Donostiako 51. Jazzaldia

«Ez dut sinisten etiketetan, ezta 'jazz' hitzean ere; dena da musika»

Steve Coleman saxo jotzailea aspaldian bere taldea osatzen duten musikariekin aritu da Donostiako Trinitate plazan. Elkar ulertzea eta lan gogorra jo ditu inprobisatzeko gakotzat

Steve Coleman saxofoi jotzaile estatubatuarra, atzo, Donostian, goizean egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Jazzaldia ez zaio arrotza Steve Colemani. Saxo jotzaile estatubatuarra 1994. urtean izan zen lehen aldiz jaialdian, eta beste hirutan itzuli da ordutik Donostiara. Bosgarrenez, eta orain dela 22 urteko lehen aldi hartako leku berean, Trinitate plazan, kontzertua eskaini zuen atzo gauean.

Coleman & Five Elements izenburupean aritu ziren saxo jotzailea eta haren taldea iluntzeko emanaldian. Taldeko beste lau kideekin jotzen luze daramala azaldu zuen goizean egindako agerraldian: duela hogei urte hasi zela Sean Rickmar bateria jotzailearekin, orain dela 18 Anthony Tidd baxuarekin, 16 Jonathan Finlayson tronpetariarekin, eta azken sei urteetan dabilela Miles Okazaki gitarristarekin. Denak direla New Yorkeko auzune berekoak, eta, beraz, ongi ezagutzen dutela elkar. Garrantzitsua da hori, zer egiten duten kontuan hartuta. Inprobisazioan baitu oinarria haien jotzeko erak, baina, hitz hori baino, espontaneotasuna terminoa nahiago du Colemanek beren jarduna azaltzeko. Hala definitzen du konposizioak egiteko bere era ere, jotzen duen taldearen araberakoa izaten dela dioen arren. «Baina prozesua berbera izaten da gehienetan. Ni beti irudi batetik abiatzen naiz: buruan zer egin edo esan nahi dudan irudikatzen dut. Adibidez, [melodia bat abesten hasi da], halako zerbait egin, eta grabatu egiten dut, eta ondoren gehitzen diot beste melodia edo erritmoren bat... Baina prozesua beti hasten da irudi batetik».

Talde txikian eta musikari ezagunekin aritzeak ahalbidetzen du hori, haren ustez. «Musikari handi asko eta asko daude New Yorken, baina uste dut gutxik balioko luketela nire bandarako, sentsibilitate berezia behar baita horretarako». Elkar ulertzea baita gakoa, haren ustez. «Musika elkarrizketa bat da, bi norabidetakoa gainera: beste musikarienganakoa eta publikoarenganakoa. Norekin hitz egingo duzun kontuan hartu behar duzu, eta, beraz, zure taldeko musikariek gai izan behar dute musika hau jotzeko».

Alde horretatik, azaldu zuen publikoarekiko harremanetik ez duela ezer espero aldez aurretik. «Unearen, lekuaren eta jendearen araberakoa da gure emanaldi bakoitza. Noski, badakigu zer egin nahi dugun, eta asko prestatzen dugu, baina inprobisazioan asko aritzen gara, eta egoera bakoitzera moldatuz joaten gara». Norbaitekin lehen aldiz hitz egitearekin parekatu ditu emanaldiak. «Ez dakit zein den pertsona hori, ez dakit zer esango didan; beraz, elkarrizketa nola garatzen den ikusi behar da». Esan zuen beste talde batzuekin plan oso bat eginda atera izan dela oholtza gainera, baina bere taldearekin ez dela hala aritzen. «Batzuetan, gauza zaharrak jotzen ditugu; beste batzuetan, berriak; eta denak nahasten ditugu beste zenbaitetan. Emanaldi bakoitza beti da zerbait berria eta desberdina».

Dena den, garbi utzi zuen ez direla jarduten ezerezaren gainean. «Urte askotako lan gogorra» dagoela atzean, batetik. «Hau ofizio bat da. Ez dakit nola egiten duen zapatariak, baina egiten du, maisu zapatari bat izango zuen. Eta gu ere tradizio luze baten atzetik gatoz: iraganarekin lotuta gaude». Eta aurreko belaunaldietako musikariek egindakotik edaten dutela, bestetik. Thad Jones, Mel Lewis, Sam Rivers eta Dizzy Gillespie aipatu zituen maisutzat jotakoen artean, baina Von Freeman nabarmendu zuen besteen gainetik —bera bezala, Chicagokoa eta saxo jotzailea zen—. Bere etxe inguruko kale kantoi batean aritzen zen jotzen Freeman, eta ia egunero entzuten zuen. «Ez zidan inoiz lezio bakarra ere eman, baina esango nuke nire maisurik handiena izan dela».

Musika ulertzeko modua

Saxoaren jeinutzat eta abangoardiako jazzaren barruan joera berrien sortzailetzat jotzen dute askok Coleman. Baina azaldu zuen berak ez duela maite estiloez hitz egitea, baizik musikaz, hizki larriz. «Ez dut sinisten etiketetan. Hau Donostiako jazz jaialdia da, ezta? Bada, jazz hitzean ere ez dut sinisten; dena da musika niretzat, besterik gabe». Eta, kazetariek galdetuta, azaldu zuen berak musika nola ulertzen duen, nahiz eta aitortu «zaila» egiten zaiola. «Musikaria naiz, eta musika da adierazteko nire lengoaia, margolaria banintz margotzea izango litzatekeen modu berean. Horregatik diot: ez naiz estiloez aritu zalea; musikaz ari naiz hizketan».

Bere inspirazio iturri nagusiak, berriz, naturan topatu ohi dituela azaldu zuen. «Natura da nire inspirazio iturria. Inguruan ikusten ditudan gauzek, zeruak, lurrak, izarrek... inspiratzen naute. Mistikoa da hori? Bai, ez, ez dakit... Ez diot zentzu metafisiko batean, niretzat normala den zerbait baita. Zerk mugiarazten gaituen misterio bat da, baina naturala da hala ere niretzat, misterio naturala». Gogoetan jarraitu zuen tarte batez, baina umorez. «Galdera sakona izan da. Beste musikariei ere horrelakoak egiten dizkiete?», galdetu zuen. «Jende sakona zarete, ba», gehitu zuen, irribarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.