Bere eskaintza zabaldu du BERRIAk Ez gatoz Paristikkultura ardatz duen podcastarekin; Lanarteak ekoitzi du. Duela bi aste estreinatu zen lehen atala; liburuez eta diskoez mintzatu ziren hainbat sortzaile. Bigarren atala bihar bertan estreinatuko da: Kulturismoa. Atal horretan, kultura turismoa azkartzeko bitarteko darabilen ereduaz eztabaidatuko dute adituek. Kultur ekitaldi handiak, aurrekontuak, erakunde publikoen diru laguntzak... Horiek kultur ekosisteman nola eragiten duten aztertuko dute.
Bigarren zati horretan, Ihintz Iriarte kantari eta kultur eragileak emango du iritzia: «Norbanako eta gure komunitateko partaide gisa, asegarriagoa zait sare komunitarioak ehuntzen laguntzen duen kultura jarduna, artista bakana goratu eta helburu ekonomiko eta turistikoak sustatzen dituenak baino».
Kulturismoaz aritzeko, hiru elkarrizketa ere jaso dituzte biharko atalean: Joana Barbier EHZ festibalaren antolatzailea, Ula Iruretagoiena arkitektoa eta Jon Urzelai kazetaria —euskal musika jaialdiei buruzko Su festak saiakera idatzi du; hemen BERRIAk egindako elkarrizketa—. Eneritz Furyakek Nerea Arrienen Felis katua poema musikatuko du, eta Harkaitz Canok eta Felipe Murillok idatzitako Hi bizi haiz hi lokutatuko dute Xanti Arrizabalagak eta Nora Alberdik.
Amagoia Gurrutxagak gidatzen du Ez gatoz Paristik podcasta, eta Ander Mujika aritzen da soinu errealizazioan.