Roldan Jimeno Aranguren. Historialaria eta antropologoa

«Ez nekizkien gauzak deskubritzen segitzen dut aitaren lanekin»

Jose Maria Jimeno Jurioren obra osoa ari da editatzen azken hamarkada luzean. Lan horri esker, aita zuenarengandik ikasten segitzen duela dio. Eta Nafarroako Urrezko Dominak aspaldiko hutsa beteko duela.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
«Presidenteak saria aitari emango ziotela esateko deitu zigunean, sorpresa izan zen. Handia. Hura hil eta 13 urtera, ez genuen inondik inora espero halakorik». Oinordeko asko utzi dituen Jose Maria Jimeno Jurioren (Artaxona, 1927-Iruñea, 2002) seme bakarra Galwayn (Irlanda) harrapatu du Nafarroako Urrezko Domina aitari emango diotelako albisteak. Aitaren obra osoa argitaratzeko lanean urteak daramatza Roldan Jimenok (Iruñea, 1973), eta pozik mintzo da telefono hariaren bestaldetik.

Nafarroako Urrezko Domina hau gobernu aldaketarik gabe uler al liteke?

Zoritxarrez, ez. Aita hil zenean, izan ere, hainbat kultur eta gizarte eragilek Vianako Printze Saria jasotzeko hautagaitza aurkeztu zuten haren alde. Hautagaitza hura formalki aurkeztu ondoren juxtu, saria jasotzeko baldintzak aldatu zituzten —hila zegoen bati ematerik ez zegoela zioen klausula berria erantsi zuten—, nire aitari ez emateko. Oso itsusia izan zen. Eta oso mingarria. Hor ikusi zen garai hartako Nafarroako Gobernuaren borondatea zein zen aitarekiko.

Zalantzarik gabe, nik hau garai berriko kontu gisa ulertzen dut. Saria emateko proposamen hau kontsentsuatua izan zela esan digute: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren oniritzia du.

Zure aitak sentsibilitate desberdineko jendearekin aritzeko gaitasuna zeukala esan ohi da.

Bai. Abertzalea zen, ezkertiarra, baina bere izaerarengatik, jende guztiarekin ondo moldatzen saiatzen zen. Artaxoakoa zen; familia karlista batetik zetorren, eta oso ondo ezagutzen zuen beste mundu hori ere. Azken batean, bere mundua izana zen. Agian horregatik, harreman onak izan zituen denekin. Eta noizbait arrazoi politikoengatik itsusikeriaren bat egiten bazioten, sufritzen zuen. Noski.

Beldurrik gabe esan daiteke oso deserosoa zela haren lana zenbaitzurentzat.

Bai. Aitaren lana oso deserosoa zitzaien. Alor guztietan, gainera. Aitak erabat disfrutatzen zuen gauza oso heterodoxoak azaleratzen. Ez bakarrik alor politikoan. Hor dago haren klasikoetako bat: Navarra jamás dijo no al Estatuto Vasco [Punto y Hora, 1977]. Kristautasunaren inguruko ikerketetan ere, San Fermin ez zela inoiz existitu demostratu zuen. Eta bere sorterriko Jerusalemgo Ama Birjiñaren kondaira ere ez zela egia. Hori guztia frankismo garaian egin zuen, eta garai hartan halakoak esateak sekulakoak ekartzen zituen. Oso gai polemikoak landu zituen. Nafarroa honetan ez zen ongi ikusia. Haren azken urteetan, batez ere euskararen historiarekin-eta aritu zenean, garai hartako Nafarroako Gobernuaren helburuekin ez zetorren bat.

36ko estatu kolpearen eta ondorengo hamarkaden ikerketan ere, ezinbesteko lana egin zuen.

Horretan aitzindaria izan zen, bai. Espainiako estatu osoan. Ikerketa horrekin 1974an hasi zen, frankismoan, eta kronologiari dagokionez egin zuen lana eta izan zuen ausardia izugarria izan da. Ikerketa horren ondorioz, fusilatu askoren gorpuak aurkitzen ari dira gaur egun. Hark bildutako datuei esker hobiak agertzen ari dira oraindik ere. Harentzat eta etxeko guztientzat oso gogorra izan zen lan hori, Triple A deituriko talde terrorista faxistak heriotza mehatxua egin baitzion.

Nola izan zen zehazki hori?

Trantsizio garaia zen. Punto y Hora aldizkarian hasi zen aita argitaratzen 36ko fusilatuen inguruko ikerketen lehen fruituak, eta Triple Ak bonbaz txikitu zuen Punto y Hora-ren Iruñeko egoitza. Aste hartan bertan, aitak gutun bat aurkitu zuen etxeko postontzian, ikerketa haiek eteten ez bazituen hilko zutela esanez.

Zuen aitaren lan guztien edizioan ari zara aspaldi honetan. Kopurua bera ere harrigarria da.

Hori da harrigarriena, zenbat alor jorratzen zituen, eta zeinen ondo. Ikuspegi historiko, antropologiko, linguistiko osoa zeukan. Muturra sartzen zuen gai guztietan buru-belarri sartzen zen, eta ongi gainera.

Noiz bukatuko duzue haren lanen bilduma osoa argitaratzen?

Pare bat urtean amaituko dugula uste dut. David Mariezkurrena ere ari da lan honetan buru belarri, koordinazio lanetan.

Halako erraldoi baten semea izateak zenbat markatu zaitu? Haren zer irakaspen gorde duzu zuretzat?

Uf! Nik historia ikasi nuen, eta zuzenbidea ere bai. Zuzenbidearen historiako irakaslea naiz egun. Etxean ikusitakoaren haritik sartu nintzen historia ikastera. Gainera, zorte izugarria izan nuen aitarekin egin nituelako nire lehenengo lanetako asko. Maisu bat izan zen. Pena da, niretzat, ez nuela aitarekin gehiago disfrutatu ez familiaren alorrean ez alor intelektualean. Maisu bat izaten segitzen du niretzat. Argitaratu gabeko haren lanekin ere ari naizenez, ez nekizkien gauzak ari naiz deskubritzen eta ikasten segitzen dut aitarengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.