Ez dute Donostia Festibala antolatuko aurrerantzean

Last Tour promotoreak ez du arrazoirik eman, ez eta etorkizunean berriro egiteko asmorik ote duen ere

2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
MUSIKA. Last Tour International promotoreak azaldu duenez, aurrerantzean ez dute irailean egin izan den Donostia Festibala antolatuko. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi du berria, eta nabarmendu du enpresak ez duela azaldu zergatik erabaki duen hori, ezta etorkizunean jaialdia berriz antolatzeko asmorik ote duen ere.

Donostia Festibala zen Last Tourrek Gipuzkoan antolatzen zuen musika jaialdirik handiena 2019an 18.000 ikusle inguru bildu zituen. Hipodromoan egiten zen gaur egun, baina lehen aldia, 2011koa, Belodromoan izan zen, Kutxa Kultur Festibala izenpean; besteak beste, Primal Scream, We Are Standard, Thee Brandy Hips eta Fanfarlo taldeen kontzertuak ikusteko aukera izan zen orduan.

2012an, Igeldo mendira lekualdatu zuten, eta, antolakuntza errazteko, Sergio Cruzado jaialdiaren sortzaileak Last Tourrekin harremanetan jartzea erabaki zuen, Kutxabankekin batera jaialdia antolatu zezan. 2014an hasi zuten lankidetza hori. Igeldo mendian antolatzeak zekartzan arazo teknikoak zirela eta, Kutxa Kultur Festibala hipodromora lekualdatu zuten 2017an. Urte hartan, Kutxabankek jaialdia utzi zuen, eta Donostia Festibala izena hartu zuen orduan jaialdiak. Last Tourrek iaz antolatu zuen azken aldiz Donostia Festibala.

Herenegun jakin zen Donostian beste jaialdi bat antolatu dutela Cruzadoren Gin Musikak eta Dabadaba aretoak: Boga Boga festibalak 25 kontzertu bilduko ditu bere lehen aldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.