Ezagutzak behar duen espazioa

Donostiako KMKn jarri duten 'Biharko liburutegi guztiak' erakusketan zenbait gogoeta ageri dira liburutegiek gizartean duten presentziaz eta herritarrekin duten harremanaz

Alicia Framisen Debekatutako liburuen gela obran, historian zentsura jasan duten liburuak irakur daitezke. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Bere etorkizuna zehazki zein izango den eta barnean jasoko duen liburutegiak gizartearekin eta herritarrekin zein harreman izango duen zehaztuko duen proiektua egiteko dagoela, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea, bere buruari ez ezik, iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko liburutegiei ere begira jarri da, ezagutza biltegi horiei eta liburuari berari buruzko gogoeta eginez. Biharko liburutegi guztiak erakusketak ibilbide bat proposatzen du mundu osoko 11 liburutegi eta kultura zentrotan barrena, eta horiekin harremanetan jartzen ditu hamalau arte proposamen. Erakusketa gaur zabalduko dute, eta ekainaren 1era arte egongo da irekita.

Etengabeko garapenean dagoen kontzeptua da liburutegiarena, Jordi Carrion komisarioaren arabera, nahiz eta pertsona bakoitzak liburutegiaren ikuspegi bat duen: «Liburutegia izan daiteke haurtzarokoa, bakoitzak etxean duena, auzokoa... Baina hori ere garatzen ari da, eta liburutegia beste forma batzuk ari da hartzen digitalizazioarekin: Youtube, Netflix, Spotify...». Carrionek uste du bi «galaxia» horiek, «Gutembergena eta digitala», elkar ulertzera kondenatuak daudela.

Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa areto osoa hartzen du proiektuak, eta liburutegiak barnean biltzen dituen kontzeptu ugari jasotzen ditu: saiakera, dibulgazioa, kultura, artea... Hibridoa da, alde horretatik, Alexandriako liburutegia, historiako lehen liburutegi erraldoia izan zen bezala. «Alexandriako liburutegia erakustaretoa izan zen, baina baita kontserbaziorako eta gurtzarako lekua ere. Mediateka bat zen, gune hibrido bat, zeinetan ikerketa, irakurketa eta transkripzioa landu zituzten».

Bakuninen liburuak

Erakusketa aretoaren erdigunean Koldo Mitxelena Kulturunearen maketa bat jarri dute, eta, ondoan, apal batzuk, KMKko liburutegian daudenen berdinak. Eta, hormaren bestaldean, Karmelo Bermejo euskal artistaren (Malaga, Espainia, 1979) bideo bat. Bertan, Bermejok berak landutako ekintza bat ikus daiteke: Ray Bradburyren Fahrenheit 451 nobelari keinu bat eginez, Mijail Bakunin pentsalari anarkistaren 3.000 liburu erosi, eta plaza batean erre zituen. Erosketa handi horrekin, baina, Bakuninen lanak gehien saldutako liburuen zerrendetan sartu ziren, eta horrek, gurpil batek bezala, bestseller bihurtu zituen une batez.

Handik oso gertu, Ignasi Aballiren (Bartzelona, 1958) Entziklopedia obra jarri dute. Egurrezko altzari bat, finean, egurrezko 114 liburu ale biltzen dituena. Urte askoan etxe askotan izan diren entziklopedia erraldoien isla gisa. Aballi: «Entziklopediak dira gizateriaren ezagutzaren biltegiak, gizakiaren ezagutzaren inbentarioa egiten dutenak. Kontainer hermetikoki itxiak». Kultur edukiak baino gehiago, entziklopediaren apaingarri izaerak pizten du Aballiren arreta: «Koadro bat dirudi».

Beste gela batean, Aby Warburg arte historialariak XX. mende hasieran sortu zuen liburutegiaren gaineko erreferentziek—30eko hamarkadaren hasieran eta nazismoaren beldurrez, Londresera eraman zituzten liburutegia osatzen zuten 60.000 aleak— bat egiten dute Alicia Framisen (Bartzelona, 1967) Debekatutako liburuen gela obrarekin. Bunker moduko batean sartu ditu historian non edo non zentsuratu izan dituzten liburuak, eta eserlekuak jarri ditu libururen bat hartu eta irakurtzera gonbidatuz.

'Kapitala', berridatzia

Milena Bonilla (Bogota, 1975) duela ia hamabi urte hasi zen, «ezkerrak jasaten zuen estigmatizazioaren ondorioz», Kapitala / Ezkerrarekin trebeziaz idatzitako eskuizkribua proiektua lantzen. «2016ko bake prozesua hasi arte, Kolonbian egon da munduko gerrilla marxistarik zaharrena. Eta denbora horretan guztian, Marxen obrak argitaratu izan dira, baina beti itzulpen laburtu eta eraldatuetan». Bonillak berak zeharka izan zuen marxismoaren berri, estrukturalisten eta Frankfurteko eskolakoen bitartez, eta erabaki zuen Kapitala «berridatzi» behar zuela. Horren emaitza da obra, hainbat euskarri hartu dituena. 4,50 x 1,50 metroko mihise batean eskuz idatzi ditu Kapitala-ren lehen kapituluak, eta, horri lotuta, liburuaren hiru argitalpen egin ditu. Batetik, «luxuzkoa»: liburukotea, urrezko ertzak dituena eta azalean Marxen beraren eskuz egindako erretratu bat dakarrena. Bestetik, argitalpen estandarra. Eta, azkenik, «autopirateatutakoa», libreki banatu duena material komunista eta anarkista zabaltzen den guneetan. Horren guztiaren osagarri, ezker eskuz idatzitako Kapitala-ren ale bat ere bada erakusketan.

Erakusketaren korridore luzeetako bat oso-osorik hartzen du Maider Lopezen (Donostia, 1975) Orri-markatzailea obrak. Duela zenbait hilabete, deialdi publiko bat egin zuen jendeak markatzaile gisa erabili izan dituen tresnak jasotzeko, eta milaka objektu jaso zituen: tren txartelak, hostoak, azukre poltsak, Realaren 1994ko bazkide txartela, Massive Attack taldeak Donostian 1998an eman zuen kontzertuaren sarrera... baita II. Mundu Gerraren garaian gizonezko batek emazteari bidali zion gutun bat ere. Denak, orri markatzaile izan direnak.

Markatzaileak panel zabal batzuetan bildu ditu Lopezek, baina Consonnik argitaratutako Chris Krausen Video Green liburuaren aleetan ere sartu ditu. «Horrela, konexio bat sortuko da irakurlearen eta objektu horren bidez oroitzapen bat izango duen pertsonaren artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.