Anna Starobinets: «Ez dut uste idazten ari naizen liburua Errusian argitaratuko dutenik»

Helduentzako zientzia fikziozko liburuak idazteagatik ez ezik, galdu zuen umeari buruz idatzitako kontakizun autobiografikoagatik ere ezagun da Anna Starobinets errusiar idazlea. Gutun Zurian izan da egunotan.

Anna Starobinets idazlea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Anna Starobinets idazlea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

Bere biztanleak irensten dituen hiri bat. Euren kontzientziak giza gorputz batean txertatzeko diru nahikorik ez duelako pare bat urtez behintzat bi usoren gorputzetan txerta ditzaten onartzen duen bikote baten gainbehera. Edota gizakiaren erabateko garapena oztopatzen duen parasito bat erauzteak eraldatutako ume eria. Beldur garaikidea da Anna Starobinets idazle errusiarraren (Mosku, 1978) fikziozko lanen lehengai nagusietako bat, eta horren froga da Ikaroren guruina. Metamorfosien liburua ipuin bildumatik hartutako izaki zerrenda labur hori. Ipuinak ez ezik, nobelak ere eman ditu argitara, idatzi ditu fantasiazko gidoiak telebistarako zein irratirako eta, 2012an, eskandalua sortu zuen giltzurrun gaixotasun baten ondorioz galdu zuen haurrari buruzko ez-fikziozko kontakizun autobiografikoak ere: Ikusi egin behar duzu.

Bilboko Gutun Zuria jaialdian izan da egunotan, eta bertan aritu da BERRIArekin hizketan. Beldurraz ere bai, solasaldi bukaeran. Hezur-haragizkoaz. Orain arte Moskun bizi izan bada ere, Georgiara jo zuelako duela bi urte, Errusiak Ukrainari eraso egin eta gutxira. «Han geldituz gero, isilik gelditzea edo egoerari aurre egitea beste aukerarik ez nuen. Gelditu ziren eta isildu ez diren lagunak espetxean daude. Ni ama bakarra naiz, ezin nuen hori egin».

«Beldurraren Errusiako Erregina». Maiz aurkeztu zaituzte etiketa horrekin. Nola daramazu?

Duela hemezortzi urte inguru jarri zidaten etiketa hori, eta orduan pozik hartu nuen. Ez nuen inork inolako etiketarik jarriko zidanik espero, eta oso soinu ona zuen beldurraren erreginarenak. Urteak joan ahala, liburu gehiago eta istorio gehiago sortu ditut, eta gero eta estuagoa iruditzen hasi zait denborarekin. Gorrotatzera heldu nintzen. Orain ez dute hainbeste erabiltzen. Baina esango nuke, bere garaian, baliagarria izan zela, eta ni neu ere kazetari izana naiz, eta ulertzen dut iragarki kutsuko halako hitzek balio dutela norbait era laburrean aurkezteko.

Literaturarekin katarsi moduko bat bilatzen duzula esan izan duzu inoiz.

Katarsia ezin da eraiki. Istorio on bat eraikitzen baduzu, gertatu egingo da. Ez naiz istorioetan katarsi bat txertatzen saiatzen. Liburuak argitaletxeari bidali aurretik, halere, konfiantzazko hainbat laguni pasatzen dizkiet testuak aldiro, eta hotzikararik sentitu ote duten galdetzen diet, eta ea non sentitu dituzten. Katarsi baten ondorio fisiologikoa dela iruditzen zait.

Horren bila jotzen duzu, beraz?

Hor dagoela ziurtatu nahi dut.

Eta ez badago?

Gehienetan hor egoten da. Baditut hotzikararik eragiten ez duten ipuinak hasierako bildumetan, eta pena da, baina hori ezin da konpondu. Kendu dezakezu ipuina, baina ezin duzu konpondu. Hori ez delako eraikuntzaren parte, ezin da hori idatzi. Baina pozik esan dezaket oso gutxitan falta zaidala.

Ikaroren guruina ipuin bildumako gaztelerazko itzulpenaren hitzaurrean, Laura Fernandez idazleak «komunismoaren mamua» ikusten du zure testuen atzean. Gehiegizkoa da interpretazio hori?

Uste dut neurri batean zuzen dagoela. Baina ez da komunismoa. Ipuin gehienak distopikoak direlako, eta mota horretako kontakizunak beti direlako pixka bat kolektibotasunari buruzkoak eta norbere sentimenduak eta esperantzak garrantzi gabekotzat jotzen dituen nolabaiteko gizarte totalitarioren bati buruzkoak, halakoetan garrantzitsua ideia orokorren bat delako. Hori sustatu duen sistemetako bat baino ez da komunismoa, eta horregatik eman dezake tarteka komunismoari buruzko ideiak bidaltzen dizkiodala irakurleari. Baina distopiak gogo subjektiboari gaina hartzen dion gogo kolektiboari buruzkoak direlako da hori. Komunismoa ezagutzen dugu, baina etorkizunean egon daiteke ikuspegi hori izan dezakeen beste zerbait ere.

Etorkizunean edo etorkizun posible batean kokatzen dituzu kontakizunak, baina orainaldia da zure ipuinetan deskribatzen diren izu horien jatorria, ez?

Etorkizunean garatu daitekeela iruditzen zaigun zerbait ikusten dugu maiz orainaldian, eta, noski, orainaldikoak dira izu horiek. Gu ere orainaldian bizi garelako. Horixe daukagulako. Begira, beti irakurri ditut orainaldia baino ez dugula dioten filosofo horiek, ez iraganik eta ez etorkizunik, eta, gerra hasi zenean beste herrialde batera bizitzera joan nintzenetik, eta gauza eta jende asko galdu ditudanetik, eta nire etorkizuna erabat ziurgabea bihurtu denetik, orain, benetan hasi naiz zer esan nahi zuten ulertzen. Benetan esaten zuten! [Barrez] Ez zen metafora bat!

Georgian bizi zara.

Tibilisin.

Izan zen euskal literaturari buruzko kongresu bat han, duela ez asko.

Badakizu georgiarrek uste dutela euskara eta georgiera lotuta daudela? Noski, ez da egia, baina ez haiei esan! [Barrez]

Aipatu izan duzu inoiz arazoak izan dituzula zure umeentzako liburuak zuk nahi zenukeen bezala argitaratzeko. Hitz handia da, baina askatasunaz galdetu nahi nizun.

Orain arte inoiz ez didate mozketarik egin, ez editoreek ez eta argitaletxeek ere, baina orain asko aldatu da dena. Beti idatzi dut nahi izan dudana, eta beti izan naiz harrera kontuan ez hartzeko bezain harroa. Inork ez du zure lanean interferentziarik eragiterik, eta hori da Literatura idaztearen alderik zirraragarriena: zu zara zure lanaren erabateko jabea. Zinema gidoiak ere idazten ditudalako, eta erabat bestelakoa da hori.

Hain zuzen, baduzu filmak egokitzeko egiten diren ikusle probei buruzko beldurrezko ipuin bat.

Bai! Gidoiak egiten dituzunean ez duzu ezer erabakitzerik! Istorioa zuk asmatzen duzu, baina jende pila bat sartzen da gero hari buruzko iritzia ematera, argi teknikariak barne. Istorioa hobetzeko dela esaten dute, baina okertu baino ez da egiten. Sufrimendua da hori niretzat, eta liburuek beti eman didate hortik ihes egiteko aukera.

Oraindik jarraitzen dut Errusian argitaratzen, eta gauzak ziztuan aldatu dira han. Ez dut uste orain idazten ari naizen liburua, adibidez, Errusian argitaratuko dutenik. Gerra hasi zenetik hona indarrean jarri dituzten lege berri batzuk urratzen dituelako.

Sotoan edo atikoan idaztea

«Nagusiki zientzia fikziozko idazletzat dut neure burua». Esaldi horrekin hasi du Anna Starobinetsek bere buruari buruzko autorretratua, Bilbon. «Helduentzako zientzia fikzioa idazten dut, eta umeentzako liburuak ere idazten ditut, eta badut ez-fikziozko liburu autobiografiko bat ere», jarraitu du. Eta, hain zuzen ere, badu basoko animalia batzuei buruz umeentzako idatzitako nobela beltz sail bat ere. Eta maiz erabilitako azalpenek bakarrik duten zorroztasunarekin borobildu du gero bikoiztasun horri buruzko azalpena, neurri batean, bere asmo literarioen aitortza bat ere badena. Azaldu duenez, bi irakurle horientzat idazten duela azaltzeko, maiz erabiltzen baitu «etxearen metafora» deitu duena. 

Etxearen metafora, beraz.

«Etxe horrek soto bat du, ilun antzekoa dena, ezatsegin samarra, eta munstro eta piztia beldurgarriz beteta dagoena. Eta soto horretara jotzen dut helduentzako idazten dudan liburu mota idatzi ahal izateko. Badakit izaki horiekin nola jokatu, badut bertako giltza, eta gai naiz oso azkar mugitzeko. Sartzen naiz, ikusten dut, ateratzen naiz, eta inork ez du minik hartzen. Jendeari gustatzen zaio esperientzia horiei buruz irakurtzea, jenderik gehiena ez delako bere sotora joaten, nahiz eta denok dugun halako zerbait. Eta ongi dago harekin nolabaiteko harremana izatea, han zer gertatzen den jakiteko. Eta, aldiz, umeentzako idazten dudanean atikora joaten naiz, eta han izaki miragarriak daude, txoriak, katuak eta maitagarri moduko batzuk ere bai. Errazagoa da atikora joatea, baina askoz ere interesgarriagoa da sotora joatea. Eta nik etxea dut bizitoki».

Eta zer ari zara idazten?

Nobela bat da. Ehiztariak deituko da. Gazteentzat. Bueno, eta zaharragoentzat ere bai, noski. Zientzia fikzio ukituak dituen misterio kontakizun bat da, gorputz aldaketa asko dituena, eta dena girotu dut Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran. Oso arraroa da egoera. Alde batetik, ezin duzulako gerra aipatu. Eta, beste alde batetik, errusiar hiritar zaren neurrian, behartuta zaudelako zure herrialdea babestera dena delako honetan; ezin dugu gerra bat denik ere esan. Gerra Ekintza Bereziak deitu behar ditugu, GEB akronimoan, eta ongi dago hiru hizki horiek erabiltzea, baina haren alde egiten baduzu bakar-bakarrik, eta, aldiz, kontra bazaude, lege oso garrantzitsu batzuk urratzen dituzu.

Horrez gainera, nobelan badago gorputz aldaketak egiten dituen pertsonaia bat katu bilakatzen dena, eta katu denean heteroa da, baina gizon gorputza duenean homosexuala da, eta LGTBI propagandatzat jotzen du hori egungo legediak. Estremismotzat jotzen dute hori. Argitaratzen badute, ni Georgian bizi naiz, eta, beraz, ez dut uste ni atxilotuko nautenik, baina liburuan parte hartu duten editore, argitaratzaile eta gainerako guztiek kartzelan bukatuko dute, kasu kriminala izango delako. Horiek dira mugak, beraz, baina ez dut haiek betetzeko asmorik.

Eta zer esan nahi du horrek?

Batetik, esan nahi du ez dela Errusian argitaratuko, eta, beraz, ez da errusiar irakurle gehienengana helduko. Desastre bat da hori, nire irakurle gehienak Errusian daudelako. Gainera, gerra hasi baino lehen bururatu zitzaidan trama nagusia. Bi aste lehenago edo. Kontratu handi bat ere sinatu nuen plataforma batekin, liburu moduan ez ezik, atalka, fikziozko irratsaio modura ere zabal zedin, oraintxe Errusian horrek arrakasta handia duelako. Gero, gerra hasi zen, eta sartu egin zen istorioan. Ezin nion izkin egin. Eta orain ez dakit horrekin zer egin. Besteak beste, kontratua sinatu nuenean ez nuelako inongo legerik urratzen, baina orain bai. Hori borratzeko eskatzen badidate, ezetz esango dut, eta orduan...

Eskandalua sortu zuen Errusian gaixotasun baten ondorioz hilda jaio zen zure haurrari buruzko ez-fikziozko liburuak ere. Besteak beste, osasun sistemaren hutsuneak argi salatzen zenituelako. Apaldu da eskandalu hori?

Gerra hasi ondoren argi geratu da arrazoi berberek eragin zutela eskandalu hura ere. Bizitza ulertzeko gure sobietar inperioko era tradizionalaren aurkako erasotzat hartu zuten. Oso ikuspegi liberala nuelako, besteak beste, nire giza sentimendu eta ideiak kontuan har zitezen proposatzen ari nintzelako. Indartsua izan behar nukeela eta isildu egin behar nukeela esaten zuten, ez nukeela, errusiar esaera batek dioen bezala, zaborra etxetik kanpo atera behar, horixe egiten ari nintzelako, haien begietara, errusiar zaborra mundu guztiari erakutsi.

Modu batera edo bestera, antiabertzale izatea leporatzen dizute, beraz.

Liburua gorrotatu zuten idazle eta kritikari guztiak orain SESBen berpizkundearen edo dena delakoaren alde ari dira. Existitzeko bi moduren arteko talka bat da hau, eta liburu hori izan zen [irribarrez] herrialdearen etsai bilakatzeko egindako lehen urratsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.