Ezagutza fase bateko poemak

'Zeldak. Gorputz honetatik' poesia liburua argitaratu du Elena Olabek. Estreinako liburua du

Elena Olabe idazlea Zeldak. Gorputz honetatik bere lehen liburuaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Zeldak izenburua du Elena Olaberen (Durango, Bizkaia, 1997) lehen liburuak, Loise Bourgeois artistak bezala, zeldetan egituratu duelako bere lana. Tituluaz gain, azpititulu bat ere erantsi dio: Gorputz honetatik, «sentitzen nuelako gorputz bat izateak dakarren horretatik guztitik sortu nituela zeldak». Bi urtean idatzitako poemak bildu ditu liburuan, eta Balea Zuria argitaletxeak kaleratu dio. Barne eta kanpo ezagutza prozesu baten ondorio dela esan du. Izan ere, «deseraikitze eta berreraikitze prozesu batean» ikusten du bere burua; ikasten, hausnartzen, gauzak ulertzen. «Oraindik oso gaztea naiz, eta niretzat prozesu horren lehen emaitza da liburu hau».

Artearen Historian lizentziatua da Olabe, eta unibertsitatean landu zuen Bourgeoisen lana. «Konturatu nintzen berak gauzatzen zituen zeldak niretzat ere baliagarri zirela nire poemak biltzeko; berak arkitekturaren bidez gorpuztu bezala, nik literaturaren bidez gorpuztu ahal nituela». Errealitate ikusezin bat edo egia ikusezin bat azaleratzeko helburua zuen Bourgeoisek. «Nik ere horrelako zerbait sentitzen nuen, bazegoela zerbait hitzen bidez azaleratzeko beharra nuena».

Hiru zeldatan antolatu du liburua: Existentziaren egitura izena du aurrenekoak, eta existentziari eta izateari buruzkoak dira nagusiki poemak; Logela gorria deitu dio bigarrenari, eta gorputzarekin, sentimenduekin eta giza harremanekin loturarik handiena duen zatia da; hirugarrenak, Azken goraldia-k, kontzientzia desagerpena jorratzen du. Laugarren atal bat ere badu, irekiagoa, idazleak zeldatzat hartu ez duena. Goraldiaren ostean izena jarri dio. «Espazio ireki moduan islatu nahi nuen, kontzientziarako bide moduan ikusten nuelako, irekia izan behar lukeen zerbaiten moduan».

Zelden erabilpena, besteak beste, gorputzaren «inplikazio aktiboa» eskatzen duelako iruditu zitzaion interesgarria. Hain zuzen, gerora jarri zuen Gorputz honetatik azpititulua. «Nire posizioa eta gorputzaren kokapena argi geratzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, batez ere poesia delako». Horri lotuta, Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak liburuan Karmele Jaio idazleak esandakoa ekarri du gogora: poesia gorputzetik sortzen dela, gorputzetik idazten dela. Hala, testuinguru, kokapen eta posizio historiko, sozial, politiko eta kultural zehatz batetik dela sortzaile nabarmendu du Olabek, eta beste gorputz sortzaile batek beste era batera egituratuko edo sortuko lituzkeela zeldak eta azkenengo atala.

Erreferentzia ugari

Erreferentzia ugari biltzen ditu liburuak. Grezia klasikotik hasi eta gaur egunera arteko erreferente piktorikoak, eskultura erreferenteak eta abar aipatzen ditu Olabek. «Erreferentzien indarra oso handia da lan honetan, norbera ez delako ezerezetik abiatzen; erreferenteak behar dituzu», aitortu du idazleak berak. Hain zuzen, horixe izan zen Balea Zuria argitaletxeko kideei atentzioa eman zieten kontuetako bat, batik bat idazlearen adinaren berri izan zutenean: «Batzuetan aipamenak egiten dira, eta aipatze hutsa pedantea da, baina hemen oso ondo uztartuta datoz gorputzaren ildoa eta erreferenteena».

Orain bi urte sortu zuten Balea Zuria, eta haren helburua poesiari bultzada bat ematea da, batez ere ahots berriei. Horretarako, poesia lehiaketa bat antolatzen dute, Donostia Kulturarekin elkarlanean, eta finalista geratu zen Olabe. Lan hura ezerezean geratzea pena zela iritzita, liburua argitaratzeko proposamena egin zion argitaletxeak. «Deskubrimendu bat izan da Elena Olabe, uste dugu ahots berri-berri bat dela euskal poesiarako».

Hitzaurre bat ere badu liburuak, Joseba Sarrionandiak egindakoa. Irakurle moduan, idazkera berezi bat aurkitu duela nabarmendu du idazleak. Hala dio: «Idatziarekin borratua dakarrena, ondo ulertzen ez dudana oraindik eta, horregatik, berrirakurri nahi dudana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.