«Orain, edo inoiz ez». Esate hutsagatik esan ohi da hori, baina Jose Mari Carlos Bizardunak taldeko abeslariak ez du beste aukerarik ikusten. Urteek aurrera egiten dutenez, eta jendeak taldearen «kutsua» sentitu nahi duela ikusita, «ezin» dira zain egon. Horiek horrela, Azken iraina izeneko birari ekingo diote datorren urteko udaberrian.
Hasieran, lau kontzertu iragarri zituzten Bidean Produkzioen webgunean. Dena den, sarrera guztiak saldu dituztenez, beste lau emanaldi egingo dituzte. Azken horiek lehendik zehaztuta zeuzkaten kontzertuen bezperan izango dira. Hortaz, hauxe da taldearen martxoko agenda: Atarrabian (Nafarroa) izango dira lehen emanaldiak, martxoaren 14an eta 15ean. Astebeteren ondoren, hilaren 21ean eta 22an, Gasteizen izango dira, Jimmy Jazz aretoan. Azpeitian ere (Gipuzkoa) emango dituzte kontzertuak, martxoaren 28an eta 29an, Sanagustin kulturgunean, eta Bilboko Kafe Antzokian izango dira azken bi zuzenekoak, apirilaren 4an eta 5ean.
Ez da lehen aldia taldearen itzulera iragartzen duzuela. 2017an ere izan zenuten itzultzeko asmoa, Hatortxurock jaialdiko kartelean azaldu zineten eta. Halere, ez zineten oholtzara igo; orduan azaldu zenutenez, «konplikatua» zen kontzertu bakar baterako «bederatzi pertsonako hildako bat berpiztea». Zazpi urteren ondoren, hortaz, hildakoak suspertuta itzuli zarete?
Bai, hala dirudi. Gainera, kasualitatez itzuli gara. Lagun minak gara, eta gutxitan hitz egiten dugu Bizardunak taldearen inguruan; tira, anekdota bat edo beste komentatu izan dugu, baina ez dugu hitz egiten taldea bueltatzeko kontuaz. 2017aren ondoren uste nuen gaia guztiz ahaztua genuela. Inork ez zuen itzultzeko proposamenik egiten. Joan den udan, ordea, leku batean jotzeko eskaintza bat iritsi zitzaigun, eta orduan pentsatu genuen bueltatzea.
Lagun talde horretatik, zeintzuk elkartu zarete oraingoan?
Bizardunak taldea 11 bizardunek osatzen dugu. Bada, horietatik lau ez dira gurekin izango azken bira honetan. Gainera, beste lagun min bat etorriko da gurekin. Beti izan da taldekoa, baina, hasi ginenean, Bartzelonan zegoen, flamenko kontuekin. Beste talde batean elkarrekin jotzen dugu, eta oso erraza izan da Bizardunak taldera egokitzea. Ia-ia lehenengo birako jende berbera gaude.
Beraz, taldekideak ez zarete asko aldatu. Eta kontzertuetan eskainiko duzuena aldatuko da?
Egia esan, ez. Hiru diskoen errepasoa egingo dugu. Gainera, abesti berri bat kaleratuko dugu hurrengo hilabetean, eta hori ere joko dugu.
Hara! Abesti berriaren izena zein den aurreratzerik bai?
[Julen Caminos Bidean produkzioko arduradunari begiratu dio Carlosek].
Sorpresa. Harreman ona dugu Bidean produkzioko kideekin, eta ez dut izorratu nahi. Datorren hilabetera arte itxaron beharko duzue.
Aurrera begira jarrita, biraren ostean, zer? Luzarorako etorri zarete? Baduzue beste disko bat kaleratzeko asmorik?
[Caminosi begiratu dio berriro abeslariak].
Zer esango dut?
Hortaz, bada beste disko bat labean?
Ez, ez dago beste diskorik. Aurreratu dezakedan gauza bakarra da zerbait berezia prestatu dugula Durangoko Azokarako. Musika talde bat gara, eta musika eskaintzeko gaude. Beraz, Durangon zerbait saltzen izango gara. Hortxe utziko dugu.
Azken iraina izeneko bira egingo duzue 2025eko udaberrian. Hasieran iragarritako lau kontzertuetarako sarrerak bukatu dira.
Uste eta espero baino jende gehiagorengana heldu da. Promozioa egiten hasi berri gara, oraindik ez dugu askorik zabaldu. Harrituta eta oso pozik gaude jendearen erantzuna ikusita. Beraz, leku berean beste egun batez jotzea erabaki dugu.
Sare sozialek izango zuten eragina zabalkundean. Instagram kontu berri bat zabaldu duzue horren berri emateko, ezta?
Bai, hala da. Instagram eta Facebook sare sozialetan kartela argitaratu genuen. Halere, Euskal Herrian zehar kartelak itsatsi ditugu, era analogikoan, gu halakoak baikara.
Iragarritako horiez gain, besteren bat egiteko asmoa duzue?
Ez dakigu. Lehenik ikusi beharko dugu ea taldeak nola erantzuten duen, nola jokatuko dugun, nola antolatuko dugun geure burua eta abar. Horren araberakoa izango da, eta gero gerokoak. Oraingoz, zortzi saio horiek egitera konprometituta gaude.
Zer ezin da falta bira honetan?
Alkohola [barreak]. Eta kafeina, nire kasuan. Kafeina alkohol tanta batekin nahastuta.
Zer esan nahi du zuentzat Bizardunak berriro oholtzara igotzeak?
Lagunekin beste gauza batzuk egitea: furgonetan aurrera eta atzera ibiltzea, parranda, afariak, apur bat mozkortzea… juerga itzela da guretzat. Ez da ohikoena lagunekin horrelako planak egitea. Ez da musika berria sortzen hasteko aitzakia bat, ez baitugu disko berririk atera nahi. Ez gaude aro horretan. Elkartu egin nahi dugu, besterik ez.
«Ez da musika berria sortzen hasteko aitzakia bat, ez baitugu disko berririk atera nahi. Ez gaude aro horretan. Elkartu egin nahi dugu, besterik ez»
JOSE MARI CARLOSBizardunak taldeko abeslaria
Horrez gain, azken bira modu txarrean utzi genuen. Uda osoa aurretik izan arren, ekainean bertan behera utzi genuen dena. Ez nintzen lasai geratu, eta beti izan dut arantzatxoa kentzeko nahia. Hain gauza polita horrela uztea ere… Bira honek zapore txar hori kentzeko balioko digu. Gainera, urteak aurrera doaz: 40 urtetik gora ditugu dagoeneko. Horiek horrela, garbi daukagu: orain, edo inoiz ez.
Inoiz ez da berandu, ezta?
Nik ez dut horrela pentsatzen. Zahartzen ari naiz. Musika beti egingo dut, noski, baina oholtza gainean jotzea edo hara eta hona ibiltzea ez da luzaroan egingo dudan zerbait. Zaleek ikusi nahi dutena Bizardunak taldearen kutsua da. Badakit jendeari musika gustatzen zaiola, baina festa eta ikuskizuna ere nahi dute. Horregatik erosi dituzte sarrerak. Eta nahi duten hori eskaintzeko, orain, edo inoiz ez.
Baina Bizardunak taldea zuek osatzen duzue, eta zuek hala erabakita aldaketak egin nahi badituzue, zer?
Taldea desegin ez balitz, eta bilakaera bat egon balitz, adibidez, gero eta musika lasaiagoa sortuz, horixe jarraituko genukeela. Baina gauzak ez dira horrela izan; taldea desegin genuen, eta Bizardunak hori da.
Orduan, utzitako puntu berean jarraitu nahi duzue?
Nire ustean, jendeak horregatik erosi ditu sarrerak. Guk ere nolabait hori sentitu nahi dugu: taldea berpizteko prest gaude. Modu batera edo bestera, taldekide guztiok jarraitu dugu musikan. Hau zerbait zehatza da, momentukoa, eta aurrera egitea erabaki dugu. Nik azken bira gisa ulertzen dut hau. Ez gara berriro elkartuko beste bira bat egiteko; beraz, Bizardunak taldearen azken bira dela esango nuke. Ez nuke esango The Dubliners taldearen antzera bizar zuri eta luzeekin ibiliko garenik. Hori beste garai batean egin dezakegu, baina orain ez.
«Aurre egitea erabaki dugu, garen bezala aurkeztea, kantzelatzen gaituzuen arte. Bestela, zer egin behar dugu, geure burua autozentsuratu?»
JOSE MARI CARLOSBizardunak taldeko abeslaria
Nafarroatik «probokazioa, jarrera politiko kritikoa eta umorea» ekarri zenituzten euskal eszenara. Egun izatasun horri eusteko aukerak ikusten dituzu?
Azken iraina, kantzelatzen gaituzuen arte. Badakigu antzina arazoak izan genituela gai honekin. Badakigu zenbat jende haserretzen zen gai honekin. Nolanahi ere, jendeak galdetzen zigun ea zergatik ez ginen bueltatzen. Guk erantzuten genuen ezinezkoa zela ginen bezala itzultzea. Izan ere, leku guztietatik jasoko genuen zerbait. Edonola ere, itzuli egin gara. Gai hori mahai gainean dugu, noski, baina zer egingo dugu? Aurrera egitea erabaki dugu, garen bezala aurkeztea, kantzelatzen gaituzuen arte. Bestela, zer egin behar dugu, geure burua autozentsuratu?
Nafarrak garen heinean, ohituta gaude UPNren kolpeak hartzera: hor ibiltzen ginen, gaztetxetik gaztetxera horien ihesean. Jakitun gaude oraindik horrela jarraitzen dutela, ez direla aldatu; hor dago, esaterako, Raimundo el Canasteroren kasua —Tafallako (Nafarroa) festetan, UPNk mozioa aurkeztu zuen udalak taldearekin zuen kontratua amaitzeko, eta zenbait kide deklaratzera deitu zituzten—. Hori aski ez, eta orain beste aldetik ere ematen dizute kolpea, ezkerretik, alegia.
Hori ikusita, zer erabaki dugu? Nahi duguna egitea. Ez da gure ogibidea, ez da gure hipotekak ordaintzeko bidea. Plazera ematen digu. Horixe gara gu, eta horixe izango gara aurrerantzean ere. Kezkatzen ote nauen? Bada, bai, zeren eta ahorik handiena nirea baita. Baina sarrera erosi dutenek hori nahi dute, eta emango diegu. Iraungo duen? Arazorik ekarriko digun? Ez dakigu, eta ez dago gure esku.
Nola ikusten duzu kanpotik egungo euskal musika?
Youtubetik heltzen zaizkit kaleratze berrien jakinarazpenak, eta hor ikusten ditut. Lehen gutxi axola zitzaidan; orain, batere ez. Niri bost euskal eszena. Kaleratzen badute euskal disko bat eta gustatzen bazait, hobe. Baina komertziala eta hegemonikoa den hori beti izan da berbera; bueno, 90eko hamarkadan sortutako musika izan ezik. Hor piztu zen dena. Hor dugu gure benetako musika. Orain hori galdu da. Atzerriko musika guregana heltzen denean, hori geureganatzen dugu. Musikari dagokionez ez daukagu berezko nortasunik.
«Atzerriko musika guregana heltzen denean, hori geureganatzen dugu. Musikari dagokionez ez daukagu berezko nortasunik»
JOSE MARI CARLOSBizardunak taldeko abeslaria
Eta zuek hori lortu nahi duzue?
Ez, ez genuen lortu, eta ez dugu lortuko. Guk ere atzerriko musika maite dugu; hori geureganatu, eta gure ezaugarri propioekin izaera ezberdin bat eman diogu, baina ez da ezer espeziala. Guk ez dugu lortu, ezta beste inork ere.
Zuen izateari jarraikiz, bota primiziaren bat edo. Bestela, elkarrizketa akabo.
Esan beharrekoak baino gehiago esan dira; hortaz, akabo.