Infernuko soinua, irrintziak, panderoa, bata danborren hotsak eta dantza beltzaren mugimendu bortitzak. Indartsu hasi da Ines Osinagak #itsasoadabidebakarra proiektuaren emaitza aurkezteko Habanan egindako kontzertua: «Orisha kubatar jainkosei, Mariri eta gure ahizpatasunari kantatzera eta dantzatzera gatoz». Euskal Herriko eta Kubako doinurik tradizionalenek elkar elikatu dute, eta musika elektronikoaren zipriztinek areagotu egin dute indar hori.
Fabrica de Arte Cubanoko areto nagusian izan da emanaldia, 4. nabean. Gune multikulturala da fabrika, mota guztietako arteen elkargunea. Ezin konta ahala gune, areto, gela, terraza eta txoko ditu, eta artea arnasten da nonahi. Dantza, musika, arkitektura, diseinua, argazkilaritza, zinea eta arte plastikoak batzen dira han, besteak beste. Eta musika. Musika asko: egunean hiru emanaldi, irekita dagoen aldi oro. 2014an sortu zuten aretoa, hutsik zegoen olio fabrika zahar batean. Musika alternatiborako leku izan zedin sortu zuten batez ere. Berezia, berritzailea eta modernoa da gunea, eta oso arrakastatsua.
Bertaratutakoei ongietorria egin, eta Udaberrixan Habana kantuarekin hasi du kontzertua Osinagak, Kubako hiriburuan proiektua lantzen hasi zen garaira itzulita. Lanaren muinari keinu egiten dio koplaz osatutako kantak: «Ez dekot baltza azala/ eta gu Kuban zuri gara». Hain zuzen, horretan datza #itsasoadabidebakarra proiektuak; bere abestiak horren zuriak ez balira nolakoak izango liratekeen aztertzean. Alegia, Kuban idatzi ziren hitz haiei kutsu kubatarragoa eman die Osinagak.
Horretarako, bi musikari kubatar eta euskal musikari bat izan ditu oholtzan lagun: Irina Gonzalez, Yaimi Karell eta Lorea Arkarazo. Garazi Egigurenek ikus-entzuleei aurreskua dantzatuta osatu du lehen kanta.
Bigarren kanta are koloretsuagoa izan da. Indartsua oso. Vedadoko kalejira abestian, Habanako dantzari bat eta euskal herritar bat aritu dira Kubako eta Euskal Herriko dantza tradizionalak uztartzeko lanean. Hasieran urrun ziruditen mugimenduak gerturatu eta elkartu egin dira, baita irrintzi eta danbor hotsen artean mugimendu sorginduak nagusitu ere. Are, izan da erantzun duen entzulerik, tribu oihuak balira bezala. Habanako Rakatan dantza konpainiako Mailyn Castillo basatia aritu da Garazi Egigurenekin dantza jolasean, eta, hasierako kultur talka gaindituta, kubatarrak lortu du euskal dantzaria bereganatzea, eremu ilunagoetara eramatea, eta afro mugimenduen astindu eta zirrarak gorputz zuriaren jabe egitea.
Energia leherketaren ondoren, bloke emozionala iritsi da. Osinagak abisu eman du bloke hori ez dela erosoa kanturako, eta hain zuzen, horregatik abestu du emanaldiaren hasiera aldean. Erritmoa mantsotu eta leuntzearekin batera garraztu dira hitzak, Belengo albistiek jotzearekin batera. Kulturalki oso aberatsa den herri batetik datorrela kontatu die entzuleei, eta badakiela zapalkuntzen aurka borroka egiten. Segidan ekin dio kantuari, Jerusalemgo «kortatxue» tanke batek nola botatzen duen kontatzen duten erritmo mingarriekin. Kantatu du Maria eta Jusefen seme jaio berria azpian harrapatu zuela sehaskan zela, eta hil egin zuela. Heriotza gehiago ekarri ditu gogora Osinagak: «Nire herria eta herri hau banatzen dituen itsasoan gertatzen diren heriotzak». Injustiziak salatzera deitu du ondotik.
Itsasoan jarraitu du areto nagusiak, baina olatu lasaiagoetan oraingoan. Txalupa abestiaren balantza doinuak Osinagaren, Irina Gonzalezen eta Yaimi Karellen ahots goxoetan hartu du atseden. «Ikusten da porturik? Ez dugu ikusten, baina imajinatzen dugu, imajinatzen dugu eta harantz goaz arraunean». Egigurenek jarri die gorputza txaluparen balantza erritmikoei, eta ikusleak ere murgildu dira olatuen joan-etorri leunetan.
Euskal kantariak bizitza, maitasuna eta heriotzari buruzko hausnarketa aletu ditu Bederatzi te kikara basamortu ertzean lanean, kolaboratzaile kubatar handi baten laguntzarekin. Kuban itzal handikoa den kantari batek jarri die ahotsa Joseba Sarrionandiaren hitzei, Eme Alfonsok. Enid Rosales Kubako musikari ezagunak gitarra itxurako instrumentu kubatar tradizionala gehitu dio ikuskizunari: tresa. Oso tradizionala eta maskulinoa izan da beti tresa, eta oso emakume gutxik jotzen dute. Hainbat kantatan jo du tresnaren doinu berezi hori Rosalesek.
Trikiti doinuek indarra hartu dute berriro Malekoian kantuaren doinuekin, eta ikusleek oihu eta txalo artean hartu dute. Deigarria da soinu txikia nagusitzen denetan ikusleen sakelakoetako argiak nola pizten diren ikustea; bideo grabazioak ugaritu egiten dira. Egigurenek oinak ederki astinduta dantzatu du nota bakoitza.
Abeslariak iragarri du zein izango den hurrengo kantua, Boleritoa : «Neska zuritxo bat bolerito bat kantatzen». Azaldu du bere herrian indar handia duela kristautasunak, eta erru sentipena erraietara sartzen duela. Erru pertsonalez gain, erru kolektiboak ere badirela azaldu du, eta horiek azaleratu ditu Errua kantuan, Martini eskainita eta borroka egiteko deia eginda. Osasunaren eta askatasunaren alde egin du topa.
Doinu biziak oholtzan
Poztasunez bete da berriro emanaldia, Alegrantziaren aldeko kunjura kantuarekin. Rakatan konpainiako Luis Enrique Ramirez eta Rosdayliet Marquez dantzariek gorpuztu dute alaitasun hori, eta hiru musikari kubatarrek protagonismo osoa hartu dute ondoren. Kubako musika tradizionalari heldu, eta bertako bi kanta jo dituzte. Hainbat ikuslek txaloka eta dantzan erantzun dute, erritmoari segika.
Trikiti doinuek berreskuratu dute protagonismoa Osinagaren itzulerarekin batera. Kubatarrek euren modura egin dute dantzan, eta reggaeton erritmoekin amaitu da emanaldia, Gorputzak zubi abestiarekin. Musikari, dantzari eta kolaboratzaile guztiak kantuz aurkeztu ditu Osinagak. Denak igoarazi ditu oholtzara, eta argazki koloretsu, indartsu eta alaia osatu dute; emakumeena, ahalduntzearena, elkar laguntzearena, elkarlanarenarena eta alaitasunarena. Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko herriari kantua aditu orduko esan dute agur oholtza gainekoek, eta «Aupa Maurizia!» oihuarekin amaitu da saioa.
Ez gaude hain urruti
Doinu ezti eta dantzagarriak izan dira Habanako Fabrica de Arte Cubano aretoko oholtzan, eta Ines Osinagaren ahotsak bat egin du alboan izan dituen artistenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu