Duela urtebete sartu zen Xan Errotabehere Kalakan taldean, baina taldea bada orain bi urte eta erdi bizi dela. «Baldintza berezi batzuetan sortu zen taldea», oroitu du Errotabeherek.«Labeque ahizpek, Katia eta Marielle pianista ezagunek, Maurice Ravelen klasiko baten bertsio berezi bat egin nahi izan zuten euskal perkusioekin, bereziki txalapartarekin. Hortik abiatu zen dena. Hasieran bi ziren bakarrik Kalakan-en, eta gero bertze bat atzeman behar zen. Geroztik taldea anitz aldatu da».
Nola definitzen duzue zuen estiloa?
Guk, sinpleki, musika tradizionala egiten dugu. Gauza da garrantzitsua iruditzen zaigula kultura bat edo euskal musika tradizionala biziaraztea. Eta, biziarazteko, ez da finkatua utzi behar. Gure aitona-amonek dizkigute kantu horiek irakatsi, eta guk entzun ditugun gauzekin berriz moldatu ditugu, gure izaerara ekarriz. Ez dugu sekula kantuen funtsa eta zentzua aldatu. Musika moldaketa egiten dugu. Mementoko erritmo batzuk gehitzen dizkiogu.
Hiru kidek osatzen duzue Kalakan. Zer ekarpen egiten du bakoitzak?
Bakoitzak garrantzi handia baduela ez da dudarik. Thierry Biskarik beti milaka ideia izaten ditu. Badu gustua hitzendako eta badu euskal kantuen ezagutza handia. Taldea aitzinarazten du anitz Thierryk. Jean Michel Bereauk, berriz, guk baino gehiago entzun ditu rock eta talde amerikarrak. Eta erraztasun handiarekin daki kantu bat hartu eta zer eta nola egin behar den erratea. Belarri biziki ona du. Kantuak moldatzeko gaitasun handia du, badaki nola biziarazi berriz. Eta nik, diotenez, erraztasuna daukat musika tresnak jotzeko. Txistua, xirula, alboka... eta erran nezake gaztetasuna dakarkiodala taldeari. Erraztasuna dut kantuetan musika tresnak sartu eta egokitzeko. Bakoitzak zerbait desberdina ekartzen diogu taldeari, eta biziki ongi konpontzen gara.
Egun jende guziaren ahotan dago Kalakan taldea, Madonnaren biran parte hartzen duzuela eta. Nola iragan zen zuen arteko ezagutza?
Biziki sinpleki. Justuki, Labeque ahizpak aipatu ditut, taldearen sorkuntzarekin zerikusirik baitute, eta haiek Madonnaren lagunak dira. Madonna Euskal Herrira oporretara etorri zenean, Labeque ahizpek beren etxean aste bat pasatzea proposatu zioten Madonnari. Eta, aste horretan Madonnaren urtebetetzea zenez, bi ahizpek ezusteko bat eman nahi izan zioten, gaualdi bat antolatuz. Ezagutzen gaituztenez, eta maite dutenez egiten duguna, galdegin ziguten gaualdi horretan jotzeko prest ote ginen. Erran gabe norentzat zen, bistan dena. Beren lagun bat zela jakin genuen, besterik ez.
Ezusteko handia hartuko zenuten…
Bai eta ez. Bai, hastapen batean bistan da baietz. Baina biziki fite lasaitu ginen, aurkezpena etxeko sukaldean izan baitzen. Pertsona harrigarri bat deskubritu genuen azken finean; izan ere, telebista eta hedabide guzien bidez ikusten dugu berak jokatzen duen pertsonaia edo rola. Baina bizian ez da zinez hori. Bizian ohartzen zara biziki emazte pausatu, argi, interesgarri eta gauzen interesa duena dela. Gaualdia biziki goxoki pasatu genuen. Eta hala segitzen du. Gurekin beti biziki goxoki aritzen da, errespetatzen baitu nor garen. Hau da, azaldu genion euskal kultura zertan datzan, nondik heldu ginen eta nora joan nahi dugun. Anitz errespetatzen du hori, eta harreman batean, laguntzen du bistan dena.
Proposamena noiz egin zizuen?
Topaketaren eta galdera ofizialaren artean bost hilabete iragan ziren. Agorrilean ikusi genuen, eta berririk ez genuen izan urtarrila arte. Eta urtarrilean galdea ukan genuelarik, Frantzian eta Italian jotzen ari ginen. Eta hasiera batean pentsatu genuen hobe genuela beha egotea, etxera sartzea eta pentsaketetan hastea ondotik. Anitz galdera egin genizkion geure buruari, bistan da. Alde batetik, urte oso bat programatua baikenuen. Bestalde, jendeak zer pentsatuko zuen hasi ginen gogoetatzen. Baina, azken finean, biziki errazki esan genuen baiezkoa. Musikari profesional gisara, ez dut uste anitz jendek baduenik horrelako aukerarik horrelako produkzio handi batean aritzeko. Ez dut uste egunero gertatzen denik, eta horretarako joan gara.
Dagoeneko hasia duzue bira. Nola bizi duzue esperientzia?
Gauzak baretzen joan dira pixkanaka. Hiru hilabetez egon ginen New Yorken, ikusgarria prestatzen, eta hor abantzu egun guziak lan egiten pasatu genituen. Akigarria zen. Baina prestakuntza garaia izan zen hori; beraz, normala zen. Orain egunak ez dira batere berdinak.Anitz bidaiatzen dugu. Eta noizbehinka egun bat edo bi pausa izaten ditugu. Erritmoa aldatu da, beraz. Ikusten duzularik dantzariek zein Madonnak zein erritmo izan duten hiru hilabetez, harritzekoa da. Uste dut gehien lan egiten duena ikusgarrian, orain ere, Madonna dela. Makina bat da. Berak du ia dena baieztatzen eta deliberatzen. Ez dut sekula ikusi horrelako langilerik. Hasiera da bakarrik, eta ikusiko dugu nola pasatuko diren ondoko hilabeteak.
Baina bizi esperientzia gisa, zer sentitzen duzue, adibidez, hainbeste jenderen aitzinean kantaturik?
Oroitzen naiz Kalakan-ekin egin nuen lehen kontzertuaz; Baionan izan zela, apartamentu bateko egongela batean, 30 pertsonaren aitzinean. Beldurgarria izan zen. Beldurgarria jendea zure aitzinean duzulako, mikrofonorik gabe kantatzen duzulako, jendearen begirada ikusten duzulako eta haiek ere zurea. Madonnaren ikusgarri handi batean jende guzia ilunpean da, ez dituzu ikusten. Gainera, nahiko lasai gara, gauza guziak eginak baitira ongi funtzionatzeko. Beraz, ez da horrelako inpresio berezirik izaten. Gero, egia da lehen ikusgarrietan biziki kontzentratua egon naizela. Adibidez, lehen ikusgarrian ez nuen gauza berezirik sentitu. Lau edo bosgarrenean hasten zara pixka bat zeure burua askatzen eta publikoaren erantzuna sentitzen. Gauza berezia da zinez horrelako ikusgarri batean parte hartzea, ezagutzen genuenetik arrunt desberdina.
Euskal kultura zabaltzen ari zaretelako sentipena al duzue?
Ez dut uste horretan gabiltzanik. Adibidez, New Yorkera iritsi ginelarik, galdegiten zigutelarik nondik heldu ginen eta Euskal Herritik gentozela erratean, ez ziren gai errateko non kokatzen den. Interesa duena da behintzat jendeari jakinaraztea munduan zehar non dagoen Euskal Herria. Baina euskaldun guziei dagokigu euskal kultura zer den erakustea. Anitz talde izan dira gu baino lehen hau egin dutenak. Ez dut uste lehenak garenik eta ez dut uste horrelako gauza handirik egiten dugunik euskal kulturarendako. Ez gara euskaldun musikari gisa jin bira egitera. Bistan da, euskaldunak gara eta musikariak, baina baiezkoa profesional gisa eman dugu. Konturatu behar da horrelako ikusgarri batean ez zarela hor zure herria edo kulturaren ikusarazteko, bost-sei kantuz ezin baituzu ezer erakutsi.
Euskaraz kantatzen duzue…
Bai, ez da gutxi euskaraz aritzea kantuz. Horretaz ohartzen gara. Baina euskal kulturari zerbait ekarriko diogula erratea beste gauza bat da. Hori geroak esanen du. Orain ezin dugu hori neurtu. Ez gara horretarako jinak, eta zerbait ekartzen badu, hobe. Geroak erranen du.
Elkarlana nola iragaten da talde guziaren eta Madonnaren artean?
Ikusgarriarendako elkarlana egitea biziki erraz iragan da. Madonnak badaki artista bakoitzak zer duen gustukoa, zer atera nahi duen. Askatasuna eman digute zinez zerbaiten egiteko. Hau da, beti ideia nagusiak eman dizkigute, erranez ikusgarrirako zer nahi duten; eta guk ondotik gure musika egin dugu. Lana partekatzea erraza izan da. Izan dira ikusgarrian pasaia batzuk guk proposatuak ere, eta onartuak. Eta, erran bezala, berak du azken hitza. Baina baldintza hoberenetan ezarri gaitu, ez da beste hitzik.
Bira ondotik, zuen etorkizuna nola ikusten duzue?
Itzulia bukatu eta gero moztea izanen da garrantzitsua, horrelako esperientzia baten ondotik behar baita, pentsatzen dut, denbora zerbait hartu. Baina hala ere, geroari jada lotuak gara. Aurten atera nahi genuen diskoari begira, nahiz eta biran zehar lantzen ibili, heldu den urtean horretan ariko gara. Izan ere taldeak, 2010ean diskoa kaleratu zuenetik, gauza anitz aldatu dira eta gure oraingo musika erakusten duen diskoa argitaratu nahi dugu. Labeque ahizpekin ere ari ginen, eta horrela segituko dugu, eta nahi genituzke kolaborazio berri batzuk egin. Orokorki erran nezake kolaborazio gehiago eta gure kontzertuak berritu eta ematen segituko dugula. Gauza horiek guziak bazterrean utzi ditugu. Eta aurten egiten duguna, esperientzia ikaragarria izanik ere, gure funtsezko lana ez dugu zinez aitzinatzen. Eta horiek guziak egin beharko dira eta ez ditugu ahantzi behar.
Xan Errotabehere. Kalakan taldeko kidea
«Ez gara euskal musikari gisa jin birara, profesional gisa baizik»
Duela bi urte eta erdi sortu zen Kalakan, betiko euskal kantuei bizitza berria ematen dien taldea. Azken asteotan, Madonna munduan gaindi egiten ari den biran parte hartzen ari dira, arrakasta eta oihartzun handiz, taldeko hiru kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu