«It's not about France, it's about stupid people» (Ez gara Frantziaz ari, jende ergelaz ari gara). Emmanuel Macronen hitzak dira horiek. Gaur egun Frantziako estatuko presidente dena oraindik Frantziako ekonomia ministro zen esaldi hori bota zuen garaian, CNN telebista kateari egin elkarrizketa batean izan zen.
2015a da. Air France enpresak 2.900 lanpostu kenduko dituela iragarri berri du. Kanporatze horien aurkako manifestalditik, zuzendaritzako kide batzuei atorra urratuko diete. Macronek bere esaldi horrekin «kondenatu» nahi izan zuen ekintza, atorra urratuena; kanporatzeena, berriz, berrantolaketa gisa aipatu zuen, kanporatze kopurua zenbatu gabe.
Garai horietan ari zen Ximun Fuchs aspaldian egin nahi zuen filmaren gidoia idazten. Le Petit Theatre de Paineko antzerkilari eta antzerki zuzendariak zinema esperientzia bat bizi nahian zegoen. Antzerki taldearekin usu irudikatzen duten langileriaren mundua zinemara eraman nahi zuen, zinemaren «magiarekin» jantzi nahian.
«Biziki biolentoak» egin zitzaizkion Macronen hitz horiek. Eta atorra urratu horiek, kanporaketa masibo horiek, horiek dira Non (Ez) filmaren abiapuntuetako bat. Gidoia idatzirik, Eñaut Castagneti proposatu, eta hark onartu. Film luze bat izanen zen. Bien lehen luzea. Publizitate munduan aritua da orain arte bereziki Castagnet, eta Le Petit Theatre de Painentzat film-iragarkiak ere egin izan ditu.
Biekin hasi eta azkenean-azkenean proiektuak ehunka pertsona ditu inplikatu. Artean, produkzio aldetik Euskal Herriko Aldudarrak bideo taldea dago eta baita Irusoin ere. Filma frantsesez da baina produkzioa Euskal Herrikoa denez, horrek egin du posible justuki, Zinemira sailean hautatua izatea. Bihar 19:30ean Trueba gelan estreinatuko dute. 28ra arte lau proiekzio aldizkatuko dira.
Filma bera Okzitaniako Capdenac-Garen dute filmatu. Eta, hain zuzen, hiriak berak zein tokiko biztanleek presentzia nabarmena daukate, antzerki taldeko antzerkilarien ondoan. Gertatzen da tokiko kultur eragile den Derriere Le Hublot elkartea aspaldiko laguna duela Le Petit Theatre de Painek. Gertatu dena da, gainera, dirurik ez zutela filma egiteko. 70.000 euro, orotara. Eta, beraz, gauza anitz urririk egin behar. Dela etxe, bulego, jantzi, altzari, dena prestatua izan zaie. 500 bat herritar izan dira nola edo hala parte hartzaile. Eta pozik egileak. Horri esker «egiatasun» bat lortu dutelako. Adibide bat emateko, sindikatuen bulegoa, egiazkoa da.
Filma, sindikatuen porrot batekin hasten da. Fabrika batek langile anitz kanporatu ditu. Kanporatu berririk, lagunen artean afaldu eta etxerako bidean dago Bruno, famili osoa autoan. Jendarmeek gelditzen dute. Alkoholemia neurtu nahi diote. Brunok ez du onartzen. «Non». Hortik filmaren izenburua. «Ez» horrek ondorio anitz ukanen ditu, baita inguruko guztientzat ere. Thriller itxura hartzeraino.
Baina protagonistarekin identifikazioa zaildu nahi zuten ere. Heldulekurik ez zioten eskaini nahi ikusleari. Ez zuten heroi positiborik nahi: «Ez nuen ikuspegi moral judeo kristaurik nahi», azaldu du Fuchsek.
Baina beti umore puntu batekin. Film «koloretsua» nahi zuten egin. Atxiki nahi zuten baita antzerkitik etortzen den «joko» hori ere, Castagnetek. «Ahoskera, adibidez. Film anitzetan, eta oraindik gehiago frantses filmetan, ahapetik hitz egiten da. Eta ez genuen nahi hori. Nahi genuen gauzak ozen erratea», nahiz eta halere, antzerkian ez bezala, agian, doi bat «frenatu» izan behar zien jokoa. Kamerak detaile txikiena ere harrapatzen baitu.
«Joko bat zen», gaineratzen du irria ezpainetan Castagnetek. «Gu ere haurrak ginen momentu horretan. Guretzat amets bat zen». Muga bakarra, denborarena izan dute. 19 egunez dena lotu behar izan dute.
Eta gero, bada, beraz, istorio horren gibelean egin daitekeen irakurketa. «Kexadura baten ibilbidea», Fuchsen hitzetan. «Belaunaldiz belaunaldi transmititu den kexadura, umiliazio bat» ikusten du Fuchsek langileen munduan. «Salbu orain, beste etapa batean gaudela. Langileria ez da hain armatua. Dituen tresnek, sindikatuek edo bere ordezkari politikoek, ez dute indarrik sistemaren aurka, pertsonak, gizarte bat, klase sozial bat babesteko. Eta hori ez dagoenean, memento batean zartatzen da. Gazte batzuek jihada egiten duten bezala. Ez da kasualitatea langile munduan hainbestek bozkatzea Fronte Nazionalaren alde. Ez da irizpide politikorik. Kexadura bat da, herra».
Filmak Frantzia bat nahi zuen kontatu. Euskal Herrian eta euskaraz eginez, Fuchsen iduriko «berehala lotuko zen borroka armatuari eta kale borrokari». Eta hori ez zuela nahi dio. Sindikatuek ere, «beste indar bat dute Euskal Herrian, Frantzian galdu dutena arrunt». Protagonistak dioen «ezetz» horretan ez du nahi «motibo politikorik» ikusterik. «Nahiz eta biziki politikoa izan gaia. Ez da ibilbide politiko baten ondorioa».
Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Zinemira
«Ez» umoretsu eta koloretsua
'Non' filma estreinatuko dute bihar Zinemiran. Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet ditu zuzendari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu