Ez herdoiltzeko, beharrezkoa

Bere esperientzia ezinbestean amateurretik abiatuta, poesia itzultzailearen kezkez, zailtasunez eta abantailez mintzatu da Gerardo Markuleta UEUren Udako Ikastaroetako 'Literatura Unibertsala itzultzen' ikastaroan.

Gerardo Markuleta, atzo, Eibarko Markeskoa jauregian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Eibar
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Beste ezaugarri askoren artean, poesia itzulpena, ororen gainetik, «egin beharreko lana» dela nabarmendu zuen atzo Gerardo Markuleta poeta eta itzultzaileak (Oñati, 1963) Eibarko Markeskoa jauregian, UEUren Udako Ikastaroetako Literatura Unibertsala itzultzen ikastaroaren barruan egin zuen bi orduko saioan. Euskarara, alabaina, poema liburu bakan batzuk baino ez dira itzultzen; adierazgarria da, adibidez, Literatura Unibertsala bilduman orain arte itzuli diren 152 liburuetatik bakarra izatea poesiakoa: Zenbait poeta katalan antologia, Gerardo Markuletak berak katalanetik euskaratua (Ibaizabal, 1997).

«Inguruko eta urrutiko hizkuntzetako hizkera poetikoekin harremanetan jartzen ez den hizkera poetikoa herdoildu egiten da, kiribildu, eta norabidea galtzen du», Markuletaren iritziz. Harremanetan jartze horretan, bide biak ditu derrigor ibili beharrekotzat: beste hizkuntzetatik euskarara datorrena zein euskaratik beste hizkuntzetara doana. Euskarazko poesia beste hizkuntzetara itzultzea ere ezinbestekotzat du, ez baitu uste zentzuzkoa denik «etxerako baino ez diren mezu unibertsalak sortzea».

Poesia itzultzea ez da, ordea, ogibide. Itzultzaile profesionalek ere oso nekeza dute literatur itzulpengintza izatea ogibide bakar; ezinezkoa, berriz, poesia itzulpengintza izatea lanbide nagusi. «Ez da noski aberasbide, bai ordea aberasgarri. Poesia itzultzen ikasitakoak hitz laurako ere ia berdin balio du, trinkoan landutakoa zabalera ekarriz». Ariketa gisa, gainera, laburtasuna da poesia itzultzeak duen beste abantaila bat. «Munduko poema txikiena izanda ere, bukatutakoan lan ondo eginaren satisfazioa ematen dizu berehala. Ederra aldea laurehun orrialdeko eleberri bat itzultzearekin!».

Poeten artean autoitzulpenerako joerak indar handia izan duen arren, gero eta gehiago dira, Markuletak atzo esan zuenez, «natural onartzen dutenak beren elebitasuna ez dela orekatua, eta bi hizkuntza gehiegi direla maila gorenean erabiltzeko moduan lantzeko».

Poesia itzultzeko zereginean izan daitezkeen muturreko bi joera aurkeztu zituen hizlariak: batetik, ardatz nagusi literaltasuna duena, helburu didaktikoz egindako «itzulpen akademiko ortopedikoa», jatorrizko testuaren makulua baino ez dena; bestetik, beste muturrean, helburu literarioz egindakoa, helburu testua bera ere helburu hizkuntzan irakur daitekeen poema izatea nahi duena. Literaltasunean oinarritutako itzulpena ezin da inondik ere beregaina izan; helburu literarioz egindakoak, nahiz eta guztiz beregaina izatera ez iritsi, «beregaina balitz bezala funtzionatu behar du». Dudarik gabe, bigarren aukera du gustukoena Markuletak, «poema poema truk» eskuratzeko ahalegina egiten duena. Horretarako, «tratuak» egin behar dira testuarekin, «baina irakurlearekiko tratua behin ere burutik kendu gabe».

Ontzia ere ontzialdatu behar

Oharren batzuk poesiaren ontzialdaketaz izenburua ezarri zion Markuletak ikastaroari, Cyril Connelly idazle eta kritikari ingelesaren aipu bat gogoan: «Hizkuntza batetik bestera itzultzea ariketa intelektual delikatuenetako bat da: horrekin alderatuta, bestelako igarkizunek, bridge-tik hasita eta puzzleak ere barne, hutsalak eta arruntak dirudite. Grekerazko zati bat hartu eta ingelesez jartzea, tantarik ere isuri gabe, zeinen trebetasun atsegina!». Tantarik isuri gabeko ontzialdaketarena metafora «ederra» da, «baina ez bete-betea», Markuletaren ustez. Kontua «konplikatuagoa» da, izan ere. «Isurkariak ontziaren forma hartzen du, bistan da, baina areago esango nuke: isurkaria eta ontzia bat eginik datoz, bata bestearekin uztarturik, sareturik, txirikordaturik. Isurkaria bakarrik ez, ontzia ere ontzialdatu behar bagenu bezala».

Joao Mendes literatur itzultzaile eta teorialari portugesak bezala, literatur itzulpen perfektua ezinezkoa dela uste du Markuletak, baina oso baliagarria dela, haatik, itzulpen perfektua egiteko ahalegina egitea. «Itzulpen perfektuaren bila saiatzea oso da lagungarri itzulpen ona egiteko».

Neurri-errimen auzia

Poesia itzultzailea etenik gabe erabaki txikiak hartzera behartuta dago. Poemak neurri finkoa eta errima baldin baditu, aldez aurretik erabaki behar da zer itzulpen mota egin nahi den. Neurri eta errima errespetatuz egindako itzulpenak oso nekeza du, «auto-inposatutako baldintza horiekin», testu gozagarriak sortzea. Estuegia gertatzen da ontzia; eta handiegia, ondorioz, kanporako isuria. «Testuaren irakurgarritasuna gal dezakegu, gozagarritasuna, eta azkenean irakurlea ere bai». Kasurik gehienetan «tratuak» egiten dira testuekin: neurriak errespetatu baina errimak ez, edo alderantziz, adibidez; ohikoa da jatorrizko errima kontsonantea itzulpenean errima asonanteetan ematea; baita neurrian aldaketak egitea ere, «erdarazko endekasilaboak euskarazko hamalaukoetan ematea», esate baterako.

Poesia itzultzaileak dituen «artisau tresnen artean» garrantzi gutxiena dutenen artean kokatzen ditu Markuletak neurria eta errima, eta ez da horiei eustearen ondorioz ontzia gehiegi estutzearen aldekoa, horrek nahitaez kanporako isuri handia dakarrelakoan. Baina horrelako lanak hartzearen aldeko bi itzultzaile ezagun zeuden entzuleen artean: Juan Garzia eta Xabi Paya. Garziak, jakina denez, William Shakespeareren soneto ugari euskaratu du, errimari eutsiz eta neurriari aldaketa txiki bat eginez —silaba bat gehiago jatorrizkoan baino—, Soneto hautatuak liburuan (Alberdania, 1995); Paya, berriz, neurriari eta errimari eutsiz euskaratzen ari da Calderon de la Barca espainiar antzerkigilearen La vida es sueño errimaturik idatzitako obra klasikoa.

Hiru itzultzaileen artean sortu zen lagun giroko eztabaidak ondorio argi bat utzi zuen: askotarikoak dira har daitezkeen bideak, eta zilegi taxuzko itzulpena egiteko aukera eskaintzen duten guztiak, dela neurriari eta errimari eutsiz, dela neurriari eta errimari kasurik egin gabe.

Bi egunez egin da Eibarren Literatura Unibertsala itzultzen ikastaroa, UEUk EIZIErekin elkarlanean antolatua. Markuletaz gain, Miren Ibarluzea, Ana Isabel Morales, Fernando Rey Escalera, Juan Garzia eta Karlos Zabala izan dira irakasle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.