino iristen baita gizakia. Eraldaketa horren tresna nagusia liburua izan da”, ondorioztatu du.

Editorea eta idazlea

Gorka Arresek azken atalean jaso du urtean gutxi gorabehera zenbat liburu argitaratzen diren euskaraz. 2020an 2.500 izan ziren. Gehienak paperean argitaratzen direla aipatu du, eta kontuan izan behar dela gehienak eskola liburuak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.