«Ez dute izen espezifikorik ere». Greziar giza eskultura klasiko baten atzamarren puntak lotzen dituen dado itxurako elementuan jarri du arreta bere azalpenetan Zuhar Iruretagoiena artistak (Zarautz, Gipuzkoa, 1981). Eskulturaren hatzak elkarrengandik bereizi eta artelanari aire gehiago ematea du funtzio dado itxurako elementuak. Piezaren egituraren parte garrantzitsu izan arren, ordea, bertan izango ez balitz bezala jokatzeko hezia du begia ikusleak. Ikusten du. Badaki hor dagoela. Eta, halere, ez du irudikapenaren zatitzat hartzen. Eskultoreek apeo deitzen diete halakoei batzuetan, edo sostengu ere bai besteetan, baina ez dute izen espezifikorik. Zuntzak deitu ditu Iruretagoienak horregatik, eta Bilboko Bilbo Arte aretoan zabaldu duen erakusketaren erdigune bilakatu ditu. Hebra titulua hautatu du bildumarentzat, eta maiatzaren 11ra arte egongo da ikusgai.
«Ez ikusia egin zaie elementu horiei, eta izenik ere ez dute horregatik: estrukturalki, elementu horiek eratzen dute eskultura, baina ez da irudiaren parte kontsideratzen, eta, halere, elementu horixe da eskultura greziarraren aro oso baten ikurra». Iruretagoienak azaldu duenez, sortzen zituen giza irudiei dinamismo eta sentsualitate handiagoa emateko hasi zen Praxiteles Kristo aurreko III. mendean bere giza eskulturak zutarri moduko elementu batzuen inguruan bermatzen. Eskulturen gorputz adarrak enborretik libratzeko aukera ematen zion horrek, baina zenbait puntutan zutarri bertikalarekin lotu behar izaten zituen figurak horretarako. Kulturalki, ikasi dugu lotune horiek ez ikusten, baina, hain zuzen ere, ikusezin bilakatutako elementu horretan jarri nahi izan du arreta Iruretagoienak.
Denbora eman zuen gai horri bueltaka Iruretagoienak, eta orduan konturatu zen eskultura klasikoekin gertatzen denaren justu kontrakoa gertatzen dela Pole dance-arekin. Izan ere, metalezko barra bertikal bat izaten da Pole dance dantzaren elementu zentrala, eta hartan zintzilikatu eta irrist eginez egiten dute dantza dantzariek. «Pole dance-an, egitura irudiaren parte da», laburbildu du artistak. «Hasi nintzen jolasean itxuraz elkarrengandik hain urrun diruditen bi elementu horiekin, eta, azkenean, biek antzera funtzionatzen dutela ikusi dut; bai materia eta egiturari dagokionez, behintzat».
Uztarketa hori izan du erakusketa osatzeko oinarri kontzeptuala, eta horren gainean aritu da piezak sortzen gero. «Libre».
Dantza eta eskulturak
Dantzari baten bideoak irekitzen du erakusketa, esaterako. Barran gora eta behera nola dabilen ikus daiteke bertan, baina irudia moteldu egiten da dantzariak gorputzarekin figura zehatz batzuk egiten dituenean. «Une horiek erakusten dute irudiaren eraketa momentua», azaldu du. Eta aipatu du dantza mota hori greziar munduarekin lotzen duen bitxikeria bat ere, maiz greziar mitologiatik hartutako izenak erabiltzen baitira dantzariaren posturak izendatzeko. Badago Hermes izeneko bat, adibidez, baita Afrodita izeneko beste bat ere.
Bideoaz gainera, eskulturak eta argazkiak ere badaude erakusketan. Metalezko barrak bihurrituz osatutako piezak daude areto nagusiaren erdian, esate baterako, eta greziar eskulturen irudiak eta Pole dance dantzariak ageri dituzten argazkien collage modukoak ere badaude hormetan.
Aurrez ere izan dira Iruretagoienaren lanak Bilbo Arten. 2007an egonaldia egin zuen bertan, eta orduan egindako lanaren lagin bat erakutsi zuen hurrengo urtean Ahaleginaren dantzak erakusketan. Zirkulua erakusketa kolektiboan ere hartu zuen parte 2016an, beste sei emakumezko artistarekin batera, eta, beraz, bere hirugarren erakusketa du aretoan orain.
Urteekin sorkuntza bareago baterantz jo duela dio sortzaileak. «Oso arraroa izan da Bilbo Artera bueltatzea», onartu du. «Berdin arriskatu dut proiektu honetan ere, saiakera bakoitzean saiatzen naizelako dena arriskuan jartzen eta nire konfort gunetik ateratzen, baina egia da erritmoa desberdina izan dela. Nire momentu honetako beharrek bestelako erritmo bat inposatu didate, eta uste dut hori ere igartzen dela lanean». Eta «pausatuagoa» eta «isilagoa» da erritmo hori, artistaren hitzetan.
Bere lan egiteko moduaz ere aritu da sortzailea. «Nola kontatu zerbait esan gabe». Dioenez, hori da bere erronka. «Zeren, zer da esan nahi dudana? Ba, ezer ez, ze bestela esan egingo nukeen. Errazagoa litzateke esan ahal izatea, erakusketa hau egitea baino. Emozio bat pizten didan zerbait gerta dadin bultzatzen dut. Arteak ez du zertan ezer kontatu. Batzuetan egiten du, eta oso ongi dago, baina nik ez dut hori egiten. Arteak boterea du errealitateak sortzeko, eta gauzak gerta daitezen lortzeko».
Elkar legitimatzea
Iruretagoienaren ibilbidea azpimarratu du Juan Zapater Bilbo Arteko zuzendariak. «Bilbo Artetik pasatzen diren sortzaileen lanei legitimitatea eskaintzea da gure egitekoa, baina badakigu, era berean, badirela erakundea legitimatuko duten artista batzuk ere, sakona eta sendoa izango delako euren ibilbidea, eta garrantzitsua den proposamen artistikoak egiteko gai izango direlako». Eta Zapaterren hitzetan, hori da Iruretagoienaren kasua. «Urte batzuk barru, ziur nago, Zuhar Iruretagoiena Bilbo Arten egon izanak bermatu egingo du gure lana».
Iaz egin zuen Iruretagoienak egonaldia Bilbo Arten. 37 sortzaile izan ziren bertan, guztira, eta haietariko zazpi hautatu zituzten aurten erakusketa indibidual bana egiteko.
Ez ikusteko hezitako begiak
Greziar eskultura klasikoak eta 'Pole dance'-a uztartu ditu Zuhar Iruretagoiena artistak Bilbo Arten zabaldu duen 'Hebra' erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu