Marrazkigintzaren munduan berrogei urte daramatza Jon Zabaletak (Hernani, 1950). Eta sortzen jarraitzen du, dioenez beharrezkoa duelako. Haurrei eskolak ematen dabil orain, eskulangintzan, bestelako adierazpideetan... Baina beti sormenari loturik. Bere ibilbidearen aitorpen modura, Dabilen Elea saria jasoko du bihar, euskal idazle, ilustratzaile, editore eta itzultzaileen ekimenez. Haren lan batzuk, berriz, gaurtik ikusgai egongo dira Donostian, Aiete kultur etxeko ilustratzaileen txokoan.
Oso gazte hasi zinen marrazkigintzan. Zerk bultzatuta murgildu zinen mundu horretan?
Gainetik esanda, marraztea gustatzen zitzaidalako mutikoa nintzenetik. Natural ateratzen zitzaidan; zortzi urterekin-edo seguru asko eskolan aspertu egingo nintzen, eta marraztu egiten nuen. Orduan, hasten nintzen kotxe bat marrazten aurretik, atzetik, albotik... Delineatzea dena. Nik mutikotan hori egiten nuen, buruz jakiteko autoak nola marraztu, edo jendea... esperimentatu egiten nuen.
Kartelgintzan, diskoen azalak diseinatzen eta halakoetan jardun zenuen hasieran...
Beno, gazteagotan, kuadrillarentzat edo futbolerako egiten nituen pankartak animatzeko, edo karikaturak ere bai gelan. Gero, Arte Grafikoetan hasi nintzenean [Debako Eskolan], 18 urterekin-edo, muralak eta kartelak-eta egiteko aukera ematen zidaten, edo marrazkiak multikopistetan; puntzoi bat eman, eta leku zuri bat uzten zidaten marrazteko. Hori niretzat jada zen prentsako bineten modukoa.
Prentsan ere jardun zenuen urteetan: Egin, Argia, Euskaldunon Egunkaria... Inspirazioa egunero bilatu beharra zaila al zen?
Prentsan geroago sartu nintzen, 27 urterekin, Egin-en. Eta ez, nire burua beti dabil istorioak osatzen; ez nuen problemarik. Arazoa izaten zen pertsonaiei eustea; bi edo hiru astez eusten nion bati, baina gero beste bat asmatzen nuen, joaten nintzen beste leku batetik... Baina istorioak beti izaten nituen.
Frankismoan eta ondoko urteetan ere egin zenuen lanik. Euskadi Sioux aldizkarian kasu...
Beno, bai, hori Franco hil eta gero izan zen. Garai batean umore grafikoak arrakasta handia izan zuen, eta Franco hil ostean aldizkarien boom-a izan zen.
Frankismo garaian, berriz, kalean gertatzen ziren gauzak ikusi eta etxera joatean, segituan marrazten nituen. Marrazki pila nituen kalean genuen errepresioaz; osasunerako oso beharrezkoa ikusten nuen marraztea. Baina oraindik 74-75 urteak ziren, eta aldizkariak ez zeuden lege barruan. 1976an, hasi zen bat Donostian, Berriak, eta, orduan, publikatzeko eskatu zidaten. Egia esan, ez nuen ezer egin beharrik; etxean marrazkiz betetako kaxak nituen, eta nahi zutena jarriz joaten ziren. Urtebetez atera ziren.
Esan liteke urte haietan hainbatek hitzez esan ezin zutena zuk marrazkiekin esaten zenuela?
Hori da; nik uste dut horregatik hartu nindutela. Ikusten zutelako nire marrazkia oso zuzena zela, eta aukera ematen ziela une hartan zailak ziren gaiak nire marrazkien bidez errazago adierazteko.
Gero ilustrazioaren bidea hartu zenuen. Zerk bultzatuta?
Horrek badu bere zentzua. Trantsizio garaian, kalean kristoren zurrunbiloa zegoen, eta jendea ez zen etxean egoten, kalean egoten zen, baita ordura arte estudiotik ia atera ez ziren artistak ere. Saltsa zegoen. Baina zer gertatu zen? 1979an alderdiak legeztatu ziren, eta han zebilen jendea haietara pasatu zen, eta galdu zuen bere jabetasuna edo eginbeharra kalean. Konstituzioa egin zen, eta kalea bizitzea gero eta zailagoa zen, errepresioagatik; eta kaleko giro hori amaitu egin zen. Eta ilustrazioaren etapa hasi zen niretzat. Nolabait, kaletik leku propio bat irekitzera pasatu nintzen, baserri bat hartu nuen lagun batekin, eta han hasi nintzen ipuinak egiten jo eta ke. Industria hori nahiko indartsu zebilen, eta aukera nuen lan egiteko. Ipurbeltz ere hor zegoen, eta bi gauza horiekin ibili nintzen.
Zer eman dizu zuri ilustrazioak?
Denbora eman dit; irakurtzeko, adibidez. Lan bat egin behar nuenean, liburutegian sartzen nintzen gauza bila, eta asko irakurtzen nuen, denetarik; irakurketaren mundura eraman nau, lan bat dudanean errazago sartzen zaizkit gai ezberdinak eta era guztietako liburuak. Baina, gainera, denbora eman dit gauza asko egiteko, neure buruarekin egoteko, naturarekin, lagunekin... Ez zen prentsan edo enkargu motzekin bezala, lasaiago har nezakeen; libre nuen eta denbora hartzen nuen. Gustuz egiten nituen lanak, dena paperean, koloreak ere pintzelarekin... Oso atsegina zen, oso erromantikoa [barrez]. Eta denbora hori urrea zen.
Zure bide nagusia marrazkia izan bada ere, bestelako adierazpide batzuk ere landu dituzu.
Tira, denbora baldin baduzu eta gauzak probatzea gustatzen bazaizu, irudiaren munduan zer gertatzen da? Zerbait egiten baduzu, editore batengana joan behar duzu berak editatzeko? Bada, oraingo teknologiekin, agian, zeuk osatzeko aukerari heltzen diozu. Egin izan ditut argazkiak, eskultura txikiak... eta, bitarteko berri hauekin, bideoak ere bai. Edizioa asko gustatu zait; musikarekin, ahotsarekin asko saltseatzen duzu. Denbora, horretan pasatu dut; ez dakit denbora galdu dudan, baina ni gustura aritu naiz.
Esparru askotan aritua zara: kartelgintza, komikigintza, prentsa, ilustrazioa... Aukeratzekotan, zein izan duzu gustukoena?
Tira, garaiak dira. Izan zen garai bat txisteak egitekoa, baina orain esango bazenit bat egiteko, ez dakit zer egin beharko nukeen. Komikiaren garaia ere oso polita zen, eta ilustrazioarena ere bai, baina orain dena hainbeste ireki da globalizazioarekin, non editorial batek agian 50.000 lan dituen, kanpokoak... Dena eskuetatik joaten zaizu; dena zure eskurago dagoenean, protagonista sentitzen zarenean, hor hartzen duzu gustua, zuk egiten duzunak zerbaitetarako balio duelako. Ikusita hainbeste masifikatu dela... Orain, eskulanetan sartu naiz, eta primeran. Berdin-berdin ikusten dut neure burua: goizeko gosaria bezala, egunero behar dut, egunero ez baduzu sortzen haurrek sumatzen dute, eta nik ere bai; sortzen jarraitzeko beharra daukat.
Haurren munduari lotuta jarraitzen duzu, eskolak ematen. Nolakoa da esparru hori zuretzat?
Orain, zuzenean. Lehen urrutitik marrazten nuen, nolabait nire haurtzaroa ukitzen nuen, baina banekien haurrekin konektatzen nuela. Konexio hori beti izan dut. Orain, bertatik bertara, eta horrek beste gauza batzuk ikastea dakar, askotan zu ez baitzara protagonista, haiek dira; zeure lana egiten duzu, eta laguntzeko zaude hor. Nire lana haiek bultzatzea da.
Ilustratzaile lana asko aldatu da. Nola hartu dituzu aldaketok; adibidez, teknologikoak?
Tira, 2000. urtean lortu nuen ordenagailu bat; zeuden aukerak ezagutu nahi nituen. Kuriosoa da, baina kontua da hortik goazela; zer egiten da gaur ordenagailu gabe? Dena den, nire problema ez da hori, baizik eta jende asko dabilela horretan, eta estiloa ere aldatu dela; azken batean belaunaldi berriek estilo berriak ekartzen dituzte, eta nahi eta nahi ez, antzinako estiloa ez da haiek nahi dutena; mundu guztian gertatzen da hori. Agian, herri gisa, hemen ni erreferentzia bat naiz, niretzat zaharrago batzuk izan diren bezala, baina argi dago estiloa aldatuz doala belaunaldiz belaunaldi. Ni jabetzen nintzen jende gaztea bazetorrela, zure estiloa oso ikusia dagoela eta une batean jendeak gauza berriak nahi dituela. Hala da, eta ez dago besterik.
Ilustratzaile lana gutxietsia izan dela esan da. Hala uste duzu?
Bai. Orain aldatu da, baina egia da gaizki pasatu izan dugula. Ilusioa duzu euskal liburuetan zure irudiak ikusteko, baina beste gauza bat da jasotzen duzun ezagutza. Hasieran, pentsa, jatorrizkoak ez zizkiguten itzuli ere egiten. Gero, aitorpen apur bat iritsi zen, 80ko urteetan katalanak hasi zirenean beren eskubideak eskatzen, eta hori hona ere iritsi zen.
Euskal Herrian izan dugun beste gauza bat da hemen egin diren lanak beti etxerako izan direla, ez da egon merkatu bat, ez gara izan komertzialak; gu herrigintzan ibili gara. Nik hainbeste denbora pasatu badut lanean, izan da herria maite dudalako; ez dizut esaten zentzu abertzale batean, ez dakit nola joango den hau edo bestea, hor seguru asko mareatu egiten naiz, baina niri ipuinek eman didaten aukera zoragarria izan da. Nik baloratuko banu marrazkia niretzat irtenbide ekonomiko bat izango zela, suizidatu nintzen ja [barrez]. Eta oso interesgarria da orain sari hau jasotzea, azkenean eman didatelako eman behar zidatenek, hemengoek.
Bihar jasoko duzu Dabilen Elea saria. Nola hartu zenuen berria?
Ez nuen espero... Gustatu zait Joxean Muñozi entzutea, irudi munduan jantzia dela badakidalako, ni bidegile bat izan naizela, eta nahi gabe, baina hori da. Bide guztiak zeuden ezer ez egiteko edo kanpora joateko, eta nik zorte handia izan nuen Debako Eskola eta han Oteiza ezagututa. Oteizak bai ematen zigula aitorpena herrian!
Halako sariek zure lana aitortzeko balio dutela uste duzu?
Tira, lehenik eta behin, ondo dago ni aipatzea aipatu nauten bezala, zeren, nire ustez, zor bat zegoen nirekiko; ez naiz inongo akademiatara joan, baina, hala ere, asmatu dut, nituen baliabideekin eta nire kasa. Hau oso nirea, bakardadean egindako bidaia izan da.
Erakusketa zabalduko duzu gaur Donostian. Zer jarriko duzu?
Txoko txiki bat da. Pentsatzen dut jatorrizko lan batzuk jarriko ditudala, zuri-beltzean eta koloretan, ikusteko nola lan egiten dudan. Liburu azal batzuk ere bai, eta, agian, karpeta batean, ateratzen nituen lanen fotokopia batzuk... Tartean, inportantea baita, jolas egingo dut eskulanekin.
Jon Zabaleta. Marrazkilaria
«Ez gara komertzialak izan: herrigintzan ibili izan gara»
Ilustrazioaren arloan aitzindari eta euskal liburugintzan erreferentzia nagusietako bat da. Horregatik emango diote bihar Dabilen Elea saria, bere ibilbidea aitortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu