Ez dute huts egiten

Izagirre, Atxaga, Artze eta Meaberen liburuak daude, BERRIAko kritikarien ustez, 2013ko interesgarrienen arteanAlberdi, Ubeda, Ibarguren eta Lobo Antunesen obrak ere nabarmendu dituzte

Juan Luis Zabala
2014ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Aukeran goizegi da 2013ak literaturaren arloan utzitako liburu interesgarri, aberats edo gomendagarrienak nabarmentzeko, zaila delako argitaratutako guztia norberaren galbahetik pasatua izatea dagoeneko. Muga hori onartuagatik ere, BERRIAko literatur kritikariak iaz argitaratutako hiruna liburu hautatu eta labur-labur haietako bakoitzari buruzko lerro batzuk idatzi dituzte, urteak emandakoaren gainbegiratu labur bat osatzeko asmoz. Hautatutako liburuen artean, huts egiten ez duten idazle ezagun eta kanonikoenak daude, baina baita hasi berriagoak edo ezezagunagoak direnen idazle batzuenak ere. Horrez gain, esan beharra dago zerrendetatik kanpo geratutakoen artean badirela, kritikariek azken unera arte derrigor aipatu beharrekotzat izan arren, hiruko kopurua errespetatu beharrez kanpoan penaz utzitakoak ere, hala nola Lourdes Oñederraren Intemperies eta Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua, adibidez.

ALEX GURRUTXAGA Literatur kritikaria

'Parisen bizi naiz'

Egilea: Koldo Izagirre.

Argitaletxea: Susa.

Urbanitatea hainbat gai jorratzeko motiboa da: ironiarekin behatzen da erdigunea, eta periferia —subalternitatea— aldarrikatzen. Poetak esan du: Parisen —ertzean— bizi da, «bestelako aukerarik ezean», eta baita Berlinen ere, «izan eta ezineko etsian». Klabeak dira poesia sozialaren eta Arestiren oihartzuna eta, batez ere, poetak bere-bereak dituen errekurtsoak: sakoneko poetika sendoak goratzen du liburua.

'Kristalezko begi bat'

• Egilea: Miren Agur Meabe.

• Argitaletxea: Susa.

Nobela lirikoa da, ez oso ohiko generoa gurean: protagonistaren barne-garapenaren zentraltasuna, lehen pertsonan egindako kontakizuna, denbora subjektiboa, espazioen karga, eta abar. Sortzen den giroa nabarmendu behar da: iradokizun maila altukoa, iruditeriak eta sinbolismoak ongi margotua. Idazleak lirikotasuna galgatzeko ahalegina egin du kontraste eta umore printzekin, baina narrazioa dotorea da pasarte lirikoenetan.

'Nevadako egunak'

• Egilea: Bernardo Atxaga.

• Argitaletxea: Pamiela.

«Kaosa ez da literatura»: idazleak aurkezpenean. Egia. 150 pieza liburu batean sartzea erraza da, baina liburu hori literatura izatea, hori beste kontu bat. Hotz hasten da liburua, baina apurka, autobiografia eta nobela «purua» elkartuz nolabait, motiboen eta espazioen esangura eta errepikapenari esker, dena geratzen da harrapatua errealitatearen eta fantasiaren arteko unibertso poetiko paregabe batean.

MIKEL ASURMENDI Literatur kritikaria

'Parisen bizi naiz'

• Egilea: Koldo Izagirre.

• Argitaletxea: Susa.

Pablo Picasso margolaritzan nola, Koldo Izagirre poesian. Horixe nire begiek eta zentzumenak hautematen dutena. Poeta (h)onen irudimenak —hitz biz nola hitz lauz— aitzina hartu dio aldiari. Bere poesiak ez du ezer eta inor imitatzen. Poemok emozio eta sentsualtasun adierazpen isuriak dira. Literatura elitista da berea, euskaldun bizitzeko poetika —eta politika— aitzindari premia daukan herri baten aldeko emaria.

'Bide batez esanda'

• Egilea: Mikel Ibarguren.

• Argitaletxea: Utriusque Vasconiae.

Bide poetiko luzetik heldu da poeta, Bide batez esanda erru(a)z adierazten ikasi du. Poeta oro legez mundua aldatu nahiz abiatu zen poesian. Egun inora heltzeko asmorik gabe, bere hitz sotil zorrotzek hatsa mozten dute. Poemok gure meteorologia politikoaren airea hautemateko metafora bikainak dira. Mundua aldatu ezinean, letra txikiz mundua idazten saiatzen da Mikel Ibarguren. Idaztea/aldatzea bitasuna hitz lotuak antzo nabigatzen dute bitakora kaierean.

'Hobe isilik'

• Egilea: Garbiñe Ubeda.

• Argitaletxea: Elkar.

Nobela laburra, zehatz eta trinkoa. Memoria historikoaren arrastoan gauzatua, baina narrazioaren tentsio neurritsuak (h)istori(o)arekin aise lotzen zaituena. Film baterako gidoi iradokigarria, irudiz eta aburuz ehunduta. Pertsonaiak labur baina taxuz dira deskribatuak, filigranarik gabe gorpuztuak. Inplizitu eta esplizitu adieraziak, doituak eta orekatuak. Garbiñe Ubedaren thriller xume ongi burutua.

HASIER REKONDO Literatur kritikaria

'Heriotzaren ataria dugu bizitza' eta 'Bizitzaren ataria dukegu heriotza'

• Egilea: Joxan Artze.

• Argitaletxea: Elkar.

Barrutik barrura begiratzeko poema liburu bikoitza ondu du Joxan Artzek, denbora luzez noiz helduko egon ostean. Poeta edota mediuma, biak ala biak, poesia abangoardistaren bide ezagunetatik urrundu dira kosmosaren harmonia erakusteko xedez. Txoria eta poeta ez daudela hilda argiro erakusten duen poesia lurtarra eta zerutarra. Bizitzari zein eta heriotzari beldurrik gabe so egiteko ezinbesteko irakurketa.

'Euli-giro'

• Egilea: Uxue Alberdi.

• Argitaletxea: Susa.

Ustekabez betetako narrazio hauetan zehar, Uxue Alberdik literatur ibilbide sendoa eraiki duela agertzen du. Narratzeko gaitasun natural eta landu baten jabe, matrioxka gisa antolatzen dituen istorioetan erraztasunez igarotzen da oinarrizko errealismotik errealismo magikora. Emakumeen begirada ezberdinek munduaren konbentzionalismoetatik harago garamatzate. Sexu, sarkasmo eta ironiaz ehundutako narrazio borobilak.

'Gauzen ordena naturala'

• Egilea: Antonio Lobo Antunes.

• Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza.

• Argitaletxeak: Alberdania, Erein eta Igela.

Literatura Unibertsala bildumak narratzaile handi baten harribitxi iraultzailea oparitu digu aurten. Lobo Antunesen xede literarioa ez da xumea inondik inora, goitik behera aldatu nahi baitu eleberrigintza. Kontua da lortu egiten duela. Maisuki darabil bakarrizketa, hari narratiboari kasu larriegirik egin gabe. Gomutaren lurraldean gaude: Portugalgo iraultza garaiak, Lisboako haurtzaroa, bizitza lazgarrien testigantza… teknika narratibo apurtzaileen bidez islatzen ditu. Bigarren oparia, Iñigo Roqueren itzulpen eta hitzaurre gogoangarria.

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

IMANOL MERCERO Haur eta gazte literaturako kritikaria

'Zapatagorri'

• Idazlea: Pello Añorga.

• Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.

• Argitaletxea: Denonartean (Cenlit)

Urtea joan berri den honetan Txano Gorritxoren bertsio berri bat iritsi zaigu, tapa gogorreko edizio zainduan eta tamaina handian. Mitxelenaren grafismo iradokitzaileak eta Añorgaren prosa jostalariak kontakizun indartsua ehundu dute haurtzaroan bizitzen den arrisku latzenetakoa agerian jartzeko. Mezua egungo arriskuetara gaurkotuta dator, ipuinei dagokien eran, era sinbolikoan.

'Hizkimilikiliklik'

• Idazlea: Iñaki Arranz.

• Ilustratzailea: Inma Mendiola.

• Argitaletxea: Ibaizabal.

Liburu benetan bitxia da, gozatzekoa, oso gutxitan argitaratzen diren horietakoa, hizkuntzarekin ondo pasatzera gonbidatzen gaituena. Denera 80 orrialde hartzen dituzten 28 proposamen dira. Barne mekanika konplexua duten pieza irakurterraz hauek eraikitzeko egilea ez da hutsetik hasi; aurretik argitaratua zuen teoria liburu mardul bat, Hitza azti (Alberdania, 2006), hitz jokoen azpiko logika eta mekanismoak azaltzen dituena.

'Zebra efektua'

• Idazlea: Harkaitz Cano.

• Ilustratzailea: Iñaki G. Holgado.

Gazte zein helduentzako eskaintza atipiko honek merezi duena baino oihartzun txikiagoa eragin du gure artean. Xabiroi aldizkarian atalka argitaratu ostean, liburu modura eskuratzeko aukera dugu orain. Luzeraz laburra da, argudiaketa apur bat bihurria du eta gidoia lehorra, baina irudiek bekatu guztiak estaltzen dituzte. Galtzaile kronikoen artean zabaldu nahi duen itxaropen mezua interesgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.