Irakasleek, larrialdi zerbitzuetako telefonistek, mojek eta etxez etxeko saltzaileek ardazten dituzte, besteak beste, Ana Malagonen (Donostia, 1978) liburu berriko ipuinak: Ez dakit zertaz ari zaren (Elkar, 2021). Bere aurreko beste bi ipuin liburuekin alderatuta —Lasai, ez da ezer gertatzen eta Gelditu zaitezte gurekin—, oraingoa«kolektiboagoa» dela dio.
Liburuaren azalak oparotasuna irudikatzen du, baina gero ipuinek ezeztatu egiten dute. Pertsonaia asegabeak dira?
Hein handi batean, bai, eta badaude nolabaiteko oparotasuna ezagutu izana uste baina gero hala ez zela ikusi dutenak, edo ez dutenak beren buruak asetzea lortu. Batez ere bikote harremanak jorratzen dituzten ipuinetan nabaritzen da: ematen zuen bizitza oparoa, zoriontsua eta sasi normala izango zutela, eta, azkenean, hutsuneak, gabeziak eta frustrazioak daude.
Normaltasuna aipatu duzu. Printzipioz, istorio arruntak dirudite, baina ustez normala denaren atzean min konkretuak daude.
Zer da normaltasuna? Nik sasi normaltasuna esaten dut, normaltasuna ez dakidalako oso ondo zer den. Azkenean, narrazioek beren gatazka behar dute, eta liburu honetan gatazkak minetik datoz, pertsonaia batek duenetik edo min sistemiko batetik, ipuin koralagoak direnetan agertzen den bezala. Bakoitzak berea izan dezake edo partekatua izan daiteke, baina gatazkaren parte da.
Sistemak abandonatu egin ditu, liburuaren aurkezpenean aipatu zenuenez. Sistemak eragindako indarkeria ageri da?
Baliteke. Kontua da ez garela oso kontziente sistemak gugan eragiten duen indarkeriaz. Azkenengo bi urteetan ikusi dut pandemiak ez dituela gauzak sortu, baizik eta areagotu egin dituela; aurretik genuen abandonu sentsazioa, sistemak eragindakoa, areagotu egin da, eta zenbait ipuinetan nabaritzen da, bereziki osasunarekin, prekaritatearekin eta lan baldintzekin harremana dutenetan.
Normaltzat hartzeak garrantzia kentzen die egoera horiei?
Bai; normaltzat dauzkagu soldata duinak ez izatea, edo emakumeen gainkarga emozionala, ez-emozionala... gainkarga orokorra. Normalak direnez, ez dirudite hain tragikoak. Garrantzia kendu diegu, gure errutinaren parte dira jada. Hala da, kito; ez diegu beste bueltarik ematen.
Liburua hamabost ipuinek osatzen dute, eta askotariko pertsonaiak eta egoerak daude. Askotariko abiapuntuak dituzte.
Unibertso berean kokatzen dira, izan litekeena gaur egungo Euskal Herria edo Mendebaldeko mundua, orokorrean; batez ere, hiriko mundua. Hortik aurrera, istorio bakoitzak bere xehetasunak ditu, eta hori egiten zait interesgarrien, sortzea pertsonaia edo ikuspegi oso desberdinak, nahiz eta azkenean bat egin dezaketen ezaugarri edo gai batzuetan. Ahalik eta anitzen izaten saiatzen naiz, nahiz eta batzuetan gai batzuekin tematu.
Bakardadea eta komunikazio falta oso agerikoak dira lehenengo ipuinean, Gorrotoa etairudimena. Pertsonaietako bi hitz egiten ari direla esaten da, baina hitzok ez dira agertzen; introspekzioa da garrantzitsua; esaten ez duten hori, hain justu.
Esaten ez diren gauzak dira ipuin horren muina. Inkomunikazio arazo bat dago: bai aitaren eta bere bizitzan eduki dituen emakumeen artean, bai aitaren eta semearen artean, bai semearen eta haren inguruko pertsonaien artean. Komunikazio faltaren inguruko ipuina da; horrek eramaten gaitu, alde batetik, indarkeriara, eta, beste alde batetik, bakartzera.
Babes kopia-n, formaren bitartez azpimarratu duzu bereziki bakardade hori. Narrazioa zatietan banatuta dago, eta bakoitzean anai-arreba baten ikuspegia agertzen da. Horrek distantzia jartzen du haien artean, batera egon arren.
Istorio berbera kontatzen da, bat egiten dutelako, baina ikuspegi eta abiapuntu desberdinetatik heltzen dira amaierako puntura, bakoitzak bere bidea eginda. Hori islatzeko, erabaki nuen anai-arrebetako bakoitza izatea fokua kapitulutxo bakoitzean.
Ezaguna egiten zait, baina ez dut ezagutzen narrazioan, izeba hil berriaren etxea miatzen ari dira pertsonaiak, eta izua eragiten die haren bizitza intimoa ezagutu beharrak.
Bai, nola ez. Suediarrek badaukate hitz bat norbait hil ondoren egin beharreko garbiketarako: döstädning. Erreportaje bat irakurri nuen horren inguruan, eta oso ideia interesgarria iruditu zitzaidan. Badaude pertsona batzuk oso gertukoak ditugunak, baina badago ate bat gainditzen ez duguna pertsona horiek desagertzen diren arte. Eta badaude oso intimoak diren armairuak. Objektuen bidez berreraikitze bat egiten dugu, eta sorpresak aurki ditzakegu. Familietan, batez ere bakarrik bizi den senide horrekin —zeinen intimitatea handiagoa den—, hori gertatzen dela uste dut: ezagutzen dugula jada ez dagoenean, eta egon den bitartean bere bizitzaren parte bat misterioa izan dela guretzat.
Aurkezpenean aipatu zenuen ipuinetako egoera batzuek kutsu distopikoa izan dezaketela.
Nik gero eta lausotuagoa dut errealitatearen eta distopiaren arteko muga. Egoera batzuk muturrera eraman ditut agian, batez ere koralak diren ipuinetan, baina ez dakit zenbateraino ez ote garen hurbiltzen ari horietara. Iruditzen zait esajeratuak diruditen gauzak asimilatzen ari garela. Distopia zirudiena ez dago hain urruti, gure artean jazo daitezkeen egoerak dira.
Ipuinetako askotan, komunikazio falta familiako kideen artean gertatzen da. Kontuan izanda familiak duen babesleku kutsua, itxurazkoa baino ez izan arren, han gertatzeak areagotu egiten du distopia sentsazioa?
Bai. Azkenean, babes instituzioak dira, eta eremu horretan pitzadurak sortzen direnean, inkomunikazioa dela edo beste gauza batzuk direla, handiagoa da aterperik gabe egotearen sentsazioa. Aurresuposatzen genuen horrek babestu behar gintuela, eta eroso eta goxo egon behar genuela, baina ura sartzen ari zaigu, eta teilaturik gabe geratzen ari gara.
Ildo horretatik, antsietateak presentzia handia du ipuinetan: alegia, ezbehar bat gertatzear dagoen sentsazioak. Gizarte ustez bukoliko hori arriskutsua bilakatu zaie pertsonaiei?
Uste dut gaur egungo gizartearen ezaugarrietako bat dela ziurgabetasuna. Azkenean, antsietatea hori da: gertatu ez diren gauzak aurreikustea. Uste dut asko bizi garela horrela, neurri handi batean. Gure bizitzak hari batetik daude zintzilik beti, eta badakigu hari hori edonoiz hauts daitekeela. Gizartean segurtasun falta handia dago; zerbait txarra gertatzen baldin bada, ez daukagu sare bat, ez daukagu non erori.
Komunikazio faltarekin eta bakardadearekin lotzen duzu?
Bai, baita bestelako gauzekin ere: prekaritate ekonomikoarekin, emozionalarekin eta izan ditzakeen bestelako formekin. Bakardadeak heldulekurik gabe uzten gaitu.
Ana Malagon. Idazlea
«Ez gara kontziente sistemak eragiten digun indarkeriaz»
Agertzen dituzten komunikazio faltan eta bakardadean egiten dute bat 'Ez dakit zertaz ari zaren' liburuko ipuinek. Kasu gehienetan, familiako harremanak dituzte ardatz, eta zenbaitek kutsu distopikoa ere badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu