Nahi duten guztia hartan kabitzeko. Tatxers musika taldekoei horretarako balio izan die beren azken diskoa egiteak —homonimoa da—, besteak beste. Aspaldi zuten asmo hori teman, eta hala iragarri zuten martxoaren 26an kaleratutako Nik nahi dudana I aurrerapen kantan. «Esadazu gure artean zer dagoen/ eta dena kabitzen da hementxe/ eta disko baten/ hauxe duk hauxe». Jon Salinas Sali kideak idatzi zituen hitzok, eta oroitu duenez, bere buruari galdera bat egitean bururatu zitzaion ideia. Galdera hau zen: «Zer egin nahi dut benetan?». Segituan jakin zuen zer erantzun: «Disko honetan nik nahi dudan guztia egotea, horixe nahi dut». Nik hitza baliatu du, baina argitu du guk esan nahi duela. Tatxerseko hirukoteaz ari baita. Hirurek sortu dituzte diskoko 11 kantuak, eta etzi hasiko dira aurkezten: kontzertua emanen dute Burlatako (Nafarroa) gaztetxean.
Taldearen hirugarren lana da Tatxers, eta Atala estudioan grabatu dute (Bera, Nafarroa), Iñigo Irazokirekin. Taldekideak hasierako berberak dira: Sali (baxua eta ahotsa), Martin Ziriza (gitarra eta ahotsa) eta Iñigo Soria (bateria).
Hiruzpalau amets larri (2021) EPa kaleratu berritan, kideek aitortu zuten beren soinua aurkitzen hasiak zirela, «Tatxers soinua» bilatzeko bidean urratsak egiten. Diotenez, aurkitu dute jada. «Azken bi urteotan oso popero ibili gara; horrela gabiltza oraindik ere. Baina, aurreko lanekin konparatu eta desberdintasun bat aipatu beharko banu, esango nuke honetan asko frikeatu dugula, gehiago esperimentatu», esplikatu du Salik. Ziriza ados da harekin, eta berak ahoskatu du ondorioa, hain justu: «Geure soinua aurkitu dugu».
Dena dela, Salik eta Zirizak esan dutenez, orain artekoetatik askorik urrundu beharrik gabe lortu dute desio zuten soinua. Funtsezkoa izan da maite dituzten ezaugarriei eustea: melodien zainketari eustea, batik bat. Tatxersen kasuan, melodikotasuna ez da soilik musika instrumentuei lotua. Horiek bezain inportanteak dira ahotsak. «Ahotsari beste eginkizun bat ematen diogu,ez bakarrik zerbait kontatzea».
Hitz erdika transmititzea
Hitzei dagokienez, 2021eko EPan erakutsitako joerari eutsi diote Tatxersekoek. Hainbat gairi buruz mintzo dira, hitz erdika: etorkizuna, kezka, «gauzak uztea», maitasuna, mina... baina, beste behin, abestiak irudiz, eszenaz eta esaldi iradokitzailez josiak dira. «Musikak berez du gaitasuna gauzak transmititzeko. Horretarako, baliabide pila daude, eta ez duzu zertan argi eta garbi azalpenik eman», esan du Zirizak. Hala ere, hitzen «narratibotasunik eza» are nabarmenagoa da Salik idatzitako kantuetan. Hark aitortu duenez, biziki maite du hori: «Ez zait inporta ulertzen den edo ez. Nahiago dut pentsatu: zer sentsazio utzi dizu? Hor dago erantzuna». Gainera, baxu joleak argi du musikan zein duen lehentasuna: «Nik aise sakrifikatzen ditut hitzak, melodiaren alde. Hitz bat ez bada sartzen, aldatuko dut; musika, inolaz ere ez».
Estiloari dagokionez, bada Tatxersi maiz egotzi zaion gauza bat. Eragin britainiarreko rock eta oi doinuen oihartzunak nabariak dira haien musikan, baina, gainera, sarri esan diete iraganeko musika taldeak ekartzen dituztela gogora. Horrek nolabaiteko aznahia eragiten dio taldeari. Zirizaren esanetan, «gehiegitan» esaten baitiete. «Etengabeko konparazio horrek amorrua ematen dit, adibidez diotenean gure musika ez ote den 80ko hamarkadara itzultzea».
Taldeak ez du atzera begiratuz sortzen. «Ez gara batere nostalgikoak», esan dute biek, eta Zirizak erantsi du hala deitzen dietenek dutela, akaso, joera hori. «Egun, musikak ez du inolako denbora mugarik. Zernahi estilorekin, baliabiderekin eta erreferentziarekin egiten da musika. Gu gaurkoak gara». Gainera, aise zerrendatuko lituzkete antzeko musika egiten duten egungo talde asko.
Halaber, iraganean iltzaturik izatearen eta «berritzaileegi» aritu nahiaren arteko orekari buruz egin du gogoeta Salik, behin aditu zuen esaldi bat gogora ekarrita: «Zeure garaiaren itzala izan behar duzu, baina ez argia».
Etzi da lehen kontzertua, baina beste asko iragarri dituzte. Adibidez, maiatzaren 5ean Gasteizko gaztetxean izanen dira; 13an, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean; 25ean, Bilboko Kafe Antzokian.
Diskoak taldearen izen bera du, baina, egiazki, badu sasiazpititulu bat. Diskoaren azalean dago: Gurea da lore sorta —Vulkeko Andoni de la Cruzek egin du—. Tatxersekoen esanetan, maite dute pentsatzea kantuak «loreak» direla. Entzuleei emanen dizkiete orain.
Jon Salinas eta Martin Ziriza. Tatxers musika taldeko kideak
«Ez gara batere nostalgikoak»
Iruñeko Tatxers taldeak izen bereko diskoa kaleratu du, 11 kantu bilduta; «Lore sorta baten parekoa» da, kideen iritziz. Etzi hasiko dira loreok oholtzaratzen, kontzertu birari ekinen baitiote, Burlatako gaztetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu